Sanchez Galan hautatu dute berriz Iberdrolako presidente, 2027ra arte

Zuzendaritzak aurkeztutako proposamen guztiak onartu dituzte akziodunen batzar orokorrean. Langileen erosahalmena %11 apaldu dela salatu dute sindikatuek.

Jose Ignacio Sanchez Galan, gaurko akziodunen batzar orokorrean. IBERDROLA
inaut matauko rada
2023ko apirilaren 28a
13:27
Entzun

Iberdrolaren akziodunen batzar orokorra egin dute gaur Bilbon, eta aurrerantzean ere presidentea Jose Ignacio Sanchez Galan izatearen alde bozkatu dute, 2027ra arte. Konpainiak adierazi du enpresaren gestioak akziodunen «babes handia» izan duela, eguneko puntu bakoitzaren alde bozkatu baitute batez beste %98k. Armando Martinezek ere kontseilari ordezkari jarraituko du.

Akziodunen %72k parte hartu dute batzarrean, eta dibidenduetan akzio bakoitzeko 0,49 euro banatuko ditu, iaz baino %10 gehiago. Jakinda 6.400 milioi akzio baino gehiago dituela, 3.130 milioi euro inguru banatuko ditu. Merkatu kapitalizaziorik handiena duen Europako enpresa elektrikoa da Iberdrola, eta munduko bigarrena —76.000 milioi euroko balioa du—; 2001ean baino zazpi bider handiagoa da enpresa.

Finantzei dagokienez, enpresa ondo dagoela nabarmendu du Sanchez Galanek, Iberdrolaren zorraren %75 interes tasa finkokoa baita. Bestalde, 21.000 milioi euroko likidezia dutela adierazi du, datozen bi urteko behar finantzarioak estaliz.

Iazko akziodunen batzarrean, zuzendarien soldatei buruzkoa izan zen punturik gatazkatsuena, eta akzioen ia %25 ordezkatzen duten titularrek soldata planaren aurka bozkatu zuten. Bilerak egin dituzte azkenaldian, eta, gaur, babes zabala jaso du zuzendarien soldata planak: %97 alde agertu dira.

Konpainiak adierazi du azken hogei urteetan 140.000 milioi euro inbertitu dituela «energia garbietan», eta erantsi Iberdrola trantsizio energetikoaren «abangoardia» dela munduan. Itsasoko haize errotek garrantzia hartuko dute datozen urteetan Iberdrolaren plan estrategikoan, eta 11.000 milioi euro jarriko dituzte horretarako. Hiru urtean 12.000 pertsona kontratatuko dituztela kalkulatu du.

Soldata igotzeko eskaerak

ELAk alde batetik eta UGTk eta CCOOk beren aldetik elkarretaratzeak egin dituzte Bilboko Iberdrola dorrearen aurrean, enpresako langileen egoera salatzeko. Izan ere, ELAren arabera, Iberdrolako langileen erosahalmena %11 apaldu da azken bi urteetan, eta, garai berean, enpresak 8.000 milioi euro irabazi ditu.

ELAren protesta, batzarraren aurrean. Monika del Valle / FOKU

600.000 akzio baino gehiago ordezkatzen dituzten jabeen babesa lortuta, ELAk tarte bat izan du batzarrean hitz egiteko, eta langileen egoerari buruzko kezkak azaldu ditu. Horren aurrean, Galanek adierazi du lan harremanen inguruko kezka guztiak dagokion taldeari helaraziko dizkiola, «elkarrizketa» bidez adosteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.