«Bizum ere badu orain Revolutek». Youtuben bideoak ikusi zale direnek entzungo zuten esaldi hori azken asteetan. Agian, Ibai Llanos eduki sortzaile ospetsua ere ikusiko zuten izen hori daraman kreditu txartel bat eskuetan duela. Baina zer da halako publizitate kanpaina puska egiten ari den enpresa hori?
Ziurrenik, irakurleak inguruan izango du haren bezero den norbait. Euskal Herriko daturik ez du eman, baina Espainian 3,5 milioi erabiltzaile ditu —kopurua %40 handitu da urtea hasi zenetik—, eta Frantzian hiru milioi baino gehiago. Europako Batasunean 34 milioi dira Revoluten zerbitzuak erabiltzen dituztenak.
Kalean, ordea, ez du sukurtsalik. Neobanku bat da, zerbitzu guztiak online eskaintzen dituen banku bat, sakelakorako aplikazioaren bitartez. Eredu horrekin bilakatu nahi du Europako banku handienetako bat. Izatez, bada: uda honetan, akzioak saltzeko egin duen eragiketa batean, enpresak 41.000 milioi euroko balioa duela ebatzi zuten. Besteak beste, Barclaysek eta Caixabankek baino gehiago.
41.000
Revoluten balioa, milioi eurotan. Udan, akzioak saltzeko egin duen eragiketa batean, ebatzi zuten 41.000 milioi euroko balioa duela Revolutek. Hala, Europako Batasunean baliorik handiena duten hamar bankuen artean sartu da; besteak beste, Barclaysen eta Caixabanken gainetik.
Massimo Cermelli Deustuko Unibertsitateko ekonomia irakasleak kontatu du fakultateko ikasleek sarritan aipatzen dutela Revolut. «Nagusiki gazteen artean ari da hedatzen, baita nerabeen gurasoen artean ere. Atzerrira doazen gazte askok kontu bat egiten dute». Izan ere, edozein herrialdetan dirua ateratzeko eta ordainketak komisiorik gabe egiteko erraztasunak ematen ditu neobankuak, eta, hasieran bederen, horrek erakartzen ditu bezero gehienak.
Revoluten indargunea hori izan da, 2015. urtean Erresuma Batuan sortu zenetik. Orduan sortu zuten dibisa ezberdinekin erabiltzeko balio duen zordunketa txartela, oraindik ere haien produktu nagusietako bat dena. Aplikazioan bertan aldatu daiteke dirua txanpon batetik bestera, prezio onean.
Atzerrian dirua ateratzeko eta ordainketak komisiorik gabe egiteko erraztasunak ematen ditu, eta horrek erakartzen ditu bezero gehienak
Orain, ordea, eskaintza askoz oparoagoa du. 2020. urtea, pandemiarena, mugarri izan zen: turismorik ez zenez, banku bilakatzea erabaki zuen Revolutek, eta ordutik izugarri hazi da. Ohiko zerbitzuez gain, balio du akzioak eta kriptodiruak aplikaziotik bertatik salerosteko, aurrezki kontu erakargarriak ditu, eta, duela pare bat astetatik, Bizum ere eskaintzen die erabiltzaileei.
«Bankuen munduko Apple izan nahi dugu, player bat, sektoreko gainontzeko eragileengan aldaketak eragiten dituen enpresa bat. Are produktu gehiago eskainiko ditugu datozen hilabeteetan», adierazi du azken asteetan Ignacio Zunzuneguik, Revoluten Europa hegoaldeko arduradunak. 2025. urterako, hipotekak eskaini nahi dituzte.
Errentagarria
Neobankuak ez ditu bere irabazien gaineko datu asko eman, baina behin eta berriz errepikatu du errentagarria dela, start-up asko ez bezala. 2023. urtean 2.000 milioi euroren diru sarrerak izan zituen, eta 500 milioi euro ingururen irabaziak. Aurtengo lehen seihilekoan %80 handiagoak izan ditu diru sarrerak.
