Renfek Talgori jarritako isuna atzeratzea proposatu du

Zorra berrantolatuko balute, errazagoa litzateke Sidenor buru duen euskal partzuergoak akzioak erostea. Maiatzaren 15era arteko epea dute horretarako.

Talgok egindako abiadura handiko tren bat, Vigoko geltokian (Galizia). SALVADOR SAS / EFE
Talgok egindako abiadura handiko tren bat, Vigoko geltokian (Galizia). SALVADOR SAS / EFE
jokin sagarzazu
2025eko martxoaren 28a
13:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Talgoren azken korapiloa askatzen ari da, eta gero eta gertuago dago Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak —Finkatuz funtsaren bidez— eta Kutxabanken bi fundaziok —BBK-k eta Vitalek— osatutako partzuergoak tren ekoizlearen kontrola hartuko duten eguna. Talgori ezarritako 116,6 milioi euroko isuna zazpi urtetan zatitzeko aukera aztertzen ari da Renfe, eta, hortaz, 2031ra arte atzeratzea ordainketa osoa. Neurri horrek bidea emango lioke euskal partzuergoari tren fabrikatzailearen akziodunen taldean behingoz sartzeko eta, hala, tren fabrikatzailearen egoitza Madrildik Arabara itzuli eta deslokalizazioaren mamua behin betiko uxatzeko.

Hirukoak otsailean egin zuen aurreakordioa Trilantic funtsarekin, haren esku dagoen kapitala erosteko (%29,77), baina operazioa ez da oraindik gauzatu. Haren arabera, maiatzaren 15era arteko epea dute. Renferen isuna da blokeoaren oztopo nagusia.

Otsailean, Espainiako Gobernuko Garraioko estatu idazkari Jose Antonio Santanok adierazi zuen Renfek ezin zuela zor hori barkatu, baina bai ordainketa atzeratu edo zatikatu. Negoziazioaren gertuko iturriek Efe albiste agentziari adierazi diotenez, Espainiako tren operadorea horretarako prest dago eta eskaintza hori berretsi du, baina ohartarazi dute zenbait xehetasun falta direla oraindik. Besteak beste, ordainketa atzeratzeak eragingo lituzkeen interesekin loturikoak argitu behar dituzte.

Zama handia

Renferekin duen zorra zama handi bat bihurtu da Talgorentzat eta haren akziodunentzat. Tren ekoizleak inoizko salmenta handienak lortu zituen iaz —669 milioi euro—, baina isun hori dela-eta 107 milioi euroren galerak erregistratu zituen.

TALGO
Talgoren %29,77 erosi duen partzuergoko buruak, otsailaren 14an. Xabier Sagredo (BBK), Mikel Jauregi (Jaurlaritzako Industria sailburua), Jose Antonio Jainaga (Sidenor), Noel d'Anjou (Eusko Jaurlaritza, Finkatuz) eta Jon Urresti (Vital). IREKIA

2016an hasi zen auzia. Talgok 2.600 milioi euroko kontratu bat lortu zuen, Renferentzat abiadura handiko Avril modeloko 30 tren egiteko eta trenen mantentze lanak bere gain hartzeko, baina ezin izan du enkargua agindutako epean bete. Gainera, tren berriek matxura ugari izan dituzte harrezkero.

Ordutik hona, isunari aurre egiteko, auzitegietara jotzeko aukera aipatu du Talgok. Konpainiak argudiatu duenez, bere jarduerarekin zerikusirik ez duten arazoek baldintzatu dute atzerapena. Adibidez, tren berriak trenbideetan probatzeko epe bat hitzartu zuen Renferekin, baina ez dute bete. Horrez gain, pandemiaren ondorioz izandako hornidura arazoak aipatu ditu.

Baina Renferekin duen kontratua ez ezik, beste batzuk betetzeko ere zailtasun asko ditu Talgok: horretarako, lantegi eta eskulan gehiago beharko lituzke, besteak beste. Gaur egun bi fabrika ditu, bata Las Rozasen (Madril) eta bestea Ribabellosan (Araba). Azken horretan zazpiehun langile inguru aritzen dira abiadura handiko trenak egiten. Arazo horri irtenbide bat ematea izango da akziodun berrien erronka nagusia.

Marokoko kontratutik kanpo

Baina arazo horiek guztiek ez diote galarazi tren fabrikatzaileari kontratu berrien bila aritzea bitartean. Horietako batek lotura zeukan 2030ean Espainian, Portugalen eta Marokon egingo den futboleko munduko koparekin. Marokok bere tren azpiegitura berritzeko inbertsio handiak egin nahi ditu, eta, horretarako, Espainiako eta Frantziako gobernuen finantzaketa lortu du, eta babes diplomatikoa Mendebaldeko Saharako auzian.

Talgo kontratu batzuk lortzeko hautagaietako bat zen, baina azkenean kanpoan gelditu da. Zehazki, Tanger eta Marrakex arteko abiadura handiko hemezortzi tren egiteko kontratua zeukan begiz jota —baita beste euskal enpresa batek ere: CAFek—, baina, azkenean, Frantziako Alstomen esku geratu da, eta ostiral honetan sinatu dute akordioa. CAFek, berriz, hiriarteko 40 tren egiteko kontratua lortu du, 600 milioi euroko negozio bolumena duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.