Ekonomia iragarpenak

Prezioen igoera urte hasieran «normalduko» dela uste du Laboral Kutxak

2022rako iragarpenak apaldu dituen arren, «hazkunde urtea» izango dela uste du bankuek. Ikerlarien ustez, BPGa %6,2 igoko da Nafarroan, eta %6,3 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa taldeko kideak. I.M.E.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko abenduaren 15a
13:14
Entzun

Laboral Kutxarek ikerketa taldea baikor dago 2022ra begira, eta Hego Euskal Herrian «hazkunde urtea» izango dela iragarri du. Susmo hori, baina, duela sei hilabete zuena baino apalagoa da, orduan eginiko hazkunde aurreikuspenak apaldu baititu. Apaltze horren arrazoiak pandemiaren bilakaera eta inflazioa dira, baina arazo horiek ere luze gabe konponduko direla espero dute, prezioen gorakada eragiten ari diren faktore asko urte hasieran «normalduko» direlako.

Laboral Kutxaren ikerketa taldeak abenduan egiten duen euskal ekonomiaren egoeraren txostenaren aurkezpenean egin ditu iragarpenak. Haien datuen arabera, 2022an BPGa %6,2 handituko da Nafarroan eta %6,3 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Datu onak dira, baina duela sei hilabete eman zituztenak baino apalagoak. Ordukoan, %6,8ko igoera iragarri zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta %7koa Nafarroan. Pandemia aurreko balioekin alderatuz, gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa 2019an baino %4,5 beherago dago, eta Nafarroakoa %2. Beste ekonomia adierazleei erreparatuz, Nafarroako enplegu tasa %4,7 igoko dela uste dute, eta %4,4 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa. KPIak ere gora egingo du, %3,2 eta %3 hurrenez hurren.

Eta zergatik apaldu dituzte datuak? Bi dira gakoak, Joseba Madariaga ikerketa taldeko buruaren ustetan: «Pandemiaren bilakaera eta inflazioa». Aldagai horiek eragin nabarmena izan dute urteko bigarren sehilekoan. Lehen aldagaia txertaketaren zabalkundearekin konponduko dela ziurtzat ematen dute; beste kontu bat da, baina, prezioen garestitzea. Orain, inflazioa %5 ingurukoa da Hego Euskal Herrian, eta Madariagak azaldu du igoera horren %80 garraioaren, eta etxebizitzaren eta etxebizitza barneko energiaren garestitzearen ondorio dela. Ikerlarien ustez, baina, baliteke hiru hilabete barru normaltzea: «Neguan kontsumo fase handi batean sartuta egongo gara, eta hornidura arazo batzuk ditugu. Baina epe motzean konpondu beharko lirateke, eta horrek prezioetan eragina izan beharko luke». Dena den, ondoren ikusi beharko da erosketa saskiko zenbat produktu merkatuko diren atzera.

Madariagak hainbat daturekin arrazoitu du bere erantzuna. Esaterako, irailean goia jo ondoren, itsas garraioa ia %40 merkeago zegoen abendu hasieran. Brent petrolio upela ere merkatu egin da, baita gas naturala ere. Onartu du azken astean hiru aldagaiek gorakada txikia izan dutela, baina ez du uste luzerako izango denik. «Horregatik uste dugu garestitzea apaldu egingo dela. Hurrengo urteko inflazioan eragin zuzena izateko, erregaiek eta garraioek erritmo berean garestitzen jarraitu beharko lukete, eta ez dugu halakorik espero». Horiek hala, 2021eko KPIa Nafarroan %3,3 izango dela uste dute, eta %3 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Datu hori hilabete guztietako batezbestekoa batuz kalkulatu dute.

Laboral Kutxako ikerlariak arduratuta daude euskal ekonomian urteko hirugarren hiruhilekoan izandako gertaera batzuekin. Industria jarduera murriztu egin da hornidura krisiarengatik, eta txikizkako merkataritzak espero baino bilakaera kaskarragoa izan du. «Inflazioak beti du eragina kontsumoan», azaldu du Madariagak, «pandemian egin den aurrezki poltsarekin konponduko zela uste genuen. Gehiago azaleratuko zela. Baina konponduz joatea komeni da». Erosketa ahalmenarekin lotuta doaz soldatak: «Igotzen badituzte, igoera horrek isla izan beharko du produktuen salneurrietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.