Zorraren krisia. Puerto Rico

Puerto Rico, Obamaren Grezia

66.000 milioi euroko zorrari egin behar dio aurre Puerto Ricok. Azken hilabeteetan negoziatzen ari da hartzekodunekin, baina, oraindik behintzat, ez du irtenbiderik lortu.

Alejandro Garcia Padilla Puerto Ricoko gobernuburuak adierazi du zorra «ordainezina» dela. JORGE MUÑIZ / EFE.
2015eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Grezia ez da zor ikaragarri batekin arazoa duen herrialde bakarra. Puerto Ricok 66.000 milioi euroko zorra du, BPGaren %70, eta Alejandro Garcia Padilla gobernuburua berregituratzeko urratsak egiten ari da. Asko eta asko Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen mirariaren zain daude uhartea zulotik ateratzeko. Dena den, orain arte behintzat ez du pausorik eman Obamak; atzo bertan, herrialdeko finantza ministroak adierazi zuen uhartearen zorra berregituratzearen «alde» dagoela, baina ez dutela «uhartearen erreskate finantzarioan parte hartuko». Etorkizun iluna eta konplexua du Puerto Ricok.

PUERTO RICO: ESTATU LIBRE ELKARTUA

Antza izan arren, Puerto Ricoren kasua ez da Greziakoaren berdina; ez da estatu independente bat, AEBei atxikitako estatu libre elkartu bat baizik. Hori horrela, AEBetako Kongresuan hartzen dira Puerto Ricoren inguruko erabaki asko: diruaren, finantza sistemaren, defentsaren, kanpo harremanen, immigrazioaren eta merkataritzaren ingurukoak. Gainera, Puerto Ricok ezin du itun komertzialik egin; AEBetako ontziak soilik sar daitezke herrialdera, eta ez du inportazioen gaineko kontrolik.

Dena den, AEBak dira herrialdearen diru iturri nagusia; 18.000 milioi euro ematen dizkiote urtero Puerto Ricori. Diru sarrera hori ez da nahikoa Puerto Ricoren arazoak konpontzeko: biztanleen %45 pobre bizi dira; herrialdearen langabezia tasa %14 da, eta sekulako finantza krisia dauka.

Estatus berezi hori dela eta, Puerto Ricok ez dauka herrialde independente batek egoera ekonomiko txar horri aurre egiteko edukiko lukeen tresna ekonomikorik eta legalik. Herrialdeak ezin dio laguntzarik edota mailegurik eskatu Nazioarteko Diru Funtsari. Gainera, AEBetako lege federalek debekatu egiten diote bankarrota adieraztea eta zorrak ez pagatzea. Horrek esan nahi du lege aldetik zorra ordaintzeko urte gehiago beharko dituela uharteak, baina ezingo diela muzin egin.

HERRIALDEAREN BILAKAERA EKONOMIKOA

2000.urtean hasi zen Puerto Ricoren egoera ekonomikoa kontrola galtzen; urte hartan hasi zen gobernua zorpetzen. Defizita izugarri handitu zen, kontrolaezina bihurtzeraino. 2005 eta 2014 bitartean, zergetatik bildutako dirua %6,8 jaitsi da. Ondorioz, 2004tik aurrera inbertsioek behera egin zuten, eta 2006. urtean AEBek fabrikatzaileei jarritako zergak areagotu egin zuen ekonomiaren gainbehera. Herrialdeko barne produktu gordina (BPG) txikitu egin da hainbat urtez jarraian, eta, ekonomiaren egoera txartzearen ondorioz, emigrazioa etengabekoa izan da urte horietan. «Puerto Rico emigrazioaren, austeritatearen, zergen igoeraren eta atzeraldiaren gurpil zoroan sartu zen», aitortu du Garciak.

Orain, herrialdeak 66.000 milioi euro zor dizkie inbertitzaile pribatuei, eta 34.000 milioi euro zor ditu pentsioetan eta osasun zerbitzuan. Azken urteetan pilatu den zor hori ordaintzeko herrialdeari eman dizkioten maileguen interesak ere gehitu behar zaizkio zorrari.

