"Gizarteari barkamena" eskatu dio Ratok presondegira sartu aurretik: "Onartzen ditut gizartearekiko betebeharrak; neure gain hartzen ditut egin ahal izan ditudan okerrak, eta barkamena eskatzen diot gizarteari, eta baita ere kaltetuta senti daitezkeen herritarrei".
Auzitegi Nazionalari eskatu zion bertan behera uzteko espetxera sartzeko agindua, Auzitegi Konstituzionalean aurkeztuko duen babes eskeko errekurtsoaren bidea agortu arte —azaroa amaitu baino lehen aurkezteko asmoa dauka—. Alabaina, Auzitegi Nazionaleko 4. zigor salak bilera egin zuen atzo, eta ez zuen aintzat hartu ministro ohiaren eskaria.
Lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion iaz Espainiako Auzitegi Nazionalak, 99.000 euro era bidegabean poltsikoratzeagatik Caja Madrid eta Bankiako presidente zela (2009-2012). Black txartelen auziak jarri du kartzelara bidean Jose Maria Aznarren garaiko Espainiako Gobernuko presidenteorde eta ekonomia ministro ohi (1996-2004) eta NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohia (2004-2007).