Indar handirik gabe baina euria ari du Donostian. Tantaka-tantaka, motxila horia soinean duten banatzaileak sartu-irtenean dabiltza Bulebarrean dauden janari azkarreko jatetxeetan. Gehienek estalkia jarria diote zorroari, eguraldi txarra ez baita lanerako oztopo. Alderantziz. «Horrelako egunetan nabarmen egiten du gora eskariak, jendeak ez duelako etxetik irten nahi izaten», kontatu du rider batek.
Kolonbiakoa da, 47 urte ditu, eta motorrean dabil. Glovok astelehenean jakinarazi zion autonomo faltsuen bidez funtzionatzeari utziko diola, eta aitortu du beldurra ematen diola aldaketak. «Ondo nago orain arte bezala». Ez daki eredu berria nolakoa izango den, ezta zenbat ordainduko dioten ere. «Ia lau urte daramatzat Glovon lanean, eta dena ordaintzen dut, autonomoen kuota eta Ogasunak eskatzen didana».
Lan baldintzak gogorrak dira, baina dirua irabaztea da bere lehentasuna. Dioenez, egunean zazpi ordu egiten ditu lan, gutxienez. Asteburuetan gehiago, hamar edo 11 orduz. Dena den, balio handia ematen dio lanaldia seme-alabekin egoteko moldatu ahal izateari: «Alaba eskolatik jaso nahi badut, ez dut arazorik. Soldatapeko langile bihurtzen banaiz, ordea...».
«Konforme gaude orain ditugun baldintzekin; errentagarriagoa da. Horrenbesteko erregulazioak ezartzen badituzte, hau guztia pikutara joango da»
Glovoko banatzailea
Are irmoago hitz egin du harekin hizketan dabilen Peruko rider batek, bizikleta eskuetan duela. «Aldaketa ez da onuragarria izango. Konforme gaude orain ditugun baldintzekin; errentagarriagoa da. Horrenbesteko erregulazioak ezartzen badituzte, hau guztia pikutara joango da», iritzi du. «Zer jarriko digute? Gutxieneko soldata?».
Banatzaile askok uste dute zalantza horiek argitu arte itxaron behar dela. Horietako bat da McDonald's kanpoan zigarro bat erretzen ari dena. «Glovorekin ezin da jakin», dio. Donostiakoa da, 58 urte ditu, eta bost urte daramatza bizikletaz banatzen. «Curriculumak bota ditut alde guztietan, baina inon hartzen ez nautenez, hemen segitzen dut. Egunez egun bizi naiz, luxurik gabe», kontatu du. Egunean hamar ordu inguru egiten du lan.
Elkarrizketatu guztiek diote hiri horretako banatzaile gehienak autonomoak direla. Bilbon ez da hala. «Bizikletan edo patinetean banatzen dabiltzanen %90 ez dira autonomoak: kontuak alokatuak dituzte». Horietako bat da datua eman duen mutila. 28 urte ditu, eta Venezuelakoa da.
Dioenez, rider batzuek barre egin dute eredu aldaketaren berri izatean, askok kezkaz hartu dute albistea, eta enteratu ez direnak ere badira. Eta bera? «Ni triste jarri nau; ez dakit aurrerantzean dena ondo joango den, edo daukadan diru iturria galduko dudan».
Beste lan bat topatu zuen senide batek pasatu zion kontua; hiru hilabete daramatza Glovon, eta hilean 360€ ordaintzen dizkio kontuaren jabeari. 800-900 euro inguru poltsikoratzen ditu. Ordutegia: astelehenetik larunbatera 13:00etatik 23:30era, eta igandeetan 20:00etatik gauerdira.
«[Bilbon] bizikletaz edo patinetez banatzen dabiltzanen %90 ez dira autonomoak: kontuak alokatuak dituzte»
Glovoko banatzailea
Berriketan dabiltzan bi banatzaile gazte Ilias eta Mohammad dira, Marokokoa bata eta Aljeriakoa bestea. Ilias autonomoa da duela urte erditik, lan baimena jaso zuenetik. Gisa horretara astean 400-500 euro irabazten dituela dio, eta soldatapeko egiten badute ez duela horrenbeste jasoko. Goizean zenbait lankiderekin hizketan jardun da, eta askok esan diote beste lan bat bilatzeko asmoa dutela.
