Kutxabanken etorkizuna

Pribatizazioa buruan du

Kutxabankek kontrol publiko osoa izateari utzi eta bankuan inbertitzaile pribatuak sartzea proposatuko du Mario Fernandezek.

jarraia89545.jpg
Ivan Santamaria.
2014ko martxoaren 9a
15:10
Entzun

Gasteizko aurrezki kutxak 165 urte beteko lituzke 2015. urtean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutxa publikoen sistema osatzen duten jatorriko sei erakundeetatik zaharrena da. Ez du urtemuga beteko, ordea. Aurtengo abenduaren 28rako BBK-k, Kutxak eta Vitalek aurrezki kutxa izateari utziko diote, legeak aginduta. Banku fundazio bihurtuko dira. Ez da, gainera, forma juridikoaren moldaketa hutsa izango. Aldaketa sakonago baten atarian leudeke kutxak, bereziki Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak aurreratu duen bide orria gauzatzen bada. Kutxek, fundazio bihurtuta, bankuaren kontrol osoa galtzea eragingo luke, lehen unean, ondoren gehiengoa ere galtzeko. Beste era batera esanda, Kutxabank pribatizatzeko bidean dago. Borroka politiko bihurtzeko osagai guztiak dituen prozesua.

Testuingurua

Porrot baten historia da hau. Ziur asko, aurrezki kutxen eredu historikoaren heriotza idatzita geratu zen 2012. urteko maiatzaren 9an. Egun horretan, Bankiaren kontrola hartu zuen Espainiako Gobernuak. Caja Madrid, Bancaja eta beste kutxa txikiago batzuen arteko batuketatik sortutako bankuaren hondoratzeak behartu zuen gero gobernua erreskate bat eskatzera. Europako Batasunak 100.000 milioi euro arteko mailegua onartu zuen finantza sektorea onbideratzeko. Horietatik 42.000 milioi euro gastatu ziren. Baina dirua ez zen doan etorri: trukean, finantza sistemaren erreforma sakonago bat exijitu zuen troikak. Tartean, kutxen birmoldatzeari azken buelta ematea.
Azken erreformak ia ezinezko bihurtzen du aurrezki kutxen eredua. Estuegiak dira ezarritako mugak. Esan liteke, hortaz, galtzaile atera direla forma juridiko hori erabilita sendotasunari eusteko gai izan diren erakundeak. Kutxabank osatzen duten hiru kutxak eta Kataluniako La Caixa, bereziki. Troikak mesfidantzaz hartzen duen sistema batetik —kontrol publiko osoa— datozen erakundeak dira. "Finantza negozioa banku batera bideratzeak ibilbide luzeagoa izan dezake, bankuaren forma eta elkarte anonimo baten akzioak inbertitzaileentzat ezagunagoak direlako", laburbildu du PwC aholkularitzak, kutxen birmoldatzeari buruz egindako azterketa batean. Horixe izan baita, kutxak merkatura eta inbertitzaile pribatuetara hurbiltzea, troikaren lehentasunetako bat.
Egia esan, prozesua arinago hasi zen BBK, Kutxa eta Vitalentzat. 2011. urtean historiako aldaketarik handiena egin zuten: aurrezki kutxa gisa finantza negozioa alde batera utzi, bildu, eta banku baten bidez kudeatzeko akordioa lortu zuten. Erdibideko urratsa izan zen. Kutxabank elkarte anonimo gisa hasi zen funtzionatzen, baina jabetza osoa, akzio guztiak, aurrezki kutxen eskuetan geratu ziren. Kontrol publikoa eta kudeaketa pribatua bateratzen zituen alternatiba horrek. Haatik, moldaketa historiko hori onartu eta bi urtera kolokan geratu da.
Urtebete luze iraun zuen aurrezki kutxen eta banku fundazioen lege berriaren tramitazioak. Eztabaida korapilatsua izan zen. Batetik, sektoreko erakundeak eta Espainiako Gobernua nahiz Espainiako Bankua. Bestetik, Bruselaren eta Europako Banku Zentralaren betebehar eta baldintza zerrenda. Oreka ezinezko bat bilatu zen. Azaroan, legeari buruzko akordioa iragarri zuten EAJk eta PPk. Hitzartutako edukiari esker, BBK, Kutxa eta Vitalen gizarte ekintza "salbu" zegoela iragarri zuen Pedro Azpiazu diputatu jeltzaleak. Azkar zabaldu zen, asko jota, BBK-k zuen jabetza %50era baino ez zela mugatu behar, dituen akzioen %7 salduta. Ez zegoen kontrola arriskuan. Bi hilabete geroago, ordea, iragarpen horiek guztiak ezerezean geratu dira.
Zer gertatu da? Deabrua, ohi bezala, xehetasunetan dago. Finantza negozioa zeharka egiteko baldintzak gogortu zaizkie banku fundazioei. Zenbat eta bankuaren kontrol handiagoa izan, orduan eta betebehar handiagoak jarri zaizkie. Jabetzaren %30 baino gehiago kontrolatzeko finantza plana aurkeztu beharko dute. Funtsean, bankuaren balizko galerak estaltzeko dirua nondik aterako litzatekeen argitzea exijituko du Espainiako Bankuak.
Akzioen gehiengoa izaten jarraitzeko, berriz, finantza planetik aparte erreserba funts bat sortzera eta hornitzera behartzen ditu legeak. Nabardura batzuekin, jakinak ziren baldintza horiek, baina orain lurrikara sortu duena Mario Fernandezen ondorioa da: ezinezkoa da horiek betetzea. Ez, haren ustez, gizarte ekintzaren geroa arriskuan jarri gabe. Belarri guztiak erne jarri dituen aitorpena.
Muga berri horiek bete behar ez izateko, legeak emandako bidezidor bat hartuko lukete aurrezki kutxek. Bankuan duten jabetza murrizteko prozesu batean engaiatzen badira, bost urtean aurrera eramateko aukera eskaintzen die araudiak. Dokumentu sekretu batean, desinbertsio horren bide orria aurkeztu behar diote fundazioek Espainiako Bankuari. Egutegi estua ezarrita dago, gainera. Banku fundazio bihurtu bezain pronto, hiru hilabete baino ez dituzte fundazioek dokumentu hori aurkezteko. Alegia, etorkizunerako estrategia guztia agiri horretan finkatu beharko lukete BBK, Kutxa eta Vitaletik sortutako fundazio berriek. Atzera bueltarik ez duen prozesua hasiko litzateke, horrela. Horren amaieran irudikatzen duen etorkizuna aurreratu du Fernandezek: Kutxabanken %30 fundazioen eskuetan, eta %70 beste inbertitzaile batzuen eskuetan. Ehuneko horri eusteak bankuaren norabidea kontrolatzeko botere nahikoa bermatuko lukeela ziurtatu du.

