Red Electricak inbertsioak iragarri ditu industriaren beharrei buruzko eztabaida betean

Abantoko argindar estazioa handituko dute, Bilbo Handiko potentzia faltari erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak Madrili eskatu dio sarea berritu eta indartzeko, egitasmo industrialak ez galtzeko.

Goi tentsioko linea bat, Gueñesen, Bizkaia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Goi tentsioko linea bat, Gueñesen, Bizkaia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko martxoaren 20a
14:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak argindar sarea handitzeko eskatu eta ordu gutxira, elektrizitatea garraiatzeaz arduratzen den enpresak, Red Electricak, iragarri du Abantoko (Bizkaia) azpiestazio elektrikoa handitzeko lanak hasi dituela.

Halako azpiegituretan, argindar tentsioa egokitu —handitu ala txikitu— egiten da inguruko kontsumitzaileen beharretara. Red Electricak azaldu duenez, zabalkuntza horrekin inguruko enpresentzako banaketa indartuko du: adibidez, Abanto-Zierbenako Parke Teknologikorako. Inguruko hiriguneetako beharretarako ere egokituko du.

Horrekin batera, Red Electricak aurreratu du Abantoko estazioaren beste handitze batean ere ari dela lanean: hain zuzen, elektrizitate kontsumo handia duen industria enpresa baten hornidurarako konexio batean. Esan dute bi handitze horiek denera hiru milioi euroko kostua izango dutela eta  apirilerako dituztela.

%53

 

Industriaren kontsumoa Energiaren Euskal Erakundearen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan iaz kontsumitutako argindar guztiaren %53 industrian erabili zen; zerbitzuen sektorean %22, eta etxeetan %16. Industrian oro har %0,6 handitu da, baina argindar kontsumitzaile handien azpisektore batzuetan behera egin du: hala nola beiraren industrian (-%23,5), zementuarenean (-%16,6), zurarenean (-%8,0) eta autogintzarenean (-%3,3). Bestalde, handitu egin da papergintzan (%10,6), kimikan (%4), siderurgian (%3,8), metalurgian (%3,4) eta elikadura sektorean (%2,5). Bestalde, gasaren kontsumoa oro har %3,6 handitu da. Eta ibilgailuentzako erregaiena %4.

Pradalesen bitartez azpiegitura elektrikoen faltari buruzko eztabaidak komunikabideetara jauzi egin duenean egin du iragarpen hori Red Electricak. Baina ez da aurten egiten duen lehen inbertsioa. Martxo hasieran, jakinarazi zuen Zornotzan (Bizkaia) azpiestazio elektriko bat eraikitzeko lanei ekin ziela (Luminabaso). Azpiegitura horren helburua izango da abiadura handiko trenaren lineara elektrizitatea banatzea. 2026rako amaituta egotea espero da, eta bederatzi milioi euroko kostua izango du.

Nafarroako eta mugako lotuneak

Abantoko estazioaren handitzea eta Zornotzako azpiegitura berria Espainiako Gobernuak 2021-2026 urteetarako diseinatutako plan estrategikoan zeuden. Hor ere beste egitasmo batzuk agertzen dira: horien artean, Deikaztelu (Nafarroa) eta Itsaso (Gipuzkoa) lotu nahi dituen goi tentsioko linea. Proiektu horrek hamarkada bat baino gehiago darama geldiarazita, besteak beste hainbat eragilek jarritako helegiteengatik. Linea Horrek bat egingo luke gaur egun eraikitzen ari diren Itsaso eta Gueñes (Bizkaia) arteko goi tentsioko linearekin, eta Nafarroan ekoiztutako argindarra Bilbo Handira garraiatzea du xede.

Beste egitasmo nagusiek Frantziako sareko lotuneekin daukate zerikusia. Espainiako Gobernuak bi indartu nahi ditu: Irundik (Gipuzkoa) muga zeharkatzen duena, eta Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Landak) lotzen dituen ur azpiko kablea.

Bestalde, atzeratu egin du Nafarroa eta Landak batzeko goi tentsioko linearen egitasmoa —Frantziako Gobernuak gauza bera egin du—. Espainiako Gobernua 2030erako plan estrategikoa berrikusten ari da orain, eta hor ere ez da azaltzen; bai, ordea, Irungoa eta Nafarroa eta Gipuzkoa artekoa, eta Bilbo Handian egin nahi dituen beste egitasmo batzuk.

Espainian legez mugatuta dago Red Electricak sarean egin ditzakeen inbertsioen zenbatekoa, horien parte bat kontsumitzaileen fakturetara igarotzen baita gero, eta horrek igoera handiak eragin ez ditzan.

Pradalesen eskaera

Atzo, Murgan (Araba) asfalto jasangarria ekoizteko ireki berri duten plantaren inaugurazioan, Pradalesek «inplikazio handiagoa» eskatu zion Espainiako Gobernuari Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare elektrikoarekin. Zehazki, garraio eta banaketa sareetan inbertitzeko eskatu dio, potentzia handitzeko.

Europako Batzordeak ohartarazi duenez, lurralde askotan zaharkituta daude argindar sareak, eta berritu egin behar dira, trantsizio energetikoaren beharrei aurre egiteko.

Iberdrolaren arabera, EAEn eskari elektrikoa zortzi aldiz handiagoa da duela hiru urte baino, eta sarera konektatzeko eskaeren erdiak atzera bota dira gaitasun faltagatik. Jaurlaritzak nabarmendu duenez, arazo handi bat da hori Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan kokatu nahiko duten enpresentzat, eta lehiakortasun galera handia da euskal ekonomiarentzat.

429

 

Artecheren irabaziak Argindar sarearen sektorean enpresa handi bat dago Euskal Herrian: Arteche. Transformadoreak eta gailu elektrikoak ekoizten ditu Mungiako (Bizkaia) talde horrek, eta iaz 18,9 milioi euroren irabaziak izan zituen, aurreko urtean baino %56,7 gehiago. Salmentak %11,5 handitu zituen, 447,5 milioi euroraino. Konpainiak adierazi duenez, bi faktorek eragin dituzte emaitza on horiek: sektorearen «garai onak» eta enpresak duen «posizionamenduak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.