Rolls Roycek lan berriak bideratuko ditu ITPren Zamudioko plantara

Multinazionalak euskal enpresaren esku utzi nahi du Ingalaterran duen lantegi bateko ekoizpenaren zati bat. ITPk esan du ez duela eraginik izango udazkenean onarturiko erregulazio espedienteetan

Carlos Alzola ITP Aeroko presidentea turbina bat erakusten, enpresak Zamudion duen lantegian. MIGUEL TOÑA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Rolls Roycek bi albiste on eman dizkio ITP Aero euskal enpresari. Britainia Handiko multinazionala da hegazkin osagaiak egiten diren lantegiaren jabea. Bi albisteen jatorria Ingalaterran dago: batetik, Hucknallen duen planta ITP Aeroren barnean txertatuko du; eta, bestetik, Barnoldswicken duen lantegiko ekoizpenaren zati bat bidaliko dio. Azken erabaki horrek lan karga igoko du Zamudioko (Bizkaia) plantan. Hala jakinarazi du ELA sindikatuak; «epe ertainean» kokatzen du igoera. Halere, eta ITP Aerok esan duenez, erabakiak ez du eragingo euskal enpresek indarrean dituzten enplegua erregulatzeko espedienteetan. Duela hilabete, 121 langile kaleratu zituzten Zamudion; egunotan 136 kaleratze negoziatzen ari dira Precision Castings Bilbaon. ITP da PCBren jabea.

Aspaldiko partez argi pixka bat sartu zen atzo euskal hegazkingintzan. Rolls Roycek ITP Aero saldu nahi du, eta bi erabakiek are erakargarriago bihurtzen dute enpresa. Estrategikoki, Hucknalleko planta xurgatzea garrantzitsuagoa da ITPrentzat, aurretik ez zituen gaitasun batzuk lortuko dituelako. Euskal Herrira begira, baina, eragin gehiago izango du Barnoldswickeko mugimenduak. Ingalaterrako prentsan ziurtzat jotzen dute hura itxiko dutela, eta brexit-aren itzala ikusten dute atzean. Bertako langileek abuztuan greba egin zuten Rollsek lanaren zati bat Singapurrera bidali zuelako, eta orain Euskal Herria izango da onuraduna.

Rolls Roycek agiri bidez jakinarazi duenez, Barnoldswickeko mugimenduan «lan karga» igorriko diote ITPri. Besteak beste, hegazkingintza zibileko motorren estrukturak egiten dituzte. Langileak eta instalazioak kanpoan gelditzen dira; beraz, ITPrenek hartuko dute ardura hori. Baldintza horrek sartzen du Zamudio ekuazioan, besteak beste turbinak muntatzen baitituzte. Enpresako iturrien arabera, ekoizpenaren eskualdatzea faseka egingo da, eta ez da guztiz bukatuko 2023ra arte. Aurretik, Ingalaterrako enpresetako langileen ordezkariekin bildu behar dute. ELAren agirian ziurtzat jo dute lan hori Zamudiora etorriko dela; izan ere, besteak beste, hala ulertarazi diete langileei aste honetan.

Lanuzte arrakastatsuak

ITPrena argi izpi bat da, baina errealitatea oso iluna da euskal hegazkingintzan. Urrunago joan gabe,ITPn bertan, PCBn zehazki, atzo lau orduko lanuzteak hasi zituzten Sestao eta Barakaldoko (Bizkaia) plantetan. Langileen «%95ek» egin zuten etena, eta negoziazioak aldatzen ez badira, egun oso greba hasiko dute 14an. Aernnovan (Berantevilla) ere lanuzteak egin zituzten, zortzi ordukoak txandako. Langile guztiek egin zuten, bulegoetako batzuk izan ezik. 101 langile kaleratu nahi ditu zuzendaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.