Inbertitzaile bila

Prozesuari buruzko zalantzak berehala azaleratu dira. Nori salduko zaizkio akzioak? Zenbat balio du Kutxabankek? Fernandezek nahiago izan du bideari buruz isilik geratu. Kutxen arteko pisu proportzioari eustea gustatuko litzaioke. Hortik aparte, gauza gutxi atera zaizkio, bi ideia nagusirekin: taldearen errotzeari eutsiko zaiola eta gizarte ekintza babestuko dela. "Badakit nola egin, eta oso erraz, gainera", esaldi enigmatikoa baino ez du utzi jendaurrean. Buruan gordea du gainerakoa.
Laburrera begira, burtsan kotizatzen hastea da oraingoz baztertu den aukera bakarra, aurrera begira erabat itxi gabe. Finantza sektoreko iturrien arabera, aukeretako bat Caixak hartu zuena izan liteke: jabetza sakabanatu, eta, akaso, akzio mota batzuen boz eskubideak mugatu. Hori bai, Caixabanken %64 kontrolatzen du oraindik kutxak, eta erreformari nola erantzungo dion ez du oraindik jakinarazi.
Beste aukera bat bazkide zehatzak aukeratzea da. Horien artean sektore publikoko administrazioak leudeke, udalak edo aldundiak, esaterako. Haatik, bide horrek baditu zailtasun batzuk. Batetik, zalantzazkoa da halako inbertsioak egiteko baliabideak dituzten, diru sarrerak nabarmen murriztuak baitituzte azkenaldian. Bestetik, Europak estatu laguntzei ezarritako mugak daude. Eusko Jaurlaritza akziodun bihurtzeko aukera baztertu du asteon Iñigo Urkullu lehendakariak.
Erdibideko aukera bat da BGAE Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakunde ezberdinak bazkide bihurtzea. Esaterako, EAEko funtzionarioen Itzarri funtsa. Esparru publikoa alde batera utzita, enpresa eta interes pribatuei ateak irekitzea legoke, ahaztu gabe langileei jabetzaren parte bat eskaintzeko aukera.
Behin bide hori hasita, argitu beharreko beste puntua da Kutxabankek zenbat balio duen. Fernandezek prozesuari eman nahi dion azkartasunak horrekin zerikusia luke: epemugak hurbildu ahala, parte hartzeak behar baino merkeago saldu behar izateko arriskua dago. Merkatuetan erabiltzen den neurgailuetako bat PER ratioa da. Enpresa batek urtebetean dituen mozkinen 10-12 aldiz kalkulatzen da oinarri gisa merkatu balio egokia. Kalkulu horrek arazo ugari ditu orain egiteko.
2015. urterako 800 milioi garbi irabaztea aurreikusi zuen bankuak, baina finantza krisiak merkatua erabat baldintzatu du. Iaz, 108 milioi irabazi zituen Kutxabankek. Krisitik aparte, aktibo kutsatuak eta balizko galerak estaltzeko Espainiako Bankuak ezarri dituen hornidurak oso handiak izan dira. Joan den urtean, esaterako, 470 milioi jarri zituen Kutxabankek. Egoera egonkortu ahala hornidurak jaitsi eta bankua 350-400 milioi inguruko etekinak ematera bueltatzen bada, 3.500-4.800 milioi arteko balioa izan dezake, PER ratioari jarraituz.
