Sakanaren garapena bultzatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Estrategia plan bat egitea, garapen erakundea sortzea eta Sakana premia larriko eskualdea dela onartzea hitzartu du krisiaren mahaiakBildu, NaBai, IU, ELA, LAB eta UGTk bat egin dute, eta babes gehiago espero dituzte

Krisiaren mahaian parte hartu duten eragileak, atzo, Lakuntzan. ANODNI CANELLADA/ ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Lakuntza
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Sakanak etxeko lanak egin ditu. Maiz, Nafarroan eskualde gatazkatsua izatea eta arazoak eragitea leporatu zaio; besteak beste, hala egin zuen maiatzeko hauteskunde kanpainan Yolanda Barcina UPNren orduko hautagai eta orain gobernuko presidenteak. Eskualdeko krisi ekonomiko larria dela eta, ordea, ekainaz geroztik krisiaren mahaia osatu da, eta adostasun handia lortu du konponbideak bilatzeko orduan. Besteak beste, berrindustralizaziorako premia larriko eskualde izendatuta, Nafarroako GobernuariSakanaren garapena bultzatzeko eskatu dio krisiaren mahai horrek. Era berean, egoerari aurre egiteko, 2012ko aurrekontuek baliabide publikoak jasotzea eskatu dute.

Sakanako krisiaren mahaiak bere bide orria diseinatu du, eta hemendik aurrera hitzartutakoa betetzeko bide zaila egitea falta bada ere, lehen pausoa jada eman dute. Izan ere, dokumentuak adostasun handia lortu du. Horren erakusgarri da atzo Lakuntzan, Sakanako Mankomunitatearen egoitzan, emandako prentsaurrekoaren irudia. Eskualdeko eragile gehienak han ziren. Hala, dokumentua hitzartu dute Bilduk, Nafarroa Baik, IUk, ELAk, LABek, EHNEk, UGTk, Sakanako Mankomunitateak eta hainbat udaletako talde independenteek. Sakanako Enpresaburuen Elkarteko Cristina Irisarri ere izan zen atzo Lakuntzan. Enpresaburuen elkarteak laster batzarra egingo du, eta ordura arte ez du dokumentuarekin bat egingo.

Etzi, bilera UPNrekin

«Dokumentu irekia da», nabarmendu du Ruben Goñi Arakilgo alkateak. Izan ere, sinatzaileez gain, krisiaren mahaian parte hartu dute PSNk, UPNk eta PPk, eta oraingoz bat egin ez badute ere, egingo dutela espero dute. Babes horren bila eta euren bide orri horretan aurrera egiteko asmoz, astelehenetik aurrera parlamentuko taldeekin bilduko da krisi mahaiko ordezkaritza bat.

Gainera, erakundeen arteko elkarlana sustatu nahi du krisiaren mahaiak, eta, horretarako, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak ere parte hartzea. Batetik, garapenerako erakunde bat sortzea proposatzen dute sinatzaileek. Bertan, udalek eta mankomunitateak ez ezik, tokia izan dezakete bai gobernuak, bai sozietate publikoek ere, «etorkizuneko jarduerak bultzatzeko, inbertsioak erakartzeko, ekintzaileak sustatzeko, ekoizpen ehuna babesteko...».

Bestetik, Nafarroako Gobernuak Sakanaren berrindustrializaziorako neurriak ezartzea proposatzen dute dokumentuan, eta «lankidetza egonkorra» sor daiteke gobernuaren, udalen, mankomunitatearen eta garapen erakundearen artean. Neurri horiek finantzatzeko, 2012ko aurrekontuak kontu sailak sartzea espero dute, eta horrek eskatzen du UPNk eta PSNk bat egitea. Hor egon daiteke zailtasun handiena.

Premiak eta helburuak zehazteko, epe erdirako eta luzerako plan estrategiko bat landu nahi du krisiaren mahaiak, Sakanaren garapenerako sektore ekonomikoen indarguneak, ahuleziak, mehatxuak eta aukerak zehaztuta. Plan estrategikoak garapenaren alderdi soziala barneratzea ere beharrezkotzat jotzen du mahaiak; lanik gabe aspalditik daudenen eta gazteen egoera kontuan hartuta, adibidez.

Egoera ekonomikoaren larritasunak eraman ditu eragile guztiok adostasuna lortzera. Sakanak %20 inguruko langabezia tasa du gaur egun, Nafarroako batez bestekoa ia halako bi. Enpresen itxieren eta ekoizpenaren lekualdatzeen ondorioz, gainera, industria ehunaren %15 galdu du. «Uste dugu lanpostu galera ez dela amaitu, eta iraupen luzeko langabezia tasa handiak egoera okertu dezake», ohartarazi du Goñik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.