'Revolving' txartelaren ezkutuko tranpa

Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiek bide eman diote 'revolving' txartelak baliogabetzeari, gardentasun faltagatik.

Pertsona bat Internet bidez banku txartel batekin erosten. SASHENKA GUTIERREZ / EFE
Pertsona bat Internet bidez banku txartel batekin erosten. SASHENKA GUTIERREZ / EFE
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ordenagailu bat erosi behar duzu, eta, ezin duzunez momentuan bertan dena ordaindu, txartel bat eskatu duzu zenbait hilabetetan ordaindu ahal izateko. Bost urte geroago, oraindik ordenagailu hori ordaintzen ari zara. Kuota finko bat ordaintzen aritu zara hilero, baina zorrak hor dirau, ia hasieran bezala. Hori gertatzen ari zaie zor erosketak finantzatzeko revolving txartela erabiltzen duten pertsona askori; askotan, jakin gabe.

Kreditu txartelaren antzekoa da revolving txartela, baina ordainketak atzeratzeko eta dirua pixkanaka itzultzeko modua ematen du, hileko kuoten bidez. Gehienek uste dute horrekin zorra kitatzen ari direla, baina ez da hain argi ikusten nola banatzen den ordainketa hori: zati bat interesak ordaintzeko da, eta zati txiki bat baino ez da erabiltzen benetan zor den dirua murrizteko.

«Interes tasa oso handiak jartzen dituzte, eta, hilabeteak aurrera egin ahala, kontsumitzailea ohartzen da kuota bat ordaindu nahian ari dela eta inoiz ez zaiola zorra hori desagertzen», azaldu du Leire Alberdik, EKA Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteko abokatuak. Gainera, kreditua automatikoki berritzen da; beraz, ordaintzeko dagoen zenbateko osoa ez da ia gutxitzen, nahiz eta hilabeteak edo urteak igaro. 

«Interes tasa oso handiak jartzen dituzte, eta, hilabeteak aurrera egin ahala, kontsumitzailea ohartzen da kuota bat ordaindu nahian ari dela eta inoiz ez zaiola zorra hori desagertzen»LEIRE ALBERDIEKAko abokatua

Arazoaren hedapena ikusita, Navarra Revolving plataforma sortu zuen Iruñeko Iribarren abokatu bulegoak, eta kasu horietan aritzen da Jorge Iribarren. «Etengabe ordaintzen ari zara, eta ez duzu ia ezer amortizatzen. Txartela diseinatuta dago urteetan zehar ordaintzen jarraitzeko», azaldu du, eta gaineratu gakoa itzulketa ereduan dagoela: gutxieneko zati bat mailegatutako kapitalera doa, eta gainerakoa, interesetara. Horrela, zorra luzatu egiten da.

Iribarrenek dio txartel horiek denetariko dendetan merkaturatzen direla: besteak beste, gasolindegietan, merkataritza guneetan, telefono konpainietan, elektronika dendetan. «Ez dirudi finantza produktua denik. Kasu askotan ez du banku batek saltzen; edozein komertzialek eskaintzen du, promozioei edo puntuei lotuta. Eta horrela sartzen da jendea, zertan sartzen den jakin gabe».

Elur bola legala eta finantzarioa

Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiak mugarri izan dira. 2025. urtearen hasieran, indartu egin zuen txartel horiek baliogabetzat jotzeko irizpidea, bi argudio erabilita: gardentasunik eza eta lukurreria.

Lehenengoari dagokionez, bezeroak ez badu baldintzei buruzko informazio argi, ulergarri eta osoa jaso, Gorenak uste du txartelak baliogabetu daitezkeela.

Bigarrenean, gobernuak argitaratutako merkatuaren batezbestekoaren ehunekoa baino sei puntu handiago badira interes tasak, lukurreriatzat jo daitezke. «Gorenak esan zuen %20tik gorako interesak lukurreriatzat jo daitezkeela, eta entitateek ezartzen duten interesa %25-26 ingurukoak dira orain», esan du Alberdik.