Puerto Ricoren estatus politiko berezi horrek zeresan handia izan du zor horren pilaketan. Urteetan, Garciaren gobernuak maileguak eskatu dizkie inbertitzaileei, zorrak eta aurrez pilatutako zorren interesak ordaintzeko. Denbora horretan, inbertitzaileak prest agertu dira gobernuari nahi zuten adina diru emateko. Izan ere, lege federalen arabera, bonuen balioengatik interes handiak kobratzen zituzten, eta ez zuten interes horien gaineko zergarik ordaintzen. Ondorioz, herrialdearen zorra etengabe handitu da.

ZORRA BERREGITURATZEKO EGINDAKO URRATSAK

Garcia gobernuburuak adierazi du zorra «ordainezina» dela, baina bere gobernuak «ahal duen guztia» egingo duela zorra berregituratu eta ordaintzeko, «biztanleek murrizketarik jasan beharrik izan gabe». Argi utzi du «gurpil zoro hilgarri» horretatik atera eta ekonomiak hazi egin behar duela.

Horretarako, hainbat urrats egin ditu Garciak azken hilabeteetan. Alde batetik, hainbat enpresa publikok —PREPA energia konpainiak, esaterako— zorraren berregituratzearen inguruko negoziazioak hasi dituzte hartzekodunekin. Hain zuzen ere, zorraren zati bat —377 milioi euro— ordaindu du PREPA energia konpainiak.

Bestetik, Puerto Ricoko legegileek salbuespenezko izaera duen Porrotaren Legea proposatu dute parlamentuan. Lege horren helburu nagusia, Puerto Ricori bankarrota adieraztea debekatzen dion legea bertan behera uztea da; zehatzago esanda, lege horrek bankarrota adierazi eta zorra berregituratzeko aukera emango lioke uharteari, baina inbertitzaile pribatuen funtsak mehatxatzen ditu. Dena den, epaile federal batek baliogabetzat jo du lege hori, Puerto Ricok AEBetako legeak bete behar dituela argudiatuta. San Juango gobernuak helegitea jarri dio erabakiari. Hillary Clinton AEBetako Alderdi Demokratako presidentegai izateko hautagaiak berak ere adierazi du legea abian jarri beharko litzatekeela, uharteak zorra berregitura dezan.

Begi bistakoa da herrialdeak dirua behar duela pilatutako zorra ordaintzeko. Dirua lortzeko bide bat zergak igotzea da. Alde horretatik, Garcia gobernuburuak austeritatezko aurrekontuak aurkeztu zituen Kongresuan, apirilaren 30ean. Aurrekontuak, ordea, ez ziren onartu.

Uztailaren 13an, San Juango gobernua herrialdeko hartzekodunekin bildu zen. Hartzekodunak oso gogorrak izan ziren, eta adierazi zuten ez zutela zorraren berregituratzerik onartuko. Melba Acosta gobernuko zerga aholkulariak, berriz, azaldu zuen ez zirela «zorraren murrizketarik eskatzen ari, ekonomiaren hazkundea eta oreka fiskala baizik». Hori horrela, irailaren 1a baino lehen, hurrengo bost urteetan uhartearen finantza sistema hobetuko duen plan bat egiteko konpromisoa hartu zuen Acostak.

ETORKIZUNA, BELTZ

Greziakoa bezala, uharteko zorra ere ez da «jasangarria». Hori adierazi du Anne Krueger Munduko Bankuko ekonomialariak txosten batean. Datuek ere hori baieztatu dute: Puerto Ricoko Finantzaketa Publikoaren Korporazioak 85 milioi euro ordaindu behar zituen uztailaren 15a baino lehen, eta Puerto Ricoko Zerga Agentziak 127 milioi euro bueltatu behar ditu etzi baino lehen. Hori horrela, Kruegerren ustez, beharrezkoa da uharteko zorraren interesak jaistea eta zorra ordaintzeko epea luzatzea.

Ikusi beharko da Garciak lortzen duen zorraren ordainketaren baldintzak eta epea negoziatzea hartzekodunekin, eta Obamaren gobernuak zein jarrera hartzen duen; Puerto Ricori erreskate plan bat eskaintzen dion —zorraren zati bat ordaintzeko aukera emango liokeen likidezia jasotzeko—, eta bankarrota adieraztea ahalbidetuko liokeen legea onartzen duen. Etorkizuna zalantzaz betea du uharteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.