Prezioen igoerak ez du etenik, eta inflazioari aurreikuspenetan iragarri baino gehiago kostatzen ari zaio beheranzko bidea hartzea. Hori bai, ekainean apur bat moteldu egin da igoera, hiru hamarren. Maiatzeko %3,8tik %3,5era jaitsi da Hego Euskal Herrian, INE Espainiako Estatistika Institutuak ostiral honetan emandako datuen arabera.
Horretan lagungarri izan du oinarrizko elikagaien BEZ zerga murriztuak eta energiaren prezioetan gorabehera handirik egon ez izanak. Eta aurrerantzean zer? Elikagaiei dagokienez, %0ko BEZari eutsiko dio Espainiako Gobernuak urte amaierara arte —ekainaren 30ean amaitzen zen—, baina urritik aurrera %2koa izango da, eta gero, %4koa. Erregaien prezioa, eta bereziki argindarrarena, igotzea espero da uztailean eta abuztuan, beroaren ondorioz.
Ekaineko datuak onak izan arren, argazkia zabalduz gero, bestelako azterketa bat egin daiteke. Inflazioa asko jaitsi zen iaz, baina ordutik %3 eta %4 artean egonkortu da, eta Europako Banku Zentralak jarritako %2ko mailatik nahiko urrun dago oraindik. Gainera, aurtengo ekaineko igoera iazko ekainekoa baino handiagoa da —%2,2 igo zen orduan—, eta, maiatzetik apur bat jaitsi den arren, oro har, goranzko joera bat nabaritu daiteke urte hasieratik.
Datu positiboa, beste behin, azpiko inflazioak eman du, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituenak. Bi hamarren jaitsi da —%3,2tik %3ra—, eta, iazko ekainarekin alderatuta, erdira murriztu da —orduan %6,2koa izan zen—. Gainera, 2022tik eta Ukrainako gerrak eta pandemiaren osteko susperraldiak eragindako prezio igoera handia hasi zenetik, tasarik txikiena da —aurtengo apirilekoa salbu (%2,9)—. Erakundeek bereziki datu horri erreparatzen diote, ekonomiari buruzko bilakaera aztertu eta erabakiak hartzeko orduan. Gorabehera txikiagoak izaten ditu inflazio osoak baino, eta inflazioa zenbateraino sustraituta dagoen erakusten du.
Frutak, salbuespena
Herritarrek, ordea, elikagaien eta energien prezioetan antzematen dituzte inflazioaren ondorioak. Alde horretatik ere, aurtengo ekainean gerrikoa pixka bat lasaitu ahal izan dute, prezioen igoerak beheranzko joera hartu baitu berriro. Elikagaiak, apur bat garestitu egin dira maiatzetik ekainera: puntu erdi inguru, eta iaz baino %4,3 garestiago daude. Baina maiatzean %5,5eko igoera izan zuten. Urrun geratu dira, beraz, iazko igoera bortitzak; iazko ekainean, esaterako, %10,1ekoa izan zen.
Baina elikagaietan badago salbuespen deigarri bat: fruta freskoa. Goranzko joerari eusten dio, eta maiatzetik koska bat gehiago igo du. Hain zuzen ere hilabete batetik bestera prezioa gehien igo duten elikagaiak izan dira: %4,5; eta iaz baino %16,5 garestiago daude. Kontuan hartu behar da 2023ko urtarriletik %0eko BEZa dutela.
Zerga bera dute beste jaki batzuek, baina horien prezioen igoera ez da hain nabaria izan, edo behera egin dute. Lekale eta barazki freskoak %5,8 merkatu dira maiatzetik, eta %2,5, berriz, iazko ekainetik. Arrautzak apur bat merkatu dira hilabete batetik bestera (-%0,3), baina iaz baino %1,3 garestiago daude. Esnean ez da gorabeherarik ia, eta pataten prezioa igo egin da, %0,3 maiatzetik eta %2,7 iaztik.
INEk neurtzen dituen 23 elikagaiak kontuan harturik, soilik hiru daude iaz baino merkeago: kontserbako frutak eta fruitu lehorrak (-%3,1), lekale eta barazki freskoak (-%2,5) eta ogia (-%0,9). Fruta freskoarekin batera, igoerarik handienak izan dituztenen zerrendan ohiko bihurtu dira produktu batzuk: olioa —iaz baino %46,5 garestiago dago—, eta kafea eta kakaoa (%8,6). Ardi haragiaren prezioa ere ohi baino garestiago dago (%9,5).
Olioaren prezioak marka guztiak apurtu ditu, eta uztailaren 1etik aurrera BEZ murriztua duten elikagaien zerrendan sartuko du Espainiako Gobernuak. Beheranzko joera antzeman zitekeen azken hilabeteetan —maiatzetik ekainera %4,8 merkatu da—. baina ohiko prezioetatik oso-oso urrun jarraitzen du oraindik.
Argindarrari adi
Datozen hilabeteei begira, energiek ere baldintzatuko dute inflazioaren bilakaera. Etxeko gastuen ataleko prezioak —argindarra, gasa eta ura azaltzen dira hor— gora eta gora ari dira. Aurtengo ekainean iazkoan baino %7,6 garestiago egon dira. Hein handi batean, zerga igoeren ondorio da hori. Argindarrean %5eko BEZa ordaindu zen iaz, eta %21ekoa da orain. Gasarena, berriz, %10etik %21era igo zuen Espainiako Gobernuak apirilean. Horrez gain, uztailean eta abuztuan argindarra garestitzea espero da. Eskaria handitzearen ondorioz, uda garaian Espainia aldean izaten diren beroaldien eraginez aire girotuaren kontsumoa handitu egiten baita.
Erregaien prezioetan ere 2023ko otsailetik 2024ko martxora tasa negatiboak izan ziren, 2021eko eta 2022ko garestitze handien ondorioz goia jo zutelako, baina apirilean berriro tasa positibora igaro ziren. Maiatzetik ekainera apur bat merkatu dira (-%2,1), baina iaz baino %1 garestiago daude.
%10Pakete turistikoak.
Uda hasierarekin batera, garestitu egiten dira aisialdiarekin loturiko jarduera eta produktuen prezioak. Aurten ere hala gertatu da, baina neurri txikiagoan. Pakete turistikoen prezioak iazko ekainean baino %10 garestiago daude Hego Euskal Herrian. Igoera esanguratsua izan arren, handiagoa izan zen iaz: %23,6. Hoteletako eta jatetxeetako prezioak, berriz, %4,1 igo dira, eta aisialdi eta kultur jardueretakoak, %3.