Salmentak garrantzi erabakigarria du Fernandezek diseinatu duen planean, banku fundazioen egitekoa ere aldatuko litzatekeelako. Hala, Kutxabanken dituzten akzioen salmentatik lortzen dituzten etekinak gizarte ekintzaren sostengu nagusia bihurtzea litzateke helburua. Kutxabanken jabetza murriztuta dibidendu gutxiago jasoko dutenez, bestelako diru sarrerekin ordezkatu beharko dute, halabeharrez.
Akzioen kapital hori inbertituta lortuko lukete finantzaketaren zatirik handiena. Hala, banku fundazioek diru kopuru bat non eta nola gastatu erabakitzeaz gain, inbertsioak non eta nola egiten diren ere erabakiko lukete: enpresen akzioak, zor publikoa edo bestelako finantza tresnak. Aldaketa oso sakona litzateke: jarduera sozialak finantzatzeko erakunde izateari utzi eta munta handiko inbertitzaile bihurtuko lirateke kutxa ohiak.

Akordio politikoak

Jokalekuaren pieza asko falta dira. Datorren hilabetean administrazio kontseilura proposamen zehatzago bat eramateko konpromisoa hartu du Kutxabankeko buruzagi nagusiak. Azken hitza, hala ere, bankuko akziodunek izango dute. Alegia, aurrezki kutxek, eta kutxen kontrola, azken finean, alderdi politikoen eskuetan dago. Prozesua bururaino eramateko akordio politiko bat lortzea ezinbestekoa izango da, azken finean.
Aurrezki kutxen sistemari egin dizkioten erreformek administrazio publikoen ordezkaritza eta kontrola mugatzea bilatu badute ere, bezeroei dagozkien hautagaitzak ere alderdiek bultzatutako plataforma izan dira. Hots, ordezkari politikoak. Paradoxa hor dago: alderdiek eurek erabaki beharko dute orain arte Kutxabanken izan duten kontrol osoari uko egitea eta aurrezki kutxa historikoak desegitea.
Orain dela hiru urte, Hego Euskal Herriko lau sektore politiko handienak ados jartzeko gai izan zen Mario Fernandez. Kutxabank sortzeko akordioa babestu zuten denek. Bi urte geroago, aldiz, gauzak asko aldatu dira. Halako adostasun bat lortzea askoz ere zailagoa da. EH Bilduk babesa emateko jarri zuen marra gorrietako bat, hain zuzen ere, pribatizazioa eragoztea zen. Kutxen arteko jatorriko akordioak jabetzaren %49 arte bestelako inbertitzaileei saltzeko aukera zabalik uztea aurreikusten zuen, baina aukera hori integrazio kontratutik desagertu zen ezker abertzalearen sinadura lortzeko. Kontuan hartu behar da, halaber, harrezkero bankuaren eta koalizio abertzalearen arteko harremanak tenkatu direla. Kutxako lehendakaria aukeratzeko prozesuan gertatu zen polemikarekin, edo Kutxabankek etxegabetzeen auziari buruz duen jokabidearekin oso kritikoa izan da EH Bildu.
Gainerako alderdietan, oraingoz, zuhurtzia nagusitu da. Fernandezen proiektua entzuteko prest daude denak, eta ez dute kontrako jarrera irmorik iragarri, oraingoz. EAJ, PP eta PSE-EEren babesarekin nahikoa da BBKn eta Vitalen proiektuaren aldeko gehiengo sendoa bermatzeko. Kutxan ez, ordea. Kutxan bestelako babesak bilatu beharko lituzkete. Berriro ere, Gipuzkoako erakundea erabakigarria izango da aurrezki kutxak desagertu ondoren geratuko den egoera definitzeko. 

