Gaur egun, bidegabeko kaleratzeagatik 33 eguneko soldata ordaintzen da lan egindako urte bakoitzeko, gehienez 24 hilabetez. Askorentzat gutxiegi da, eta 33 egunetik 45 egunera handitzeko proposamenak mahai gainean daude. ERCk kalte ordaina handitzeko mozio bat aurkeztu zuen atzo Espainiako Diputatuen Kongresuan, baina, gaurko bozketan, ezezkoa nagusitu da: 222 diputatuk bozkatu dute mozioaren aurka, etasoilik 55ek alde.
EH Bilduk, ERCk eta Unidasek Podemosek bozkatu dute alde, besteak beste, baina PSOEk aurka egin du, PP eta Ciudadanosekin batera.
Hala ere, kontua ez da hor geratuko. Izan ere, martxoan EH Bildu, ERC eta BNG alderdiek egindako lege proposamena eztabaidatuko dute Diputatuen Kongresuan. ERCren mozioa baino orokorragoa da proposamena, eta azken lan erreforman hobetzeko geratu ziren gaiei heltzea dute asmoa; bidegabeko kaleratzeagatik jasotzen den kalte ordaina tartean.
Kataluniako epaia
Nondik dator, baina, eztabaida? Joan den urtean UGT sindikatuak Espainiako Gobernuaren aurkako salaketa bat jarri zuen Giza Eskubideen Europako Batzordean, argudiatuta bidegabeko kaleratzeengatik ematen den kalte ordaina apalegia dela. Hala ere, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek piztu du eztabaida berriro.
Langile batek lau hilabete zeramatzan enpresa batean lanean, eta, pandemia iritsi zenean, enpresak kaleratu egin zuen; gainerako langileei ABEE aldi baterako enplegu erregulazioa ezarri zieten. Kaleratuta zegoela zioen gutunean, 942 euroko kalte ordaina jasotzeko eskubidea zuela adierazi zioten langileari. Azkenean, auzitegiak 4.435 euroko kalte ordaina ematera behartu zuen enpresa, hasierakoa baino lau aldiz handiagoa. Hala argudiatu zuen epaitegiak: «1.000 eurora iristen ez den legezko kalte ordaina nabarmen hutsala da, eta ez du enplegua galtzeagatik eragindako kaltea estaltzen».
Hala, joan den astean, Yolanda Diazek kalte ordainei buruz hitz egin zuen Diputatuen Kongresuan. Espainian langile bat kaleratzea «merkeegi» dela adierazi zuen, eta enpresarientzat izan beharko lukeen disuasio efektua galtzen duela.