Joseba Permach. Kutxako batzarkidea

«Proposamena ez da iraungiko ostiralean; atzera egin daiteke »

EH Bilduko Kutxako batzarkidearen ustez, ez da benetako eztabaidarik egon Gipuzkoako Diputazioaren proposamenari buruz. Uste du banku fundazio bihurtu ostean ere posible dela atzera egitea.

Jon Fernandez.
Donostia
2014ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Kutxak eta Kutxabankek hartu duten bideak alternatibak badituela sinetsita dago Joseba Permach (Donostia, 1969) EH Bilduk Kutxako batzar orokorrean duen ordezkaria. Hala ere, ez du ikusten aldaketarako borondaterik gainontzeko alderdien aldetik.

Posible ikusten duzu Kutxako batzarrak ostiralean ezezkoa ematea banku fundazioari?

Borondate politikoa balego, aukera legoke, abenduaren 31 bitartean aukera badagoelako. Areago, banku fundazio bihurtu ondoren ere posible litzateke atzera egitea eta kontrol publikoa eta soziala mantentzea. Ez bakarrik Gipuzkoaren kasuan, baita BBKn eta Vitalen ere. Baina, zoritxarrez, ez dugu ikusten borondaterik.

Zelan da posible atzera egitea?

Iazko abenduan onartutako banku fundazioen legeak dio banku bateko akzioen %10 baino gehiago badituzu banku fundazio bihurtu behar duzula. Baina guk ulertzen dugu, eta aldundiaren txostenak ere hala dio, %10etik behera izango balute automatikoki banku fundazio izateari utziko lioketela.

Zuek ulertzen duzue horrela ala horrela dio legeak?

Legeak espresuki dio bi aukera daudela, fundazio arrunt bezala gelditzea edo banku fundazio bihurtzea, eta akzioen %10 baino gehiago baditu banku fundazio bihurtu behar duela ezinbestean. Beraz, %10etik behera geratuko balitz automatikoki fundazio arrunt bihurtuko litzatekeela.

Kutxako batzarrean ordezkari gehien EH Bilduk du, gehiengo osorik izan gabe. Zergatik ez duzue lortu inor konbentzitzerik?

Batetik, Kutxaren egungo osaera kutxen lege aldaketa baten ondorio da. Patxi Lopez gobernatzen zegoela legea aldatu zuten PPren eta EAJren adostasunez. Udalen ordezkaritza murriztu zuten kutxetako batzarretan. Horregatik, EH Bilduk ez du Gipuzkoan pribatizazio prozesu honi aurre egiteko indar nahikorik.

Baina zergatik ez duzue inor erakarri zuen jarrerara?

EAJk, PSOEk, PPk, CCOOk eta Pixkanakak jarrera oso bateratua izan dute, etengabe Kutxa eta Kutxabanken hautuak defendatu izan dituzte. Zergatik ez dugun lortu? Haiek erantzun beharko liokete galdera horri. Bereziki beraien burua ezkertzaletzat edo sindikalistatzat hartzen dutenek. Nola den posible kontrol publiko eta soziala galaraziko duen proposamen bati, eta eredu neoliberalean kokatzen den prozesu bati horrelako babesa ematea.

Bakarrik geratu zarete gai honetan. Zer interes dituzte besteek?

Ez da arraroa gu bakarrik geratzea. Bankiaren aferan agerian geratu da PSOE, PP eta IUren fundazioek diru laguntza irregularrak jaso dituztela. Guk ez daukagu daturik esateko zer dagoen honen guztiaren atzean, izango bagenitu auzitara joko genukeelako. Dena dela, hau ez da ezker-eskuin planteamendu bat. Iruditzen zaigu EAJ herri honi egiten ari zaiona ikaragarria dela, eta herri honek behar duen finantza sistema sendo baterako geneukan azken aukera galtzera goazela.

Xabier Iturbek dio aldundiaren proposamena ez dela ez bideragarria, ez legezkoa.

Ez dela legezkoa diote, baina oraindik ez dute esan proposamenaren zein atal ez den legezkoa. Aldundiak Kutxako ordezkariekin egindako bilkura batean Kutxako aholkulari juridikoek aitortu zuten ezin zutela esan legez kanpokoa zenik.

Orduan zein da arazoa?

Borondatea. Ziurrenik gauza asko egon zitezkeen eztabaidatzeko. EAJk Batzar Nagusietan akzioak erosteko proposamena egiten badu, zergatik ezin dira akzio horiek eman? Eta arazoa bada ematea, azter dezagun ea posible den akzioak euro baten truke saltzea. Hori guztia azter zitekeen borondatea balego, baina ez dago.

Ez da egon benetako eztabaidarik proposamenaren inguruan?

Ez da egon. Abenduan onartu zen legea, eta otsailean eskatu genuen Kutxaren batzar berezi bat egitea gaia eztabaidatzeko. Ez zen eztabaidarik egon. Esan zitzaigun talde bat osatuko zela horretarako, eta lehen aldiz ekainean deitu ziguten, ia sei hilabete pasatu zirenean. Bestalde, erabat salagarria da EITBk, hedabide publiko bat izanda, nola ez duen eztabaida publiko bat egin gai garrantzitsu honi buruz.

Kutxako zuzendaritzaren ustez, «lege iruzurra» litzateke Kutxabankeko akzioak udalei saltzea.

Ezin dutenez demostratu legearen kontrakoa dela, erakutsi nahi dute legearen filosofiaren kontrakoa dela. EAJk eta PPk onartutako legearen filosofia zen kontrol publiko eta soziala desagerraraztea. Halere, legeak bi aukera ematen ditu, eta guk fundazio arruntaren alde egin dugu, kontrol publikoa ahalbideratzeko.