Klausula mota horiek abusuzkoak direla dio Alberdik, interesagatik ez ezik, produktua aurkezteko moduagatik ere: «Gardentasunaren kontrol bikoitza dago. Bezeroak informazio guztia jaso behar du, baina baita ulertu ere. Ez da nahikoa teknizismoz betetako kontratu bat ematea». Gainera, azpimarratu du bezero gehienek ez dutela gogoratzen ezer arrarorik sinatu izana. «Gurpil zoro batean ari dira bueltaka, ia inoiz ordainduko ez duten edo urte askotan ordaintzen aritu diren zor konstante batean kateatuta. Hor ohartzen dira revolving txartela bat dutela». 

Iribarrenek azpimarratu du arazoa ez dela judiziala bakarrik, etikoa eta arautzailea ere badela: «Finantzaketa eredu hau debekatzeko edo arautzeko lege argiak egiten ez diren bitartean, etengabe eroriko dira tranpan kontsumitzaileak». Finantza erakundeek txartel horiek merkaturatzen jarraitzen dute gaur egun. «Eskari batzuk galdu arren, erreklamatzen ez duten %90etik ateratzen duten etekina izugarria da oraindik; beraz, haientzat ez da ezer galtzea». 

«Finantzaketa eredu hau debekatzeko edo arautzeko lege argiak egiten ez diren bitartean, etengabe eroriko dira tranpan kontsumitzaileak»

JORGE IRIBARRENAbokatua

Revolving txartela erabiltzen dutenen profila zabala da, baina elkarteek ohartarazi dute kolektibo batzuek arrisku berezia dutela. «Adineko jendea, pentsiodunak, finantza prestakuntza handirik ez duten pertsonak... horiek orokorrean kontratu konplexu baten letra txikia irakurtzeko zailtasunak izaten dituzte, eta aurrez aurre esaten dietenaz fidatzen dira», dio Alberdik.

Migratzaileen kasu asko daude, baita egoera ekonomiko zailean dauden pertsonenak ere. «Justuarekin bizi den batentzat, oso erakargarria da ordainketak atzeratzeko modua ematen duen txartel bat. Arazoa gero dator, zor horretatik ihes egiteko modurik ez dagoenean», adierazi du Iribarrenek.

«Uste nuen ordaintzeko modu erraz bat zela»

Juan Antonio Murgiondok 67 urte ditu, eta erretiratua dago. 2010ean finantzaketa arazoak izan zituen, eta 1.200 euroko erosketa bat finantzatzeko revolving txartel bat onartu zuen. «Esan zidaten pixkanaka ordaindu nezakeela, arazorik gabe. Oso erosoa zela». Berak dioenez, inork ez zion azaldu revolving txartela bat zela. Murgiondori iruditu zitzaion zorrei aurre egiteko modurik egokiena zela: «Uste nuen ordaintzeko modu erraz bat zela». 

Hamar urtez baino gehiagoz 60 euroko kuota finko bat ordaintzen aritu da hilero. «Nik uste nuen horrekin zorra ordaindu nuela, baina egun batean kontratua begiratu eta ikusi nuen ia hasieran bezala nengoela; ez nuen ezer ulertzen». Txartela baliogabetzen saiatu zen, baina erabilitakoa baino gehiago eskatzen zioten. 2022an abokatuarengana joatea erabaki zuen.

«Nik uste nuen horrekin zorra ordaindu nuela, baina egun batean kontratua begiratu eta ikusi nuen ia hasieran bezala nengoela; ez nuen ezer ulertzen»

JUAN ANTONIO MURGIONDO 'Revolving' txartelaren erabiltzailea

Abokatuarekin bere kasua berrikusi ondoren, salaketa bat jarri zuen. Epaiak kontratua baliogabetzat jo zuen gardentasun faltagatik, eta bankuak 5.000 euro inguru itzuli behar izan zizkion interesetan. «Pisu bat kendu nuen gainetik», aitortu du.

Abokatuek diote geroz eta salaketa gehiago daudela, are gehiago auzitegiaren azken berrikuntzarekin. «Hilero kasu berriak iristen zaizkigu», azaldu du Alberdik. «Nahiz eta kaltetu guztiek ez dakiten revolving txartel bat dutela, informaziorako sarbidea eta duela gutxiko jurisprudentzia panorama aldatzen ari dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.