Buruzagiak aldatzeko garaian dago UGT sindikatua, hilabetean Hego Euskal Herrian dituen bi idazkari nagusiek kargua utzi baitute. Otsailaren amaieran, Lorenzo Riosek Jesus Santos ordezkatu zuen Nafarroako UGTko buruzagi postuan, eta, gaur, Raul Arzak (Laudio, Araba, 1963) jakinarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko UGTko idazkari nagusia izateari utziko diola. Afiliatuek hilaren 13an eta 14an egingo den bilera orokorrean aukeratuko dute haren ordezkoa, eta sindikatuak ez du oraindik izenik jakinarazi, baina jada bada bere burua aurkeztu duenik.
Raul Arzak hamabi urte egin ditu karguan, 2013an Damaso Casadok utzitako lekua bete zuenetik. Batzar orokorraren aurkezpen prentsaurrekoan jakinarazi du bere erabakia, eta «alde batera» egiteko garaia zela esan du. Idazkari nagusia izatea «ohorea» izan dela nabarmendu du, eta gogoan hartu ditu ETAk hildako sindikatu kideak. Arantza Ruiz sindikatuko antolakuntza idazkariarekin agertu da hedabideen aurrean, baina ez dute argitu ordezkoa hura izango ote den.
IRAKURRI GEHIAGO
Arza Lanbideko teknikaria da ogibidez, eta ibilbide politikoa ere eginikoa da: 1995etik 2022ra PSE-EEko zinegotzi izan zen Laudion, eta aurretik, Arabako Batzar Nagusietako batzarkide. Kargua hartu zuenean, zortzi urterako asmoa zuela esan zuen, baina beste lau egin zituen, pandemia osteko egoera kudeatzeko.
Bere ibilbidean elkarrizketa sozialeko mahaiaren defendatzaile sutsua izan da, eta harreman estua izan du CCOOrekin —Loli Garcia haren idazkari nagusiak ere kargua utziko du aurki—. Agurrean, elkarrizketaren aldeko aldarri bat egin du: «Inoiz ezin da alferrik galtzen utzi langileen baldintzak hobetu ditzakeen foro edo mahairik».
Azken urteetan indarra galdu duen arren, UGT da oraindik Nafarroan ordezkari gehien duen sindikatua (%24,8), baina laugarrena da beste lurraldeetan, ELAren, LABen eta CCOOren atzetik. Edonola ere, Arzaren garaian eten egin da ordezkaritza. Gaur egun, 2.000 ordezkari eta 33.000 afiliatu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 2024aren amaieran, hiru lurraldeetako ordezkari sindikalen %10,51 zituen, urtebete lehenago baino 0,32 puntu eta 300 ordezkari gehiago.