Sanchez Galanek Villarejoren biktima gisa aurkeztu du bere burua epailearen aurrean

Iberdrolako buruak inputatu gisa deklaratu du Espainiako Auzitegi Nazionalean, komisarioaren espioitza auziekin lotuta. Esan du berak ez zuela baimenik eman

Sanchez Galan, laugarrena ezkerretik, Espainiako Auzitegi Nazionalera iristen, atzo. ZIPI / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Epailearen aurrean ostrukarena egin du Ignacio Sanchez Galanek. Zabaldu denaren arabera, Iberdrolako presidenteak onartu du Juan Manuel Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiaren enpresetako bat kontratatu zuela, baina ukatu du leporatzen dizkioten helburuetarako egin izana hori, eta azpimarratu du hala izan bazen berak ez zuela eman horretarako agindurik edo baimenik; hala, edozein erantzukizun kendu du bere gainetik. Horrekin batera, azaldu du dakienaren arabera Iberdrolak Villarejorekin sinatutako lan guztiak legezkoak izan zirela, eta faltsuak direla hori zalantzan jarri duten akusazioak.

Ikerketaren arabera, 2004 eta 2012 bitartean Iberdrolak hainbatean kontratatu zituen Villarejoren zerbitzuak, sektore bereko lehiakideak zelatatzeko, administrazioekiko harremanetan laguntzeko, eta Sanchez Galanek konpainian zuen boterea sendotzeko, besteak beste. Horretarako, Villarejoren Cenyt enpresak legez kanpoko espioitza metodoak erabili zituen, mehatxuak eta beste.

Sanchez Galan Espainiako Auzitegi Nazionalean izan zen atzo. Ateak itxita deklaratu zuen, ikertu edo inputatu gisa. Epaileari esandakoetatik, berri gutxi: espero zitekeen defentsa estrategia bati dagozkion adierazpenak, oro har. Atzo, argazkiak zuen garrantzia. Sanchez Galan saiatu zen komunikabideen fokuei izkin egiten, eta deklarazioa telematikoa izan zedila eskatu zuen, baina epaileak ez zuen onartu. Ikertu gisa sartu zen auzitegiko atetik, eta ikusteko dago auzipetu gisa itzuli beharko duen berriz, ala haren aurkako akusazioa artxibatzen duten.

Besteena da erantzukizuna

Villarejo hainbat urtez aritu zen lanean Espainiako politikako eta ekonomiako pertsona boteretsu askorentzat, eta haren paperek eta adierazpenek guztiak zipriztindu dituzte, baita Euskal Herriko enpresa nagusietako bat ere. Villarejoren itzala handia da, 30 auzibide baitauzka zabalik,PPren legez kanpoko finantzaketarekin loturikoak eta Espainiako errege ohi Juan Carlos Borboikoaren negozioei buruzkoak, besteak beste.

Beste enpresaburu batzuek ere deklaratu dute epaileen aurrean. Adibidez, Repsoleko presidente Antoni Brufauk, Caixabankeko presidente ohi Isidro Fainek etaBBVAko presidente ohi Francisco Gonzalezek. Aurreneko bien kasuak artxibatu egin dituzte, eta Sanchez Galan haien defentsa estrategia bera erabiltzen ari da: Villarejorekin hartu-emanak izan zituztela onartzea, baina erantzukizuna konpainiako beste buru batzuen bizkarrean uztea, ezer ez zekiela argudiatuta.

Hala, atzo, epailearen aurrean, Sanchez Galanek azpimarratu zuen enpresako sail bakoitza gaituta dagoela erabakiak modu autonomoan hartzeko, eta horregatik ez zuela inoiz ezer jakin komisario ohiarekin egin zitzaketen kontratuez. Epailearen, fiskalaren eta defentsaren galderei erantzunez, gaineratu zuen «kontratazio bidegabe» horien erantzukizuna segurtasuneko buru Antonio Asenjorena izan zela, norbaitenak izan baldin bazen.

Herenegun, Rafael Orbegozo Iberdrolako Presidentetza Kabineteko buru ohiak deklaratu zuen, eta esan zuen bere karguan egon zenean ez zuela gainbegiratu salatutako enkarguekin lotutako fakturarik, eta baimendu zituenak bat zetozela kontzeptu errealekin eta zuzendariek egindako bidaiekin. Bertsio hori ez dator bat Asenjok adierazitakoarekin: hark esan zuen Orbegozok fakturak manipulatu zituela bat etor zitezen zerbitzu horiekin.

Jose Antonio del Olmo Iberdrolako Funtzio Korporatiboen Kontrolerako burua da beste inputatuetako bat. Sanchez Galanek hari buruzko aipamen berezia egin zuen. Del Olmoren deklarazioa dago Iberdrolako presidentearen inputazioaren oinarrian. Faktura batzuk ordaintzeko, Sanchez Galanen oniritzia jaso zuela adierazi zuen. Iberdrolako presidenteak adierazi zuen salaketa hori faltsua dela eta horren frogarik ez dagoela. Horrez gain, Del Olmok txosten bat egin zuen Villarejorekin egindako kontratuen irregulartasunei buruz, baina horren berri hamalau urte geroago eman zuela azpimarratu zuen Sanchez Galanek, eta gogoratu zuen orain dela gutxi Bilboko epaitegiak zigortu egin duela dokumentazioa lapurtzeagatik.

Florentino Perezen «itzala»

Sanchez Galanek deklaratu aurretik Iberdrolak ohar bat zabaldu zuen. Galanen inputazioaren atzean «kanpaina sistematiko» bat dagoela esan zuen, eta horren «helburu bakarra» multinazionala eskuz aldatzea dela. Hori guztia enpresari min egiten ari zaiola azpimarratu zuen, inbertsoreak eta proiektuak aldendu baititu.

Interes horrekin lotuta, izen bat aipatu zuen: Florentino Perez ACS eraikuntza enpresako eta Real Madril futbol taldeko presidentea. 2009an, Iberdrolako buru izateko urratsa egin zuen, eta, ikerketaren arabera, konpainiak Villarejoren zerbitzuak kontratatu zituen hori eragozteko. Iberdrolak, ordea, azpimarratu du auzibidean Perezek ez duela frogatu kalte egin diotenik eta bai, ordea, Sanchez Galani kalte egiteko interesa duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.