Salmentak %18 handitu arren, Eroskik dirua galdu zuen 2008an, lehen aldiz

Capraboren integrazioak eta inoiz baino saltoki gehiago irekitzeak eragin dituzte galerak

Iker Aranburu.
Donostia
2009ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Ia berrogei urteko historian lehen aldiz, Eroskik zenbaki gorriekin amaitu zuen 2008a. Kontsumo kooperatibak 97 milioi euro galdu zituen, bere diru sarrerak nabarmen igo arren ezin izan zituztelako inbertsioak eta gastuak estali.

Galerei garrantzia kendu die Eroskik, eta urtea ona izan dela ziurtatu du, hedabideetara igorritako agiri baten bidez. Izan ere, Elorrioko kooperatibak nabarmendu du bere salmentak %18 handitu direla, 9.013 milioi euro bitarte. Taldearen enpresa nagusiak, Eroski Kooperatibak, 208 milioi euro irabazi zituen.

Taldearen emaitza operatiboa -zorraren interesen,amortizazioen eta zergen ordainketa kontuan hartu gabeko emaitza- 370 milioi eurokoa izan da, 2007koa baino %7 txikiagoa, baina krisiaren ondorioz mozkinen tartea txikitu izanari egotzi dio hori.

Iazko galerak hiru arrazoirengatik izan direla dio Eroskik. Batetik, iaz amaitu zuen Capraboren integrazioa, eta kostu handia izan du supermerkatu kate katalan horren 500 dendak Eroskira egokitzea.

Bigarrenik, 2008an inoiz baino saltoki gehiago ireki ditu Eroskik -164; horietako asko, handiak-, eta horrek baliabide asko xahutu ditu, eta finantza gastu handiak eskatu ditu.

Hirugarrenik, batez ere higiezinen merkatuan dagoen krisia dela eta, Eroskik ez du lortu salgai jarri dituen bost merkataritza gune saltzea. Gainera, kontabilitatean egin beharreko aldaketa batzuengatik, ezin izan ditu balantzean sartu 12 hipermerkaturen salmentagatik eskuratutako 361 milioi euro. Saltoki horien truke diru freskoa lortu ondoren, alokairuan hartzen ditu Eroskik, sale and leaseback deitutako operazioaren bidez.

Zorra arindu nahian

Aurten eta datozen lau urteetan, Eroskik mugatu egingo ditu inbertsioak eta saltoki berrien irekitzeak, eta zorra gutxitzeari emango dio lehentasuna. Urtarrilaren 31n 2.147,8 milioi euroko zorra zuen Eroskik, horietatik1.125milioi Capraboren %75 erosteko pilatutakoa. Eroski zor horren ordainketa negoziatzen ari da banku hartzekodunekin.

2008aren amaieran, Eroski taldeak 2.420 saltoki zituen. 52.711 langileetatik 14.733 dira kooperatibistak, 2007an baino 1.475 gehiago. 2008an, eskaintza bereziei esker, Eroskiko bezeroek 108 milioi euro aurreztu dituztela ziurtatu du.



Zenbakia

-%6,7

Salmentek, behera. Datuek baieztatu dute 2009a zaila izango dela saltokientzat. Eustatek dio lehen hiru hilabeteetan txikikazko merkataritzako salmenta %6,7 jaitsi dela EAEn, eta handizkakoa, %22,7.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.