Iliasen laguntzarekin eman dio bere egoeraren berri Mohammadek BERRIAri. Lau hilabete daramatza Bilbon, eta arabiarrez bakarrik daki. Hark irabazten duenaren %40 ordaintzen dio bere kontuaren jabeari, eta, astean sei egunez lan eginda, 700 euro inguru poltsikoratzen ditu hilean.
Egoera berean dagoen 25 urteko kolonbiar batek zehaztu du berak irabazien %21 ordaintzen dituela. Zorteduna dela dio, normalean %30 inguru eskatzen baitiete. Badaki lan baldintzak oso prekarioak direla, baina ez du aldaketarik nahi: «Iritsi berria den jende askok Glovon lan egiteari esker lortzen du diru apur bat, eta horri esker egonkortu ahal izaten dira hemen. Guretzat zaila da aurrera egitea».
Ez dira fio
Paperik ez duen arren, urtebete darama beharrean, eta litekeena da horri esker bere egoera aldatzea. Izan ere, egoera irregularrean dauden migratzaileek sei hilabete edo gehiago lan egin badituzte, eskatu dezakete errotze laborala. «Duda barik, egin behar da», hasi da Iñigo Alonso, LABeko Zerbitzu Pribatuen Federazioko kidea. Azaldu du administrazioaren betebeharra dela baldintzak betetzen dituzten banatzaileen lan baimenak erregularizatzeko prozesu bati ekitea. Uste du hori dela gaiaren gakoetako bat, eta orain arte egin ez izana «borondate politiko kontua».
Alonsok dio Glovoko beharginek badutela abantaila bat: lanean egin duten denbora guztia neurtu eta frogatu daiteke. Horri esker, datozen hilabeteetan dagokien alta jaso beharko lukete Gizarte Segurantzan. Baina, gainontzean, ezkorra da: «Glovo ezagututa, azken urteetako soldatak, oporrak edo estrak jaso nahi dituenak bide judizialera jo beharko du orain ere».
Elkarrizketatuetako inork ez du oporraldi ordaindurik, ez gaixo baimenak hartzeko eskubiderik, eta lan baldintza prekarioetan prekarioenak dituzte. Baina berdin jarraitu nahi dute, uste dutelako alternatiba okerragoa izango dela. Beharrak behartzen ditu euren eskubideei uko egitera, sos gutxi batzuk gehiago poltsikoratzearen truke.
Autonomoen eredua defendatu du pierrek
Glovoren sortzaile eta buruak, Oscar Pierrek, asteartean deklaratu zuen epailearen aurrean, Bartzelonan. Hango Fiskaltzak langileen eskubideen aurkako delituak egozten dizkio, baina Pierrek enpresaren orain arteko funtzionatzeko modua defendatu du, eta ziurtatu du eredu aldaketaren albisteak ez duela loturarik bere defentsarako estrategiarekin.
Deklarazioan, Pierrek esan du Glovoren helburua erakunde publikoekin eta epaitegiekin dituzten tirabirak amaitzea dela, baina gehitu du uste duela orain arteko jokabidea legezkoa dela. Azaldu du autonomoen eredua azken urteetako lege aldaketa bakoitzean moldatu dutela, eta beti egin dietela jaramon erakundeek eman dizkieten aginduei.
Era batera edo bestera, Glovok 267 milioi euro zor dizkio Espainiako Gizarte Segurantzari, eta porrot egiteko mehatxua gertu duela heldu da aldaketen iragarpena. Konpainiaren arabera, 15.000 banatzaileri eragingo die neurriak, baina litekeena da benetan rider lanetan dabiltzanak askoz gehiago izatea, handia baita paperik gabeko migratzaileen kopurua. Lan Ministerioaren iritziz, 2021etik Glovon lan egin duten 60.000 lagunen egoera erregularizatuko da.
Euskal Herrian, astelehenean hasiko da Glovoren aurkako beste epaiketa bat. Gipuzkoako Gizarte Segurantzak enpresari egozten dio 2021etik banatzaileei soldatapeko gisa dagozkien kuotak ez ordaintzea. 167 rider daude deklaratzera deituak.