Iberdrolaren akziodunen batzar orokorra egin zuten atzo Bilbon, eta aurrerantzean ere presidentea Jose Ignacio Sanchez Galan izatearen alde bozkatu zuten, 2027ra arte. Konpainiak adierazi zuen enpresaren gestioak akziodunen «babes handia» izan duela, eguneko puntu bakoitzaren alde bozkatu baitzuten batez beste %98k. Armando Martinezek ere kontseilari ordezkari jarraituko du.
Akziodunen %72k parte hartu zuten batzarrean, eta konpainiak dibidenduetan akzio bakoitzeko 0,49 euro banatuko ditu, iaz baino %10 gehiago. Jakinda 6.400 milioi akzio baino gehiago dituela, 3.130 milioi euro inguru banatuko ditu. Merkatu kapitalizaziorik handiena duen Europako enpresa elektrikoa da Iberdrola, eta munduko bigarrena —76.000 milioi euroko balioa du—; 2001ean baino zazpi bider handiagoa da enpresa.
Finantzei dagokienez, konpainia ondo dagoela nabarmendu zuen Sanchez Galanek, Iberdrolaren zorraren %75 interes tasa finkokoa baita. Bestalde, 21.000 milioi euroko likidezia dute, datozen bi urteko behar finantzarioak estaliz.
Iazko batzarrean, zuzendarien soldatei buruzkoa izan zen punturik gatazkatsuena, eta akzioen ia %25 ordezkatzen zuten titularrek soldata planaren aurka bozkatu zuten. Bilerak egin dituzte azkenaldian, eta, atzo, babes zabala jaso zuen zuzendarien soldata planak: %97 alde agertu ziren.
Konpainiak adierazi zuen azken hogei urteetan 140.000 milioi euro inbertitu dituela «energia garbietan», eta erantsi Iberdrola trantsizio energetikoaren «abangoardia» dela munduan. Itsasoko haize errotek garrantzia hartuko dute datozen urteetan Iberdrolaren plan estrategikoan, eta 11.000 milioi euro jarriko dituzte horretarako. Hiru urtean 12.000 pertsona kontratatuko dituztela kalkulatu du.
Soldata igotzeko eskaerak
ELAk, alde batetik, eta UGTk eta CCOOk, bestetik, elkarretaratzeak egin zituzten Iberdrola dorrearen atarian, langileen egoera salatzeko. Izan ere, ELAren arabera, Iberdrolako langileen erosahalmena %11 apaldu da azken bi urteetan, eta enpresak, berriz, 8.000 milioi euro irabazi ditu.
ELAk langileen egoerari buruzko kezkak azaldu ditu batzarrean, eta Galanek erantzun du kezka guztiak dagokion taldeari helaraziko dizkiola, «elkarrizketa» bidez adosteko.
Sanchez Galan hautatu dute berriz Iberdrolako presidente, 2027ra arte
Proposamen guztiak onartu dituzte akziodunen batzar orokorrean. Langileen erosahalmena %11 apaldu dela salatu dute sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu