Jesus Goñi. Intiako espezializazio arloko zuzendaria

«Prezioen bat-bateko igoera gezurrezkoa da»

Maiatz hasierarako marka guztiak hausteko bidean zen Nafarroako zereal uzta, baina, beroaren ondorioz, iaz baino %15 gutxiago bildu da. Lehorteak udako fruitu eta barazkiei kalte egingo diela uste du Goñik.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Aste honetan amaitutzat jo da Nafarroan zerealaren kanpaina, eta, oro har, bildutako bihi kopurua %15 jaitsi da aurreko urtekoarekin alderatuta. Jesus Goñi Intia sozietate publikoko espezializazio arloko zuzendaria (Iruñea, 1971) kezkatuta dago, lehorteak are gehiago iraun dezakeelako.

Kanpaina amaierako beroak eta lehorteak zer eragin izan dute?

Arazorik handiena izan da. Negua, oro har, ez da oso euritsua izan, eta zerealetan hori ona da. Maiatz hasierarako markak hausteko bidean geunden, argi eta garbi. Ordutik, bero handiak eta lehorteak nabarmen eragin dute. Gariaren eta garagarraren bihia bete egiten den une erabakigarrian heldu da, eta, baldintzak onak ez badira, etekina jaisten da.

Hala ere, bere txarrean, kanpaina uste baino hobea izan da?

Ekainean, egoera okertzen ari zela uste genuen, baina uzta bilketako lehen datuak harriduraz hartu genituen, zerealak espero baino gehiago eutsi diolako. Dena den, Nafarroa osorik hartuta, berezitasunak daude eskualdeen arabera. Lehen datuak Erriberatik zetozen —Erriberritik hegoaldera dauden lur sailetatik—, eta han beroarekin ohituago daude. Bertako uzta ez da izan ona, baina ezta txarra ere. Produktiboagoak diren iparralderagoko eskualdeetan, txarra izan da oro har. Urte batetik besterako aldea handiagoa da han, bereziki Iruñerrian.

Bi zereal nagusi daude. Aldeak izan dira gariaren eta garagarraren artean?

Bai, garagarrak ez du hainbeste kalte izan, garagar mota gehienek gariak baino ziklo motzagoa dutelako. Ondorioz, amaierako baldintza txar hori saihestu ahal izan dute. Horregatik, gariari gehiago eragin dio. Dena den, zerealen artean, oloak izan du uztarik okerrena. Ez du gariak bezain ziklo luzea, baina oso espezie desberdina da. Buruxka zabalago du, eta beroak gehiago eragin dio.

Laboreek uste baino hobeto eutsi diotela diozu. Zergatik?

Genetikaren hobekuntzak labore mota berriak ekarri dizkigu, eta teknikariok harrituta gaude. Aldaera berriek ziklo luzeak dituzte, et,a kanpaina lehorrak kalte egin ziezaiekeen arren, ondo defenditu dira. Bardean urtero entseguak egiten ditugu, eta baldintza lehorretara egokitzen diren landare motak lortzen dira: teoriaren arabera, ez lukete funtzionatu behar, baina urtetik urtera ongi dabiltza.

Klimaren aldaketari begira, egokitze hori landu beharreko arlo bat da?

Jakina baietz. Intian lan asko egiten ari gara klima aldaketara egokituko diren laboreen bila, eta ez soilik genetikoki hobetuz, baita iraupena aldatuz ere. Adibidez, gariaren zikloa mozten badugu, bukaerako beroak saihets daitezke. Aldaera mota horiek egon badaude, baina normalena da landareak hainbeste ez ekoiztea. Gainera, entseguak egiten ditugu, ongarrien erabilera murrizteko eta ureztatze eraginkorragoa lortzeko. Laborariei aurrezte bat eragin diezaiokezu, eta, ingurumen arloko aldaketak egitea kostatu egiten bada ere, poltsikoan eragiterik baduzu, errazagoa da.

Ekilorea udaberrian ereiten da, eta Ukrainako gerraren ondorioz olio eskasiaren aurrean, lur eremua handitu al da?

Ez hainbeste. Europako Batasunak baimendu zuen lugorri utzitako lurrak ekilorerako erabiltzea, baina normalean lur txarrak dira, eta ekiloreak ez du horietarako balio. Baldintza zehatzak behar ditu. Laborari batzuek kontsultatu ziguten ea artoaren ordez ekilorea jartzea komeni zitzaien,gutxiago arriskatzen delako. Haziek eta ongarriak kostu apalagoa dute, eta ur gutxiago behar du.

Beroaldi honek nola eragin dio?

Harrigarria da nola irauten ari den. Aurten litekeena da lehenago biltzen hastea. Bizirik diraute, baina landare ororen gisan, estres egoeran, zikloa laburtzen du. Zereal kanpaina amaitu da, baina egoera klimatologiko honek eragiten dio garai honetako mahastiei eta fruituei, barazkiei, artoari eta ekiloreari... Egoera kaltegarria da oro har. Printzipioz, produkzioa nabarmen murriztuko da.

Prezioen igoerak konpentsatuko al du kostuen igoera?

Ongarrien kostua bikoiztu da, eta laborantzak erregaia behar du funtzionatzeko. Laborariak ziur daki zer kostu izan duen kanpaina honetan, baina ez daki zenbat jasoko duen. Egoera ez da dirudiena. Prezioek gorantz egin dute baina zenbat operazio egiten dira prezio horietan? Zereala etorkizuneko merkatuetan sartu da: bildutako uzta jada salduta zegoen, eta ez prezio horietan. Bat-bateko igoera horiek gezurrezkoak dira. Orain diote Ukrainako ontzi bat ateratzeak prezioak jaitsiko dituela. Horrek ez ditu prezioak beheratuko. Laborarientzat arazo handiena ziurgabetasuna da. Arrisku bat hartzen du, eta ez du ideiarik zenbatean likidatuko duen. Ziurrenik, aurrekoa baino gehiago jasoko du, baina kostuekjarraituko dutenez, zer gertatuko da prezioekin aurrerantzean?

Abeltzainen egoera okerragoa al da?

Pentsuak garestitu dira, eta lehorteak are gehiago okertu du. Uneotan ez dago janik mendian. Abereak pentsu eta bazka bidez elikatu behar dituzte; kostua nabarmen handitu zaie. Abeltzain batzuk planteatzen ari dira uztea. Beste arazo bat dago: ez dago ura eramateko zisternarik. Eskura daudenak etengabe erabiltzen dira, eta toki batzuetan ez dute nola eraman ura. Ez dute ez belardirik ez urik. Egoera larria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.