Hasi da eztabaida

Datozen hilabeteotan partida luzea jokatuko da, aurrezki kutxen ondarearen geroa argitu beharko duena. Urtebete barru, asko jota, aldaketa horien norabideak erabakita egon beharko du. Fernandezek iradoki duen bide orriari buruzko eztabaida hasi baino ez da egin. Akaso, erreakziorik aipagarriena Iñigo Urkullu lehendakariarena izan da. Kutxabankeko presidentearengan "konfiantza osoa" duela ziurtatu du Urkulluk, hitzaldi batean egin zioten galderari erantzunez. "Bankuaren errotzea eta gizarte ekintza defendatzen du Fernandezek, eta seguru nago hala izango dela". Urkulluren hitzek alde adierazgarria dute pribatizazioa zalantzan jarrita Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldunak aurretik esandakoekin.
Europako erakundeek behartutako moldaketa bat dela da pribatizazioa defendatzeko erabili den argudio nagusia. Kapital pribatuaren sarrerarekin kritikoak diren eragileek oinarri hori zalantzan jarri dute, ordea. Ekai Center politika publikoei buruzko ikerketa zentroko lehendakari exekutiboak, Adrian Zelaiak, abiapuntu hori gezurtatu du. "Ez da egia Europak horretara behartu dituenik. Europan kontrol publikoa duten dozenaka finantza erakunde eredu daude", adierazi du. Antzeko iritzia du Anton Borja ekonomialari eta BBK aurrezki kutxako batzarkideak. "Erreskatearen truke Espainiak eta Europak sinatu zuten akordioak, MoU delakoak, ez du horretara behartzen".
Lege moldaketak aldez aurretik diseinatuta zegoen estrategia bat justifikatzeko erabiltzen ari direla uste du Zelaiak, halaber. "2011. urtean argudiatzen zena banku handi bat sortzeko beharra defendatzeko, orain erabiltzen ari da kapital pribatuari sarrera errazteko. Sortzen ari da testuinguru bat beste biderik ez dagoela esateko". Kutxetan dagoen informaziorik eza salatu du Borjak, horren haritik. "Kutxak dira bankuaren jabeak, baina obskurantismo itzela dago; ez digute ezer esaten".
Kutxabanken parte handi bat pribatizatzeko apustuak erakundeko egungo zuzendaritzaren "borondate politikoari" erantzuten dio, Ekai Centerreko lehendakariaren aburuz. Hori dela eta, benetako eztabaida parametro politikoetan kokatu behar dela uste du, hainbat araudik ezarritako baldintza teknikoetan baino gehiago.
Edonola ere, kontrol publiko osoari eusteko "ehun modu ezberdin" egon litezke, inbertsore pribatuetara jo gabe. Bide bat jabetza erakunde publikoetara —aldundietara eta udaletara— itzultzea litzateke. "Legeak ez du inola ere erakunde publikoek finantza erakundeetan parte hartzea debekatzen. Benetan nahi izanez gero, ez dago arazo teknikorik jabetza publikoari eusteko. Partaidetza berregin liteke, eta nahi baldin bada, gaur egun herrialdeek duten proportzioak bere horretan utzita". Beste aukera posible bat ere iradoki du Zelaiak: forma juridikoa aldatu eta kreditu kooperatiba bihurtzea.
Mario Fernandezek aurreratu duen diseinuan "asmo onak" ikusten ditu Borjak, baina, behin inbertitzaile pribatuei bidea irekita, gizarte ekintza indartsu bati eusteko zailtasunak aurreikusten ditu.
Oraingoz, balizko pribatizazioa jendaurrean salatu duen indar politiko bakarra EH Bildu izan da. Aldaketa horrek Kutxabank sortzeko sinatu ziren akordioak urratuko lituzkeela ohartarazi du koalizio abertzaleak. Kontratu eta akordio horietan ere lege aldaketei aurre egiteko tresnak aurreikusi zirela gogoratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.