Sindikatuek patronalei eta erakundeei egotzi diete lan istripuen ardura. Gaur, Bilbon, Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte lelopean mobilizatu dira LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuak, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik Confebaskeraino.
Urtea hasi zenetik, hamalau lagun hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela. Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak gogoan izan ditu, eta azpimarratu du ez dela egoera puntual bat, «buelta ematea lortzen ez den joera baten adierazle gordinena» baizik. Gogorarazi du lan istripu gehien gertatzen den sektoreetan geroz eta langile gutxiagok egiten dutela lan, baina ezbehar kopurua ez dela murrizten.
Lan osasunaren inguruko datu bat eman du: OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, minbizien %30 eta %40 artean lanak eragindakoak dira. Defendatu du hori saihesteko prekaritateari mugak behar zaizkiola, formakuntza hobetu behar dela, eta, batez ere, prebentzio neurrietan arreta handia jarri behar dela.
Patronalei prebentzio legedia ez betetzea egotzi die. Aranbururen arabera, hori zigorgabe geratzen da, «bizitzako beste eremuetan pentsaezina den zerbait». «Arduragabekeria horrek langileen heriotza eta gaixotasunak eragiten ditu», gehitu du. LABek uste du etekinak lehenesten dituztela, eta beharginen bizitzak eta osasunak «bost axola» diela: «Odol isurketa horren aurrean, absentismoaren gaia ateratzen dute behin eta berriz. Langileen bajek sortzen diete kezka». Ikuspegi produktibista horren aurka ere mobilizatu dira gaur.
Erakundeak, erantzule
Sindikatuek egoeraren erantzule egin dituzte erakunde publikoak, hori guztia euren konplizitatearekin gertatzen delakoan: «Patronalaren interesei kalte ez egiteko, gobernuak ontzat ematen ari dira langileen aurkako indarkeria, hau da, lanean hiltzea eta gaixotzea ontzat ematen ari dira».
Gaur elkartu diren sindikatuek elkarlanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute: besteak beste, egoera salatzeko eta mobilizazioetan arduradunak seinalatzeko; lan osasunaren aldeko borroka indartzeko; eta osasungintzaren pribatizazioaren kontra jarduteko.
Ikusi gehiago