Zenbaki gorriekin itxi du Talgok iazko urtea. Renferi ordaindu beharreko isunaren ondorioz, tren ekoizleak irabaziak baino galera handiagoak izan ditu azkenean: 107 milioi euro galdu ditu 2024an. Duela bi urte jarri zion 116 milioi euroko isuna, eskaturiko abiadura handiko 30 tren epez kanpo emateagatik. Kontu ekonomikoentzat ona izan zitekeen urtea zapuztu du horrek, konpainiak inoizko diru sarrerarik handienak lortuak baitzituen: 669 milioi euro denera, 2023an baino %2,5 gehiago.
Talgo behin baino gehiagotan kexatu da Renfek jarritako isuna dela eta, eta alegazioak ere aurkeztu zizkion auzitegietan, iritzita atzerapenak ez duela lotura zuzenik enpresarekin. Hala berretsi du konpainiak emaitzak aurkeztean ere. Baina zuzendaritzak uste du ordaindu egin beharko duela isun hori, eta horregatik erabaki du iazko urteko kontuetan sartzea.
Dena den, tren ekoizleak ez du auzia bukatutzat eman. Esan du konpainiaren interesak defendatuko dituela, eta gogorarazi du auzitara jotzeko eskubidea duela beharrezkoa dela irizten badio. Azpimarratu du, hala ere, ahaleginduko dela Renferekin akordio bat egiten. Sinatu zuten kontratuan jasota dagoenez isuna, Renfek ezin du orain atzera egin, baina atzeratzea erabaki lezake. Gainera, Talgok jada entregatu dizkio zor zizkion tren gehienak.
Isunaren zama
Zama handia da isuna Talgorentzat. Izan ere, kontu ekonomikoei dagokienez, 2024a ona izan zen tren ekoizlearentzat: inoizko salmenta handienak lortu zituen, 8,8 milio euroren irabaziak guztira. Ustiaketa gordinaren emaitza edo EBITDA —interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabaziak— 46,7 milioi eurokoa izan da. Isuna ordaindu beharko ez balu, 70 milioi eurokoa izango litzateke.
Hori gutxi ez, eta eskari zorroa beteta dauka oraintxe bertan: 4.173 milioi euroko balioa duten eskaerak ditu, eta, beraz, gutxienez hurrengo bost urtetarako lana bermatuta dauka. Konpainiak nabarmendu duenez, horrek diru sarreretan ere eragin nabarmena izango du. Eskari horien gehien-gehienak mundu osoko erosleenak dira.
Tren ekoizleak azpimarratu du datorren urterako aurreikuspenak ere onak direla. Izan ere, tren berriak ekoizteaz gain, sinatuak ditu tren zaharrei ere mantentze lan zerbitzuak emateko kontratuak, eta horrek diru sarrerak bermatuko dizkiolakoan dago. Gainera, kontratu berriak lortzeko nahia ere adierazi du.
Baina Talgo trantsizio aldi betean dago, eta ikusteko dago horrek nola eragingo dion enpresaren jarduerari. Akzioen %29,7 eskuratuta, Sidenor buru duen euskal erakundeek eta enpresek osatutako partzuergoa bilakatu da haren akziodun nagusia, eta konpainiak duen egoera korapilatsuari aurre egin beharko dio. Isunak, hain zuzen ere, zeresan handia izan zuen negoziazioetan, eta orain zorrari eta eskariei aurre egitea izango dute erronka.