Zein da akzioak udalen eta diputazioaren artean banatzearen helburua?

Kutxak Kutxabankeko akzioen %32 dauzka. %9,9rekin geratuta fundazio arrunt bihurtuko litzateke, baina hain da zorrotza aldundiaren proposamena, non Kutxaren, Donostiako Udalaren eta diputazioaren parte hartzea %4,9ra murrizten duen. Akzioen %5etik gora izanda administrazio kontseiluan kide bat izendatzeko aukera izan zenezakeelako. Gutxiago izanda behartzen zaitu beste akziodunekin adostera. Parte hartze murritz horrek, gainera, Espainiako Bankuaren kontrola txikiagotuko luke.

Espainiako Bankuaren onespena ziurtatuta legoke?

%5etik behera izanda, nahikoa da Espainiako Bankuari jakinarazita, onespenik behar gabe.

Zelan bermatuko zenukete instituzioek Kutxabanken mozkinak fundaziora itzultzea?

Aztertu beharreko proposamena da. Egia da akzioak eman ahal izateko kontraprestazio gabea izan beharko litzatekeela, zergak ez ordaintzeko eta Kutxak galerarik ez izateko.

Iazko abenduan onartu zuten legea. Aldundiak irailaren 10ean aurkeztu zuen proposamena. Zergatik hain berandu?

Hasieratik saiatu ginen eztabaida pizten Kutxa barruan, eta ez da borondaterik egon. Egia da orain publiko egin dela proposamena, baina jadanik ekainean eskatu zuen aldundiak txosten juridikoa.

Eta ekaina ere ez da berandu?

Ez dakit berandu den. Uste dut aldundiak garaiz egin duela proposamena. Esan beharko genuke ea gu, EH Bildu modura, zergatik ez ginen gai izan BBKra eta Vitalera horrelako proposamena eramateko. Aldundiaren txosten juridikoak eta proposamenak buelta handia eman dio eztabaidari, onartuta ziurrenik duela hiru hilabete jaso izan bagenu guztiontzat ere hobe zitekeela. Baina proposamenak ez du gaurkotasunik galduko ostiralean, gero ere posible delako atzera bueltatzea.

Norbaitek pentsa dezake Kutxabanken gaia hauteskundeetara begira erabiltzen ari zaretela.

Kutxabanken desagerpenarekin sortuko diren ondorio ekonomikoak hain dira larriak, non herri honentzat gainditu egiten dituela kostu politiko guztiak. Norbaitek pentsatzen badu honekin kanpaina egiten ari garela, ez da konturatzen herri honek duen aukera bakarra dela finantza erakunde sendo bat izateko. Kutxabanken inguruan kritikak jaso ditugu, eta batzuek aurpegiratzen digute zergatik egin genuen ituna bere garaian. Uste dugu badirela gai batzuk, herri ikuspuntu batetik adostasuna eskatzen dutenak. Bankarizazioaren kontra egon arren, duela hiru urte adostu genuen bankarizazioari baiezkoa ematea, baina esan genuen gure esku zegoen guztia egingo genuela kontrol publikoa eta gizarte ekintza mantentzeko eta pribatizaziorik ez egoteko.

Pribatizazioa salatzen duzue.Iturbek berretsi du Kutxa eta Kutxabank ez direla publikoak.

Errespetu guztiarekin esan behar dut termino horiekin hitz egitea jendea tontotzat tratatzea dela. Herri honetan sozietate publiko pila bat daude zuzenbide pribatuaren bitartez kudeatzen direnak. Orain instituzioen, bezeroen eta langileen ordezkariak dituen batzar batetik hamabost laguneko patronatu batera pasako gara. Gainera, urrats honen helburua kapital pribatuari sarrera ematea da. Gaur egun Kutxabanken kapitala hiru kutxen esku dago. Etorkizunean, zoritxarrez, egon daiteke Qattar, Massachusetts edo Londresko finantza sektoreen eskuetan.

Non ikusten duzu ekintza publikoaren arriskua?

Azken urteetan, kontrol publiko eta soziala egonda ere, ikaragarri jaitsi da gizarte ekintza. Erabakiak urruntzen diren momentutik, eta erabaki horien helburu bakarra etekinak ateratzen denean gizarte ekintzaren proportzioa murriztu egingo da. Caixabank fundazioan Carlos Slim mexikarra sartu da. Horrek erakusten du zein ligatan ari diren jokatzen batzuk, eta zorigaiztoko zein ligara eraman dezaketen batzuk Kutxabank hemendik gutxira.

Ostiralean aukeratuko dituzue patronatuan dagozkizuen ordezkariak?

Ez ditugu izendatu lotsagarria zelako instituzio baten erabilera alderdikoi hori egitea. Batzar Nagusiak Gipuzkoako parlamentua direla esan dute, baina izendapenena ez da osoko bilkuratik pasatu ere egin. Ez gaitu kezkatzen ordezkari gehiago edo gutxiago izateak. Inportantea da ea bermerik badagoen eztabaidarako ala EAJk bilatzen dituen gehiengo absolutuen bidez bere finantza ildoa aurrera eramango duen. Ez dugu ordezkaririk aukeratuko beraz. Aldundiak eta Donostiako Udalak ez dakit zer erabakiko duten.

Iturbek salatu du kanpaina bat dagoela Kutxabanken kontra. EH Bildu dago atzean?

Izugarrizko kanpaina dago Kutxabanken kontra, eta kanpaina hori Fernandezek eta Iturbek jarri zuten martxan EH Bildurekin sinatutako ituna alboratu eta pribatizazioaren bideari ekin ziotenean, etxe kaleratzeak egin zituztenean, IRPH bezalako klausula bat aplikatzen dutenean. Hori egitea da Kutxabanki egin dakiokeen kanpainarik txarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.