Protestan segituko dute Ipar Euskal Herriko laborariek

Frantziako Gobernuaren iragarpen indartsurik ezean ekintza ikusgarriak egingo dituztela erran du FDSEAk. ELB sindikatuak ere iragarri ditu ekintza gehiago.

(ID_13524930) (/EZEZAGUNA) (;)
FDSEAko laborarien protesta autobidean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Ipar Euskal Herriko laborariek ez dute protesta eteteko asmorik. FDSEAko kideek A63 autobidea blokeatu zuten atzo goizean, Baionan, eta Eric Mazin sindikatuko kideak iragarri du gutxienez gaur arratsera arte segituko dutela. Jakinarazi du Frantziako Gobernuaren aldetik iragarpen indartsurik gertatu ezean ondoko asteetan ekintza gehiago eginen dituztela, «zehatzagoak», otsail bukaeran iragatekoa den Frantziako Laborantza azoka iritsi arte. «Frantzia mailako kontsignak izan ditugu presioa emateko». Laborariek dituzten «kexu gorria» eta «arrangura» azpimarratu ditu Mazinek, eta gisa horretako ekintzak egitera «behartuak» zirela erran du: «Ez genuen beste biderik». 

Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidentea agertu zitzaien atzo ekintza gunera, eta harekin solastatzeko parada izan zuten. «Erran zigun beharbada zerbait laxatuko dutela Parisen, baina ez genuela gauza askorik espero behar», deitoratu du Mazinek. Babes politiko batzuk ere izan dituztela erran du, eskuin muturretik eta eskuinetik. «Oihartzuna nahi dute, besterik ez, Europako hauteskundeak hurbiltzen ari baitira. Zinezko iragarpenak behar ditugu; bestela, ez du balio laborantza azokara ager daitezen espantu egitera». 

«Badira etxalde batzuk galtzetan ekoizten dutenak. Saltzen dugun produktuari esker bizi nahi dugu».ERIC MAZIN FDSEAko kidea

Dituzten aldarrikapenak banan-banan zerrendatu ditu Mazinek: laborarien eta elikadura sektorearen arteko merkataritza harremanen oreka hobetzea helburu zuen Egalim Legea ez dela errespetatua, gasolio profesionalaren prezioa ez emendatzea, hainbat gairen prezioaren emendatzea, Europako normen harmonizazio falta... «Badira etxalde batzuk galtzetan ekoizten dutenak [...] Oro har, Frantziako ekoizpena apaltzen ari da, eta Europako eta nazioarteko beste herrialdeetatik inportatzen ditugu mozkinak [...] Sentimendua dugu ez gaituztela lagundu nahi [...] Saltzen dugun produktuari esker bizi nahi dugu», adierazi du. Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak berriki errandakoak salatu ditu: «Erran du laborariak proposamen ekarle izan behar dugula. Zinez, gutaz trufatzen dira!».

ELB ere mobilizatua 

Frantziako eremu batzuetan Confederation Paysanne mugimenduan sartu bada ere, haren kide ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak ez zuen parte hartu atzoko ekintzan. FDSEAk bere aldetik erabakitakoa izan dela adierazi du Beñat Etxeto laborariak.

Azken hilabeteetan ELBk ere egin ditu protestak, eta behin baino gehiago bildu da Frantziako autoritateekin. Hala ere, egun hauetan abiatu denari jarraikiz, aurki ekintza gehiago eginen dituztela iragarri du Etxetok, noiz eta zer zehaztu gabe. Izan ere, etxaldeetan gutxi gorabehera zailtasun berak pairatzen dituzte. Klima aldaketaren ondorioak lehenik: idorteak izan ziren orain dela bi urte, harri erauntsiak ere behin baino gehiagotan. «Mahastiak, larreak, hunkiak izan dira; uztak, galduak». Eta, haren ustez, azken urteetan ateratzen ari diren eritasun berriak ere horrekin lotu daitezke: «orain arte, beroagoak diren beste herrialde batzuetako eritasunak dira. Gure kabalak ez dira usatuak, eta kalte handiak eragiten ditu».

Horrez gain, azken hilabeteetako borroka dute laborariek eritasun hemorragiko epizootikoari buru egiteko kalte ordainak eskuratzea. Marexal gastuen %80 ordaintzea eta kabala hil bakoitzeko %80ko ordainsaria ematea onartu zuen Frantziako Gobernuak lehengo astean; FNSEAk eskatutakoaren heinekoa. «Guk %100 nahi dugu. Elkarrekin aritu izan bagina, lortuko genuen», deitoratu du Etxetok, sindikatu frantsesak Euskal Herrian eta Parisen duen «diskurtso bikoitza» salatuta. Azken hilabeteetan ekintza bat baino gehiago egin dituzte horri buruz. Frantziako Gobernuaren erantzuna ez da egoeraren neurrikoa izaten ari, Euskal Herriko sindikatuaren iritziz. 

«Funtsean, sufritzen ditugu azken 40 urteetan hartuak izan diren erabakiak, merkatu libreko akordioak».BEÑAT ETXETOELBko kidea

Prezioen emendatze orokorra ere salatu dute laborariek, hala nola gasolio profesionalarena edo elektrizitatearena; baina hainbat gairen inguruan dagoen espekulazioa gaitzetsi du bereziki Etxetok: «Bada espekulazioa zerealetan, lastoan... artoaren prezioa bikoiztu da azken bost urteetan, lastoarena ere azken bizpahiru urteetan. Araberan, guk ez ditugu gure mozkinen prezioak emendatu». Erran duenez, industrialak eta supermerkatuak egoeraz «baliatzen» ari dira. «Funtsean, sufritzen ditugu azken 40 urteetan hartuak izan diren erabakiak, merkatu libreko akordioak». Ildo beretik jo du FDSEAko Mazinek ere: «Badira laborarien bizkar aberasten ari diren jendeak».

Azkenik, Europako NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzak ere izan dituzte hizpide, bai FDSEAk eta bai ELBk. Urtez urte apaltzen ari direla salatu dute, eta, gainera, behar baino berantago helarazten dizkiela.

Estatuaren erantzuna

Deigarria da FDSEAko laborarien ekintzaren aitzinean Frantziako Estatuak emandako erantzuna: atzo goizean ekintza abiatu zutenerako, jendarmeriako hainbat unitate zeuden Baiona iparraldeko autobide sarreran, baina arazorik gabe utzi zieten traktoreekin A63 autobidera sartu eta zirkulazioa blokeatzen. Ekintzak sekulako kolapsoa sortu zuen Baionan eta Ipar Euskal Herri osoan, baina egun osoan ez zen segurtasun indarren esku hartzerik izan. Begi bistakoa da beste kolektibo batzuen aitzinean izan ohi duten jarrerarekiko aldea.

Atzo arratsean, mezua zabaldu zuen Pirinio Atlantikoetako prefeturak X sare sozialean: «auto lerro garrantzitsuak espero dira 17:00etatik aitzina Espainiatik Frantziarako bidean; erabiltzaileei bidaia aurreikusi eta bigarren mailako errepideak hautatzeko gomendatzen die prefeturak». 

Frantziako laborari sindikatuak egindako ekintzaren zilegitasuna defendatu du ELBko Etxetok, baina Frantziako Estatuaren eta FDSEA sindikatuaren arteko «maskarada» salatu du. «Guk ekintza bat egiten dugunean, zirkulazio oztopatzen ez badugu ere, berehala ditugu CRSak eta isunak. Batzuek zernahi egiten ahal dute; beste batzuek ez; ez da legea berdina denentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.