Duela ia lau hilabete, Sabecoko lan gatazkak betirako atea itxiko zuela zirudien, baina berriz ere mamuak agertu dira. Donostiako auzitegi batek Murias Centerri (Niessen merkataritza zentroa kudeatzen duen enpresa) arrazoi eman dio Sabecoren kontra jarritako salaketan, eta 41 langileak kaleratzeko arriskua dagoela dio ELAk. Murias Centerren arabera, Sabecok ez du berarekin sinatuta daukan kontratua bete, eta horregatik errentamendu kontratua haustea eskatu du, eta horren truke baita kalte-ordain kopuru handia ere. Donostiako auzitegiak lehenengo puntuan eman dio arrazoia Muriasi.
Hala ere, sententzia ez da behin betikoa, eta gainera, bai Sabecok eta bai Muriasek errekurtsoa jarri dute. Sabecok ez duelako bat egiten epaiarekin, eta Muriasek kalte-ordainak ere nahi dituelako.
Kontratua hautsi izanaren arrazoia, Iñigo Zubeldia ELAko Zerbitzuetako arduradunak azaldu du: «Kontratuko klausula batean zehazten zen supermerkatua ustiatzearen truke irekita eduki behar zuela denda, eta hori izan da bete ez duena».
Enpresa batzordearen arabera, egoera horren aurrean Sabecok hartu duen erabakia izan da langileak beste toki batzuetara eramatea: Katalunia, Aragoi, Madril... Baina langileek ez dute horrekin bat egiten, eta harago doaz, Sabecoren benetako asmoa guztiak kaleratzea dela uste dute.
Negoziatzeko prest
Sabecoren jarrera ere ez dute ulertzen, sententzia ez delako oraindik behin betikoa. Hala ere, negoziatzeko prest daude; hain zuzen, datorren asteartean (hilak 22) Errenteriako Udaleko ordezkariekin, Murias Centerrekoekin eta Sabecokoekin bilduko dira negoziatzeko. Argi utzi nahi izan dute beren helburu bakarra lanpostuak bermatzea dela «Sabecorekin ala gabe».
Hil amaiera arte itxarongo dutela dio enpresa batzordeak, akordio borondatea badagoen edo ezikusteko. Nolanahi ere, langileak kaleratzeko asmo horren kontra egingo dutela adierazi dute erakundeen aurrean. Gainera, ez dute baztertu Sabecoren kontrako kereila kriminala jartzea.
Sabecoko 41 langileak kaleratzeko arriskua dagoela salatu dute
Sabecok ez duela bete Murias Centerrekin zuen akordioa dio Donostiako auzitegi batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu