Samarasek ez du lortu Merkel konbentzitzea denbora gehiago emateko

Greziak eurogunean jarraitzea nahi du Merkelek, baina eurotik irteteak zer ekarriko lukeen aztertzen ari da

2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Angela Merkel Alemaniako kantzilerraketa Antonis Samaras Greziako lehen ministroak bakoitzak bereari eutsi dio. Europako Batasunak eskatutako erreformak betetzeko denbora gehiagoren eske dabil Samaras Europan egiten ari den itzulian; Merkelek, baina, ez dio eman nahi horretarako laguntzarik. Izan ere, jarritako baldintzak betetzeko eskatu dio, nahiz eta aldi berean, dioen Grezia euroguneko kide izaten jarraitzearen aldekoa dela. Berlinen bildu ziren bi agintariak, atzo.

Merkelen esanetan, egungo krisi ekonomikoa «neurri handi batean» konfiantza krisia da. Hori dela eta, iritzi dio galdutako konfiantza berreskuratu behar dela. Hori lortzeko beharrezko ikusten du herrialde guztiek, Greziak barne, «eginbeharrak betetzea». Samarasek adierazi du Greziak ez duela behar «diru gehiago», baizik eta doikuntzak egiteko «aire gehiago». Bi urte gehiago nahi ditu murrizketak egin, eta 2014tik 2016ra BPGaren %3ko defizita lortzeko.

Merkelek Grezia euroguneko kide izaten jarraitzea nahi duela dioen arren, Alemaniako Finantza Ministerioak baieztatu egin du lan talde bat duela Grezia eurogunetik irteteak sor lezakeen egoera aztertzeko. Martin Kotthaus Finantza ministroak dio gobernuak aukera posible guztiak aztertu behar dituela, nahiz eta «gertagaitzak» izan.

Azken hilabeteetan, Grezia eurotik ateratzeari beldurra galdu dute Alemaniako Gobernuko koaliziokideek. Atzo bertan koalizio horretako CDU/CSU talde parlamentarioko presidente Volker Kauderrek adierazi zuen ez litzatekeela izango arazorik Grezia eurotik aterako balitz.

Batek arre, eta besteak so. Troikaren txostenaren zain dago Merkel eman beharreko pausoak zehazteko. Beltzez jantzitako gizonen —Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatutako taldea— azterketaren emaitzak irailaren amaierarakoedo urriaren hasierarako espero dituzte.

Datu horiek jakin bitartean, Samarasek esan du Greziak eskatutakoa «beteko» duela. Modu berean, uste du troika herrialde horretan kontu publikoen inguruan egiten ari den azterketa orain arte egindako «esfortzuen» aldekoa izango dela.

Murrizketak, ezbaian

Troikaren emaitzen arabera emango dio Europako Batasunak Greziari onartutako laguntzaren hurrengo zatia: 31.000 milioi euro. Baina Merkelek eta Europak eskatutako murrizketek gehiago uzkurtuko dute Greziako ekonomia. Greziako BPGa %6,9 uzkurtu zen iaz, eta uste dute bide beretik joango delaaurten ere.

Samarasen hitzetan, Grezia jada ari da betetzen ezarritako baldintzak. Hala, defizita murrizteaz gain, fidagarritasunaren inguruko zalantzak uxatzen ere ari dela gaineratu du. Kontuak kontu, haren arabera, izandako bilera «oso emankorra» izan da, eta bi herrialdeen arteko harremanetan «hasiera berri bat» izango da.

Ez Greziako oposizioko alderdientzat. Guztiak daude Merkelekin izandako bileraren emaitzaren kontra: «Lehen ministroak duen guztia eskaintzen du, trukean Merkelen aldetik ezer jaso gabe». Hori horrela, Merkelek azaldu du Frantzia eta Alemania Greziari laguntzeko prest daudela, eta horretaz jabetzeko aukera izango duela Samarasek gaur François Hollande Frantziako presidentearekin biltzean.

Negoziazioak ukatuz

Reuters albiste agentziak zabaldu du Espainia Bruselarekin ekonomia osoaren erreskatea negoziatzen ari dela. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak, baina, ukatu egin du. Espainiako finantza erakundeentzako erreskatea negoziatzen ari zirela ere, ukatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.