Sabadell akziodunei zuzenean erosteko eskaintza egin du BBVAk

Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari jakinarazi dio EEP erosteko eskaintza publiko oldarkorra aurkeztu duela Kataluniako bankua bereganatzeko. Sabadelli egin zion proposamen bera aurkeztu die akziodunei.

BBVA
BBVAk Bartzelonako Katalunia plazan zuen egoitza. QUIQUE GARCIA / EFE
aitor biain
2024ko maiatzaren 9a
08:30
Entzun

BBVAk erasora jo du, eta EEP erosteko eskaintza publiko bat aurkeztu du Sabadell bereganatzeko. Kataluniako bankuak atzera bota zuen astelehenean BBVAk hura erosteko egin zion eskaintza, argudiatuta gutxiegi zela eta «nabarmen gutxiesten» dituela bankua eta haren «hazteko aurreikuspenak». Bizkaian egoitza duen bankuak, ordea, ez du amore eman nahi, eta urratsa egin du, argi utzita operazio hori bururaino eraman nahi duela.

Sabadellek errefusatu du proposamena jada, baina haren akziodunen esku dago orain erabakia. Haiek erabaki beharko dute BBVAren eskaintza nahikoa den edo ez. Bizkaian egoitza duen bankuak akziodunei zuzenean egin baitie Sabadell erosteko eskaintza. Joan den apirilean Kataluniako bankuari egin zion proposamen bera egin die haiei ere, hau da, Sabadellen 4,83 akzioren truke BBVAren akzio bat jasotzea. Orotara, 11.500 milioi euroan baloratu zuen Sabadell —9.900 milioi euroko kapitalizazioa du—.

Sabadellek aste hasieran esandakoari eutsi dio, eta errepikatu du eskaintza ez dela nahikoa. Bankuak ez du akziodunen erabateko kontrolik, dena den. Inbertsio funtsak dira haren akziodun nagusiak, eta proposamena onartzeko, akziodunen erdiek eman beharko dute oniritzia. BBVAren arabera, bat egiteak %30eko gainsaria izango luke, aurreko apirilaren 29ko kotizazioa kontuan hartuz gero. Eta %50ekoa azken hiru hilabeteetakoa aintzat hartuz gero. Ibex-35 indizean Sabadell bankuaren kotizazioa %3,17 igo da gaur, eta %6,71 jaitsi da BBVArena.

Bizkaian sortutako bankuari Sabadellek enpresa txikien eta ertainen finantzaketan duen negozioa interesatzen zaio, baina baita Erresuma Batuan duen adarra ere, Lloyds Bank izenekoa. Bat egitea gauzatuz gero, BBVA marka gailenduko litzateke, baina «interes komertzial handia den eskualdeetan eta negozioetan» Sabadellen Bankua izenari eusteko prest dago. Baita taldearen egoitzetako bat Katalunian ezartzeko ere, gaur egun Sabadellen egoitza nagusia den tokian, Sant Cugaten. 

banestorenak ez zuen aurrera egin

Bankuen sektorean ezohikoak dira erosteko eskaintza oldarkorrak. Espainian beste behin bakarrik egin da halakorik: Banco Bilbaok — BBVAren aitzindariak — Banesto erosteko eskaintza aurkeztu zuen 1987an. Madrilgo Burtsak ez zuen tramiterako onartu. Banestoko inbertitzaileek ere atzera egin zuten, Mario Conde zuzendaritzara iritsi eta gutxira. Operazioaren alde zeuden Felipe Gonzalezen gobernua eta Espainiako Bankua. Azkenean, 1998. urtean, Santander bankuaren esku geratu zen Banesto, eta Conde, espetxean.

BBVAren arabera, eskaintza «oso erakargarria da», eta merkatuko entitate handienetako bat sortzeko aukera emango luke. Onur Genç BBVAko kontseilari delegatuak azpimarratu du «zentzuzkoa» dela proposamena bi erakundeentzat, besteak beste, sektorean kostuak finkoak handitzen ari direlako egunetik egunera. Carlos Torres BBVAren kontseilari ordezkariak nabarmendu du, bestalde, Sabadell erosteko bigarren ahaleginak ez duela zerikusirik duela lau urteko egindakoarekin, gaur egungo testuinguru ekonomikoa ere bestelakoa delako eta Sabadell bera ere indartsuago dagoelako orain. «Herrialdearentzat ona da banku sendoago bat izatea. Entitate berriak hobeto lagunduko dio ekonomiari, oinarri fiskal handiagoa izango baitu». 

