SAGARDOTEGIAK, TXINPARTA GALDUTA

Hasi berri da sagardotegi denboraldia, eta azken biak ekonomikoki eskasak izan baziren ere, begi onez begiratzen diote aurtengoari sagardogileek. Tentuz jokatu nahi dute, hala ere; egoerara egokituz. Horregatik, urtarrilaren 28aren zain daude, orduan erabakiko dira aurrera begirako urratsak.

Aurtengo sagardotegi denboraldiaren aurkezpenean, pitxerra sagardoz betetzen. JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Apar gutxirekin bukatu zituzten sagardotegiekazken bidenboraldiak; pandemiak baldintzatuta, alegia. Hasi berri da aurtengoa, eta gutxinaka egoera normaltasunera itzuliko delako esperantzaz bizi dira sagardo munduaren erdigunean, Astigarragan eta Hernanin (Gipuzkoa). Hala ere, tentuz ibili nahi dute aurten ere, unean uneko egoerara egokituz.

Astigarragako Gurutzeta sagardotegiko nagusia da Joxe Angel Goñi, eta aurreko bi denboraldiak ekonomikoki «oso eskasak» izan zirela dio, «2021ekoa batez ere». Azaldu du 2020. urtekoa martxoan eten behar izan zutela, pandemia zela medio, «baina bere txarrean konformatzeko moduan joan zen denboraldia», gehitu du.

Pandemiari aurre egiteko neurriek txotx egitea debekatzen dute, eta Goñik uste du horrek sagardogintza erabat aldatzen duela: «Gaur egun, txotxa beharrezkoa da sagardogintzan». Botilako sagardoa izan da sagardotegien salbazioa bi urte hauetan, «baina zaila egiten da botilaren salmenta errentagarri bihurtzea».

Goñiren arabera, alde handia dago lehengo sagardotegi denboralditik gaur egungora. Sagardoa mahaira eraman behar dute, mahai bakoitzeko hamar lagun eseri daitezke, eta %60ra murriztu diete gehienezko edukiera. Gainera, COVID ziurtagiria ere eskatu beharrean daudela dio Goñik: «Neurri asko bete behar ditugu oraindik, egoera normalean bete beharko ez genituzkeenak». Baina, hala ere, denboraldi berria esperantzaz eta gogo handiz hasi dutela ziurtatu du.

Bat dator Goñirekin Astigarragako Oialume Zar sagardotegiko Ander Barrenetxea. Dioenez, iazko denboraldia lazgarria izan zen sagardotegientzat, eta galera ekonomiko handiak izan dituztela azaldu du: «Hainbat alditan itxi behar izan genuen, gero sagardotegi bat berriro ere martxan jartzeak duen gainkargarekin».

Barrenetxeak dio beldurra diotela datorren denboraldiari, ez baitiote azken bi urteetan jasandakoari berriro ere aurre egin nahi: «Ezarri dizkiguten neurrietara eta ohitura berrietara egokitzeko beharrak lanaren gehiegizko zama ekarri digu».

Bi urtez «etengabe ezegonkor» egon direla kexu da Barrenetxea. Hala ere, egoerarik latzenetan egon direnean etxez etxeko zerbitzua jarri zuten martxan Oialume Zar sagardotegian, eta Barrenetxeak dio pozik daudela jendearengandik jasotako erantzunarekin.

Goñiren antzera, Barrenetxeak nabarmendu du sagardotegi batek txotxa beharrezkoa duela, eta adierazi du eserita kontsumitu behar izatea «aldaketa nabarmena» dela. Dena den, Barrenetxearen esanetan, eserita kontsumitzeak ez dio sagardoa probatzea galarazten bezeroari: «Gure etxean, eserita ere kupel guztietako sagardoa probatu dezake etortzen den orok».

Denboraldi berria ilusio handiz hasi dutela baieztatu du Barrenetxeak: «Lan egiteko beharra dugu». Baina, hala ere, aurreko bi denboraldien ondoren «zuhurtziaz» jokatu nahi dute. Hala, egoerak hobera egin dezakeela uste du Oialume Zarreko nagusiak, eta bide horretan, etorkizun «ahalik eta laburrenean» zutikako txotxa itzuliko delako itxaropena du: «Txotxa baimentzen digutenean, dena konpontzen ari den seinale izango da».

«Azken bi sagardotegi denboraldiak oso zailak izan dira ekonomikoki». Hala onartu du Hernaniko Larre Gain sagardotegiko Arnaitz Lasartek. Iazkoa izan zen bietan konplexuena. Izan ere, itxiera perimetralek eta antzeko neurriek jende kopurua asko murriztu zuten: «Orain konturatzen gara lehengo urtean zeinen gaizki geunden».

Beren sagardotegian ere galera handiak izan dituztela azaldu du Lasartek, «urte galduak izan dira». Hala ere, «kostata» baina orain arte egoera zail horri aurre egitea lortu dute: «Egoera hau denboran luzatuko balitz, oso etorkizun beltza ikusten diot sagardogintzari, denbora gehiegi baita sagardotegi batek bizirik irauteko».

Botilako sagardoa

Are, negozioa mantentzeko arazoak izan dituztela nabarmendu du Lasartek: «Botilako sagardoa salduz eutsi diogu negozioari, baina zerbait gehiago behar da aurrera egin ahal izateko».

Goñi eta Barrenetxearen antzera mintzo da Lasarte txotxaz, ekonomikoki «ezinbestekoa» baitu sagardotegi batek. Larre Gainen, sagardo botilatuaren salmentak handitu baditu ere, «beste zentzu bat ematen dio sagardotegiari,bai ekonomikoki eta baita sozialki ere». Txotxik ez egoteak ekonomikoki baino gehiago giro aldetik egiten die kalte: «Eserita kontsumitzeak goitik behera aldatzen du sagardotegi denboraldia».

Hala ere, Lasarte baikor azaldu da denboraldi berriaren hasieran. Izan ere, oraindik badago eskaria sagardotegietan, «eta horrek igotzen gaitu gora». Azaldu du jendea hasi dela erreserbak egiten dagoeneko, batez ere asteburuetarako. Horregatik, begi onez begiratzen dio datorrenari: «Badago gogoa eta lehengo urtekoa baino hobea izango dela aurreikusten dugu. Iaz guztiz mugatuta geunden, eta aurten, hobetzeko esperantza dugu».

Urtarrilaren 28aren zain daude Goñi, Barrenetxea eta Lasarte,ordurako erabakiko baitira aurrera begirako urratsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.