Baina Revoluten kontu bat sortzea dohainik da. Orduan, nondik irabazten du dirua? Enpresaren arabera, txartelekin egiten diren eragiketetatik, dibisen aldaketatik, inbertsio produktuetatik —tartean, kriptodirutik—, eta, berritzaileena, harpidetza zerbitzutik.
Bai, Interneteko beste zenbait plataformak dituztenen moduko harpidetza zerbitzu bat du bankuak, Spotifyk, Netflixek eta beste batzuek duten modukoa. Plan ugari eskaintzen ditu: hilabetean lau eurokoa izan daiteke, baina baita 45 eurokoa ere. Zenbat eta garestiago, orduan eta abantaila gehiago: komisio txikiagoak, interes tasa hobeak aurrezki kontuetan... doako bertsioan, esaterako, hilean 200 euro soilik atera daitezke kutxa automatikoetan komisiorik gabe.
«Revolut segurua da, noski! EBZren galbahea pasatu du, eta banku tradizionalek bezainbesteko bermea eskaintzen du»
MASSIMO CERMELLIDeustuko Unibertsitateko ekonomia irakaslea
Neobankuek ez dute ia azpiegitura fisikorik izaten, eta horrek lehiakorragoak izatea ahalbidetzen die. Hala eskaintzen dituzte komisio txikiagoak eta interes tasa hobeak. «Banku tradizionalek euren inbertsio bankuak dituzte, bulego, kutxa automatiko eta langile mordo bat, eta hori guztia ordaindu egin behar da», azaldu du Cermellik.
Baina fidagarria da Revolut? Deustuko irakasleak erantzun du: «Segurua da, bai noski! Azken finean, EBZ Europako Banku Zentralaren galbahea pasatu du. Egia da egoitza nagusia Lituanian izateari usain txarra hartzen diotela askok, baina banku tradizionalek bezainbesteko bermea eskaintzen du».
Urte hasierara arte, herrialde horrek gainbegiratzen zuen Revoluten jarduna. Hartu duen tamainaren ondorioz, baina, EBZren ardura da orain. Hark, besteak beste, agindu dio finantza krimenen gaineko kontrola areagotzeko.
Egoitza Lituanian izatea ez da arazo bat printzipioz, baina izan daiteke bankuak porrot egiten badu, herrialde horrek itzuli beharko baitizkie aurrezkiak erabiltzaileei. Ez dago argi Lituaniak horretarako gaitasunik ba ote duen: 70.000 milioi euroko BPG barne produktu gordina soilik du, EAErena baino apalagoa.
Nitxoak
Revolut ez da merkatuan indartsu dabilen neobanku bakarra. Ezagunak dira N26 eta Bnext ere. Askoren berezitasuna da publiko oso jakinei bideratutako zerbitzuak eskaintzen dituztela. Adibidez, Ikualok kontu bat sortzeko erraztasunak ematen dizkie pasaportea beste agiririk ez duten migratzaileei; Nickel kutxa automatikorik ez duten landa eremuetan hedatu da; Bunq nomada digitaletan espezializatutako neobankua da; eta Imaginek Bizum zerbitzua eskaintzen die adingabeei. Gehiago ere badira.
«Bakoitza bere nitxoa topatzen saiatzen da, ezberdintzeko», hasi da Cermelli. «Negozio hau ez da gozotegiena bezala, non bakoitzak zapore bateko pastelak egin ditzakeen. Finantzetan, dagoena dago: guztiek zerbitzu bera eskaintzen dute. Horregatik saiatzen dira bezero jakin batzuengana heltzen eta haiei egokitutako eskaintzak egiten».
Irakaslearen iritziz, «digitalizazioaren boom-ak» agerian utzi du neobankuen garrantzia. Zenbait faktore alde dituztela nabarmendu du: digitalizazioan eman diren aurrerapausoak, pandemian erabiltzaileak eskudiru gutxiago erabiltzera ohitu izana, eta turismoaren goraldia. «Horri guztiari esker hazi dira horrenbeste, negozio eredu oso sinple batekin».