Erosteko eskaintza Espainiako Bankuari jakinarazi behar zaio, eta Europako Banku Zentralaren onespena izan beharko du. Legearen arabera, BBVAk jada ezin du atzera bota eskaintza. Baloreen Merkatuko Espainiako Batzordeari beharrezko informazio guztia helarazi beharko dio hilabeteko epean, eta erakunde horrek sei hilabete izango ditu aztertzeko eta tramitera onartzeko.

Hego Euskal Herrian, BBVAren eta Sabadellen artean 138 bulego eta 1.650 langile inguru dituzte. Torresek aitortu du bat egitea gauzatzen bada, lantaldean murrizketak egongo direla. Atea zabalik utzi du Sabadelleko zuzendaritzarekin akordio bat egiteko, eta administrazio kontseilu berrian hiru kontseilari eta presidenteorde karguak eskaintzeko. Bi bankuen artean ia bilioi bat euro dituzte aktiboetan.

Gobernua, aurka

Espainiako Gobernuak ez du begi onez hartu BBVAren mugimendua, ez eskaintza bera eta ez hura aurkezteko modua. Eta ohartarazi du «ondorio kaltegarriak» izan ditzakeela Espainiako finantza sektorean. Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak adierazi du bi bankuek bat egiteak botere metaketa handia eragingo lukeela, eta horrek ondorioak izan ditzakeela enpleguan eta finantza zerbitzuetan. Espainiako Gobernuak hori galarazteko zer egin dezakeen galdetuta, Cuerpok azpimarratu du hark izango duela bat egitea baimentzeko «azken hitza». Halaber, ministroak ohartarazi du finantza sektorean lehia oso apala dela, eta uste du ezinbestekoa dela horri buruz eztabaidatzea. 

Espainiako Lan ministro eta bigarren presidenteordeak ere, Yolanda Diazek, errefusatu egin du BBVAren eskaintza. Ohartarazi du bat egiteak «lanpostu asko» suntsituko lituzkeela eta sektoreko oligopolioa indartzea eragingo lukeela. Azpimarratu du, halaber, eragiketa horrek «Sabadell desagerrarazi» egingo lukeela, eta horrek soilik BBVAren jabe diren atzerriko inbertsio funtsei egingo diela «mesede». Horregatik, CNMC Merkatuaren eta Lehiaren Espainiako Batzordeari eskatu dio esku hartzeko: «Ezin ditugu finantza merkatuen eta atzerriko inbertitzaileen esku utzi gure interes estrategikoak».

Kataluniako Generalitatea ere bi bankuen arteko bat egitearen aurka agertu da. Pere Aragones jarduneko presidenteak adierazi du bere esku dagoen guztia egingo duela hori eragozteko.

Unai Sordo CCOOren idazkari nagusiak ere kezka agertu du BBVAren mugimenduagatik, eta EEP erosketa eskaintza publikoak arautzeko eskaria egin dio Espainiako Gobernuari, finantza sektorean «oligopolio bat eratu ez dadin».

Prozesuak zenbat iraun dezake?

BBVAk, orain, ezingo du atzera egin, eta, bere akziodunei bidalitako informazioan aipatzen duenez, prozesuak sei edo zortzi hilabete iraun dezake. Tarte horretan, baimen ugari jaso beharko ditu, eta Espainiako Gobernuak izango du azken hitza. Sabadelleko zuzendaritzak, berriz, mugatuak izango ditu bere mugimenduak; besteak beste, debekatua izango du kapitala handitzea edo beste erakunde batzuk erostea. Prozesu osoan beste eskaintza batzuk egin daitezke.

BBVAk hilabeteko epea du bere eskaintzaren dokumentazio guztia CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordera bidaltzeko. Bost eguneko epea du tramiterako onartu ala ez erabakitzeko. Onartzen badu, eskaintza aztertu beharko du, eta nahi beste luza dezake hori; normalean, sei hilabete inguru. Prozesu horretan, CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordea, Espainiako Bankua eta EBZ Europako Banku Zentrala sartuko dira. Erakunde horiek guztiek operazioa baimentzen badute, Sabadelleko inbertitzaileek eskaintza onartzeko 70 eguneko epea izango dute. Akzioen %50,01en babesa aski da aurrera egiteko. Baina, hori lortuta ere, azken orduan Espainiako Gobernuak atzera bota dezake operazioa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.