Rodrigo Rato hirugarrenez epaitzen hasi dira

Ustelkeriaren aurkako fiskaltzak 70 urteko zigorra eskatzen du ministro eta NDFko zuzendari ohiaren aurka, legez kanpo aberasteagatik eta ogasunari 8,5 milioi euro ezkutatzeagatik.

rodrigo RATO
Rodrigo Rato, bere aurkako epaiketara iristen, Madrilen, gaur. ZIPI / EFE
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 15a
12:40
Entzun

Madrilgo Auzitegiko akusatuen aulkiak erabiltzaile ospetsu bat izango du gaurtik aurrera: Rodrigo Rato, Espainiako Ekonomia ministro, lehendakariorde, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari eta Bankia bankuko buru izandakoa. Lehen aldia izango du auzitegi horretan, baina ez, ordea, epaitegietan, Rato beste bi aldiz epaitu baitu Espainiako Auzitegi Nazionalak: lau urte eta erdiko kartzela zigorra jarri zioten Caja Madriden eta Bankiaren black txartelak modu okerrean erabiltzeagatik, eta errugabetu egin zuen, berriz, Bankiaren burtsaratzean ustez izandako irregulartasunengatik.

Oraingoan, Rato bere ondarearengatik epaituko dute. Ustelkeriaren aurkako fiskaltzak 70 urteko zigorra eskatzen du harentzat, legez kanpo aberastu eta ogasunari iruzur egin ziolakoan. Zigortuko balute ere, nekez itzuliko da espetxera —han izan zen 2018ko urritik 2021eko otsailera—, ministro ohiak 74 urte baititu.

Epaiketa luzea izango da, ez baita espero 2024ko maiatzera arte amaitzea. Rato eta beste akusatuak urtarrilean iritsiko dira deklaratzen. Gaur bakarrik iritsi da epai aretora, eta aurrean bildutako kazetariei «egun on» esanez sartu da eraikinera.

Man uhartea, Luxenburgo eta Curaçao

Fiskaltzak zerga delituak, kapitalen zuriketa eta ustelkeria leporatzen dizkio Ratori. Haren arabera, Ratok bere ondarea ezkutatu zion ogasunari 2005-2015 aldian, Espainiako Gobernua utzi eta NDFko zuzendari (2004-2007) eta Caja Madrideko eta Bankiako buruzagi zela (2010-2012). Salaketak dio hainbat sozietate sortu zituela Espainiatik kanpo bere ondarea ezkutatzeko, eta horiekin hainbat inbertsio egin zituela Bahametan, Luxenburgon, Man uhartean, Curaçaon eta beste zerga paradisu batzuetan.

Akusazioaren arabera, 2005 eta 2016 artean, legez kanpo 15,6 milioiren aberastasuna pilatu zuen Ratok, besteak beste Bankiako buru zela komisioak kobratu zituelako kontratu ezkutuen bidez. Gainera, ustez 8,5 milioi euroren iruzurra egin zion Espainiako Ogasunari.

Ratok bere aurkako «sorgin ehiza» salatu du, eta ziurtatu du bere borondatez eman ziola ogasunari atzerrian zituen kontuen berri. Ministroak baliatu egin zuen zerga iruzurgileei Espainiako Gobernuak 2012an emandako amnistia, Mariano Rajoy PPko alderdikidea buru zenean. Amnistia horrek berak abiatu zuen ikerketa, Zerga Agentziak diru zuriketa egitea egotzi baitzien hura erabili zuten 705 laguni.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.