Ekitaldia hasi aurretik ere, jendez lepo dago Bilboko Casilla kiroldegiko aurreko aldea; baina bertaratutakoek ez daramate inongo kirol taldeko ezaugarririk, ELA sindikatuaren ikur eta itsasgarriak baizik. Izan ere, Casilla aukeratu du sindikatuak bere «proposamen politikoa» plazaratzeko: Hego Euskal Herrian 1.795 euroko gutxieneko soldata legez ezartzea, eta zerga erreforma, «iruzurra amaitzeko, gehien dutenei gehiago ordainarazteko eta diru bilketa handitzeko, zerbitzu publikoak indartzeko xedez», sindikatuaren idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren hitzetan.
Ikusi gehiago
Kiroldegiko barruko aldeak ere ez du kirol ekitaldi baten itxurarik. Den-dena pankartaz josita dago, baina ez kirolariei bihotz emateko, ezpada lan gatazkatan murgilduta dauden sektoreetako langileen aldarrikapenak plazaratzeko. Bizkaiko arte grafikoak, UTE Amvisa, Mecanizados Venar, H&M, Arabako zahar etxeak, Bizkaiko ostalaritza eta beste enpresa eta sektore batzuk ordezkatuta daude, zein bere aldarrikapenarekin. Garbiketa zerbitzuan soldata arrakala ezabatzea eta anbulantzietako zerbitzua publiko bilakatzea galdegiten duten pankartak ere badaude.
Ikusi mendizaleak abestiarekin hasi da ekitaldia, eta kiroldegia betetzen duten 4.000 afiliatuek kantuka eta txaloka ekin diote, banderak astinduz. Eskuko telefonoak amatatzeko eskatu du aurkezle lanak egiten dituen aktoreak: «Tira, norbait lan hitzarmena negoziatzeko lanetan ari bada eta dei garrantzitsu baten zain badago, horrek bibrazio moduan jar dezake telefonoa. Baina gainerakoek, itzali, mesedez, gaur oso kontu garrantzitsuen inguruan hitz egin behar digutelako».
Eta kontu garrantzitsu horiek aletzen hasi dira ELAren ordezkariak. Azterketa bulegoko arduradun Aitor Murgiak zerga erreformaren inguruko proposamena azaldu du: «Ez dago justizia sozialik zerga sistema justu eta progresiborik gabe, eta hemen, gutxi biltzen da, modu injustuan biltzen da, eta iruzurra eguneroko kontua da». Gogorarazi du sozietateen zerga enpresen etekinei baino ez zaiela aplikatzen, eta, beraz, ez duela enpresen bideragarritasuna arriskuan jartzen. Azaldu duenez, zerga erreformaren helburua izan beharko luke enpresa handiek irabazien %25 ordaintzea.
Ikusi gehiago
Eta zergen bidez diru gehiago bildu, zertarako? Galdera horri erantzuten saiatu da ELAren Ekintza Sozialeko arduradun Leire Gallego. Osasun sistema publikoan, etxebizitzaren arloan, trantsizio ekosozialean eta beste zenbait esparrutan dauden ajeak zerrendatu ditu, eta erantsi du zergen bidez bildutako baliabideek lagun dezaketela «zerbitzu publikoen gainbehera» geldiarazten. Xenofobia eta «elkartasunaren kriminalizazioa» ere aipatu ditu: «Faxismoari aurre egiten zaio politika sozialekin eta kalitatezko zerbitzu publikoekin».
«Politika egitera gatoz, Iberdrolak, Petronorrek edo Confebaskek egiten duten bezalaxe. Baina, hain zuzen, kontrako aldera»
MITXEL LAKUNTZAELAren idazkari nagusia
Sindikalizazio arduradun Ane Zelaiak, berriz, gutxieneko soldataren inguruko proposamena azaldu du. Haren ustez, gutxieneko soldata horren zenbatekoa kalkulatzeko, BPG barne produktu gordina aintzat hartu behar da: «Aberastasuna euskal langileen lanaren ondorioz sortzen da, eta zilegi da aberastasun hori modu bidezkoagoan banatzea». Haren esanetan, gutxieneko soldata 1.795 eurokoa izateak 300.000 langile «pobreziatik» aterako lituzke. Iragarri du datorren urtean herri ekinaldi legegile bat jarriko dutela abian helburu hori lortzeko: «Proposamena Legebiltzarrera eramango dugu, EAJk eta EH Bilduk ez dutelako egingo, eta, horretarako, denon sinadurak beharko ditugu».
Mitxel Lakuntza izan da azken hizlaria. Argi utzi nahi izan du haien proposamena «politikoa» dela, eta «zilegitasun osoa» dutela hori egiteko: «Politika egitera gatoz, Iberdrolak, Petronorrek edo Confebaskek egiten duten bezalaxe. Baina, hain zuzen, kontrako aldera». Haren esanetan, «aberastasunaren banaketa» sindikalismoaren muinean dagoen eskakizuna da, eta horren alde borrokatzea «sindikalismoaren erroetara» itzultzea da: «Badakigu aberastasunaren banaketaren borroka ez dela baketsua. Gai gatazkatsua da, interes ezberdinak daudelako, klase ezberdinen interesak».
Ezker politikoari kritika
Lakuntzak estu hartu du ezker politikoa, eta «egungo politika neoliberalei aurre egiteko bide orri alternatiborik» ez edukitzea leporatu dio. «Kezkaz» mintzatu da Gipuzkoan fiskalitatearen alorrean EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk lortutako akordioa dela eta: «Adostasun hori ez da albiste ona: orain arte egindakoa ontzat eman, eta ez dute inongo konpromisorik hartzen neurriak aipatzean». Haren esanetan, EH Bildu, Sumar eta Contigo Zurekin «sistema fiskal bidegabe bat samurtzen» ari dira, eta hori aldatzeari «uko» egin diote.
Repsoleko kontseilari ordezkari Josu Jon Imazek duela gutxi argitaratutako gutun irekia ere hizpide hartu du Lakuntzak: «Esan duenez, bere enpresak etekinen zergatan %10 ordaindu beharko balu, milaka lanpostu eta inbertsio handiak arriskuan egongo lirateke. Baina, aldi berean, Repsolek iragarri du 10.000 milioi euro banatuko dietela akziodunei. Horrek, antza, ez dauka inolako eragin txarrik enpleguan, ezta inbertsioan ere».
Lakuntzak iragarri du ELAk manifestazioak egingo dituela, abenduaren 13an Iruñean eta 14an Bilbon, aberastasunaren banaketaren alde aldundiak eta alderdi politikoak «interpelatzeko»: «Noren alde egingo den dago jokoan; pribilegiatuen onurei eutsi, edo langileen alde egin».