Renove plana bukatu da kontsumo txikiko 8.700 etxetresnaren salmentaz

Milioi bat euroko aurrekontua lau eguneko epean amaitu da.Energia asko gastatzen duten etxetresnak ordezkatzea izan da planaren xedea

2015eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Larunbatean hasi eta asteazkenean amaitu. Eusko Jaurlaritzak abian jarritako etxetresnen Renove plana bukatu da dagoeneko. Lau egunetan 8.716 etxetresna saldu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 370 dendetan, planak eskaintzen zuen milioi bat euroko aurrekontua lagun: 4.300 garbigailu, 2.900 hozkailu, 1.286 ontzi garbigailu eta 230 izozkailu. Iazko planean 12.200 etxetresna saldu ziren.

Erosleek energia gehiago aurrezten duten etxetresnak (A++ eta A+++) erostea da egitasmoaren helburua; horretarako, 125 euro arteko laguntza eman dute operazioko. Erosketa egiteko momentuan bertan egin diete bezeroei deskontua.

Plana hain azkar bukatu dela eta, Energiaren Euskal Erakundeak (EPE) jakinarazi du ez dietela laguntzarik eman eskatzen ziren baldintzak bete ez dituztenei, «inolaz ere ez». Saltzaileek kritikatu dute Lakuak iaz baino aurrekontu txikiagoa eskaini duela (500.000 euro gutxiago), eta plana gaizki kudeatu dela; saltzaile askok faktura asko gorde dituztela diote, bezeroek laguntza horiek jasotzeko aukera izan duten arte.

Irailean, leihoen txanda

Irailean, Jaurlaritzak abian jarriko du beste Renove plan bat, leihoak aldatzeko kasu honetan; milioi bat euroko aurrekontua izango du, halaber. EVEk martxan jarritako plan oso baten parte dira laguntza hauek. Hamabi milioi eurokoa da plan osoa, eta energia berriztagarrien erabilera garatzea eta energia aurreztea du helburu; hain zuzen, Euskal Herriko energia eskaria %0,6 jaistea nahi dute.

Industriarako hiru milioi daude plan orokorrean; bi milioi zerbitzuetarako; milioi eta erdi Administrazio Publikorako, eta beste milioi bat garraio elektrikoak garatzeko. Horiek horrela, kontsumo txikiko etxetresnen Renoveren aurrekontua txiki geratu dela argi dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.