Rementeriak ohartarazi du ez dagoela akordiorik ekarpen legea berritzeko

Bizkaiko ahaldun nagusiak eskatu du «datu objektiboekin» erakustea bere lurraldeak diru gehiago jarri beharko lukeela gastu komunetarako

Pedro Azpiazu eta Unai Rementeria, joan den astean, Finantzen Euskal Kontseiluan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak hoztu egin du ekarpen legea bizkor berritzeko itxaropena. Proposamen berria «nahiko aurreratuta» dagoela eta legealdi honetan onartzeko asmoa zutela iragarri zuen Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak, joan den asteko Finantzen Euskal Kontseiluan. Rementeriak atzo ohartarazi zuen ezer aurkeztu aurretik aldundien oniritzia beharko dela, eta argitu zuen halakorik ez dagoela.

2007koa da orain indarrean dagoen ekarpen legea. Bost urterako legea denez, 2011n berritu behar zen, baina akordiorik ez dagoenez, ordukoa luzatu behar izan dute. Bizkaia gakoa da ekarpen legearen berritzean, teoriak esaten baitu hark duela galtzeko gehien baldin eta lege hori aldatzen bada. Lege horrek finkatzen du hiru lurraldeetako ogasunek bildutako diruaren zer parte ematen dioten Eusko Jaurlaritzari —%70,04 gaur egun—, eta gainontzekoa nola partekatzen duten. Oraingo sistemarekin, Jaurlaritzak jaso behar duenaren ia %51 jartzen du Bizkaiak, %33 Gipuzkoak eta %16 Arabak. Behin diru hori jarrita, gainontzekoa beraientzat eta udalentzat gordetzen dute. Kontua da Arabako eta Gipuzkoako aldundiek urteak daramatzatela esaten sistema horrekin Bizkaiko Aldundiak biztanleko askoz diru gehiago duela haiek baino, eta hori zuzendu behar dela legea aldatuta.

Bizkaiko Aldundiak, berriz, ez du orain arte onartu desoreka dagoenik, eta ildo horri eutsi zion atzo Rementeriak, Finantzen Euskal Kontseiluaren bilerari buruz Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian. «Banaketari buruz sor daitezkeen arazoei buruz akordio bat eta oniritzia egon beharko du. Non egon daiteke arazoa? Bada, beti azaldu dugun lekuan. Bizkaian beti esan dugu objektiboki nahiko datu badaude erakusteko Bizkaiak EAEren gastu komunetan gehiago jarri behar duela hala egingo dugula, baina horrek horrela izan behar duela dioten datu objektiboak baldin badaude, baina ez dauden bitartean, ez».

Azken hamar urteetan luzatuta izan den legeak «funtzionatu du», Rementeriaren arabera, eta horren adibide gisa aipatu du bi funts daudela desorekak zuzentzeko —1997an sortutako elkartasun funtsa eta 2019ko funts berezia—. Funts horiek 56,8 milioi izan dituzte aurten, horietatik 8,6 milioi Bizkaiak jarritakoak, eta dena Arabak jaso du.

Udalei dagokienez, Bizkaiko Aldundiak atzo erabaki zuen udalei 2023 arteko epea ematea itzuli behar dizkioten ia 46 milioi euroak itzultzeko. Iazko zerga bilketa uste baino %10,9 txikiagoa izateak eragin du aldundiak udalei aurreratutako diru bat bueltan jasotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.