Ticket Bai sistemak erabat nahastu du giroa Gasteizen, Blusen egunerako zortzi egun eta Andre Maria Zuriaren jaietarako bi aste falta direla. Izan ere, Gasteizko Txosna Batzordeak salatu du Arabako Foru Aldundiak Ticket Bai sistemara atxikitzera derrigortu nahi dituela, eta ohartarazi dute baldintza horrekin aurten ezingo dutela txosnarik jarri.
Txosna Batzordeak adierazi du jai herrikoiak beste edozein jarduera ekonomikorekin parekatu nahi dituela aldundiak. Uste dute hori «bidegabea» eta «arduragabea» dela, urte luzez iraun duen eta «erreferente» den jai eredua «kolokan» jar dezakeelako. Izan ere, gogorarazi dute txosnen atzean «borondatezko lana» dagoela.
«43 urtetan milaka izan dira Gasteizko Txosnetan modu batean ala bestean ekarpen boluntarioa egin duten gasteiztarrak, eta beste hainbeste izan dira guneaz eta eskaintzaz gozatu duten herritarrak», adierazi dute batzordeko kideek, aldundiaren aurrean egin duten agerraldian. Eta zera gehitu dute: «Egun, ezingo genituzke Gasteizko jaiak txosna gabe ulertu».
Gogorarazi dute, halaber, jada kontzertu eta ekitaldi eskaintza sorta bat prest dutela bi aste barru hasiko diren jaietarako —abuztuaren 3tik 9ra arteko egitaraua prestatu dute—. Horregatik, ulertezin zaie orain aldundiak txosnen jarduerari «trabak» jarri izana; are gutxiago, zerga iruzurraren «aitzakia» erabilita. Bada, aldundiari «arduraz jokatzeko» eta erabakian atzera egiteko eskatu diote: «Borondate politikoa eskatzen diogu aldundiari, jai herrikoiak ez oztopatzeko eta aterabidea erdiesteko».
Aldundia, tinko erabakian
Arabako Foru Aldundiak, baina, tinko eusten dio erabakiari, eta ez dirudi atzera egingo duenik. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak egunotan behin eta berriz errepikatu baitu Ticket Bai sistema erabiltzea «derrigorrezkoa» dela, «salbuetsita daudela egiaztatzen ez badute». Izan ere, iruzurrari aurre egiteko eta jardun ekonomikoa kontrolatzeko indarrean den arauak salbuespen batzuk jasotzen ditu.
Esaterako, Ticket Bai erabiltzetik salbuetsita daude irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta sozietate zerga ordaintzetik salbuetsita daudenak. Hor sartzen dira, besteak beste, kultur, kirol edo gizarte elkarteak, betiere interes orokorreko jarduerak dituztenak. Egoitza fiskala Arabatik kanpo duten elkarteak ere salbuetsita daude Ticket Bai erabiltzetik.
Edozein kasutan, salbuespena ez da modu automatikoan ezartzen; elkarte edo zergadun bakoitzaren esku geratzen da ogasunarekin egiaztatzea. Gainontzean, behartuta egongo dira erabiltzera. Izan ere, Gonzalezek gogorarazi du salbuespena zergadunari dagokiola, eta ez jarduerari: «Ez dago ezberdintasunik txosnen eta beste edozein jarduera ekonomikoren artean».
Izan ere Araban, Bizkaian bezala, txosnak jarduera ekonomiko gisa hartzen dira. Hala gogorarazi zuen aldundiak, ohar bidez: «Jarduera ekonomikotzat hartzen dira jendeari oro har edariak eta janaria saltzea, bai eta elkartearen egoitzan edo aldi baterako esparruetan programatzen diren ikuskizunetarako sarrerak saltzea ere, hala nola txosnak edo azoka txikiak». Horrek esan nahi du derrigortuta daudela ez soilik faktura elektronikoaren sistema —Ticket Bai— erabiltzera, baita jarduera ekonomikoaren aitorpena egin eta dagokion zerga ordaintzera ere.
Maiatzaren amaieran, Bizkaiko jai herrikoien aldeko mugimenduko jai batzordeek gaitzetsi egin zuten 2025etik aurrera Ticket Bai derrigorrez erabili behar izatea, haien ustez, jai herrikoiak «arriskuan» jarriko dituelako.
Ikusi gehiago