Prestakuntza etengabeko «lidergo falta» egotzi diote ELA eta LABek Jaurlaritzari

Sindikatu abertzaleen ustez, garai egokia da eredu propio bat berriro egituratzeko.Enplegu Sailak ez ditu atera aurtengo laguntza deialdiak

Toña eta Tapia sailburuak legebiltzarrean; prestakuntza Lanbidetik eramatea planteatu du Toñak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2015eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Langileen etengabeko prestakuntzari beste bultzada bat emateko eskatu zuten atzo ELA eta LAB sindikatuek, Eusko Legebiltzarrean egin zuten agerraldian. Hobetuz fundazioaren jatorriko helburuak bere gain hartuko lituzkeen «eredu propioa» eskatu zuten, eta gai horretan «lidergo falta» izatea leporatu zioten Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuari.

Prestakuntza emateko moduari buruzko ezadostasunak aspaldikoak dira. Sortzez, Hobetuz fundazioak lan munduko eragile nagusien babesa zuen. Haatik, Espainiako Gobernuak finantzaketa urritu ahala, funtzionamenduari buruzko iritzi kontrajarriak agertu ziren. Azkenik, 2007. urtean fundazioa utzi zuten ELAk eta LABek, iritzita Espainian dagoen prestakuntza sistemaren jarraipen hutsa zela, eta patronala eta sindikatuak atzeko atetik finantzatzeko iturria zela.

Langileei formakuntza eskaintzeko modua erreformatu zuen Espainiako Gobernuak joan den martxoan. Hori dela eta, aurtengo laguntza deialdiak atzeratzea erabaki zuen Enplegu Sailak. Besteak beste, patronalei eta sindikatuei zuzenean ikastaroak eskaintzea debekatzen die aldatutako legeak, baina atea zabalik uzten dio haiek kudeatutako enpresa edo fundazioek laguntza deialdietan parte hartzeari. Testuinguru horretan Hobetuz-i eusteak zentzua duen edo ez aztertu nahi dutela aurreratu zuen Angel Toña Enplegu sailburuak.

Mikel Noval ELAko ordezkariaren aburuz, «gauza jakina» da orain arteko sistemarekin iruzurra egon dela, eta prestakuntzarako funtsak jasotzen dituzten erakundeak dirua banatzen dutenetatik bereiztea beharrezkoa da.

LABeko kide Oihan Ostolazak, berriz, uste du Jaurlaritzak «barneratua» duela Madrilen erabakitakoaren sukurtsal hutsa izatea gai horretan, eta Lanbide Heziketako zentroei lehentasuna emango dien sistema eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.