Preskripzioa aztertuko du epaileak salaketari buruz erabaki aurretik

Ondorioen egunean, Mondragonen ustezko engainua eraiki du akusazioak, hainbat agiritako esaldi zehatzekin. Defentsak hankaz gora bota du, testigantzekin eta Malagon epailearen ebazpenarekin

Epaiketaren azken saioa hasteko prest, atzo, Bergarako epaitegian. XABIER MARTIN.
xabier martin
Bergara
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Bukatu da Eskuratuk eta Ordainduk Mondragonen aurka jarritako salaketaren epaiketa, eta haien interesen aurka amaitu dela esan daiteke, Bergarako epaitegiko lekukoen aulkian eseritakoen testigantzak eta defentsaren argumentu sendoak kontuan hartuz. Fagor Etxetresnak kooperatibaren bazkideak Mondragonek engainatu zituela erakusten saiatu da Raul Tenes akusazioko abokatuak aste honetan, haien borondatezko ekarpenak enpresan gera zitezen; baina oinarri ahulak izan ditu bere kontakizunak: Fagor Etxetresnak enpresaren zuzendaritza organoen hainbat bileren akten esaldi batzuk, Mondragoneko kontseilu errektoreko bi akten esaldi batzuk, TuLankide barne aldizkariaren sei artikulu—1.300 atera ziren aztertutako epean—, eta Txema Gisasola Fed. eta Mondragoneko buru ohiak hitzaldi publiko batean botatako esaldi bi. Kronologikoki ordenatu zituen, atzo, ustezko engainu hori aditzera emateko, ez ziurtatzeko, inon ez baita azaltzen inoiz bermatu zizkietela bazkideei beren ekarpenak.

Aitzitik, defentsako abokatu Arantza Estefaniak alde izan ditu lekukoak, alde peritu ekonomikoen (PwC) kopuru ekonomikoak, eta alde kooperatibaren konkurtsoaren garaian Jose Malagon epaileak eman zuen ebazpena; hitzez hitz azaltzen da han Mondragoni atxikitako kooperatibak «autonomoak eta independenteak» direla, eta Fagor Etxetresnen konkurtsoa errugabea izan zela, kausa ekonomikoak tarteko. Halaber, epaileak dio hura garaiz eskatu zela, behar zuenean; Ane Alkortak konkurtsoaren kudeatzaile judizialak lekuko gisa berretsi du hori guztia. Horregatik, guztiagatik, ezuste handia litzateke kooperatiba izandakoaren 947 bazkide ohik —3.600 zeuden, aktibo eta inaktiboak— beren aldeko ebazpen bat lortzea. Mondragonen aurka egin dute erreklamazioa, eta hor egon daiteke beren abokatuaren jatorrizko bekatua. Norberaren —bazkideek enpresaren jabe ziren heinean— kudeaketak eragindako emaitzaren ardurak beste baten bizkar daudela erakustea ez da erraza.

Preskribatu du?

Eta paradoxa da: Bergarako areto txikian lau egunez lupaz aztertu den enpresa baten gainbeheraren kudeaketaren barrura ez da sartuko agian Angela Rodriguez-Monsalve epailea, lehen-lehenik salaketa bera preskribatua dagoen ala ez erabaki beharko duelako. Defentsak baietz dio, hartzekodunek urtebete dutelako salaketa jartzeko kaltea egin dietela finkaturik geratzen denetik.

Arantza Estefaniak dio konkurtsoko kudeatzailearen txostenak abiarazi zuela epe hori, 2014ko apirilean, hark argitzen duelako likidazioarekin ere ez dela dirurik izango hartzekodun gehien-gehienei pagatzeko. Fagor Etxetresnen aktibo gehienak Cataren aldeko adjudikazioa egitean has daiteke kontatzen urtea, bestela, 38,5 milioi euro baizik ez direla lortuko argi geratzean. Mila milioiko zorra zegoela kontuan hartu behar da, 9.000 hartzekodun. Auzi eskea, berriz, 2015eko azaroan jarri zuten Eskuratuk eta Ordainduk.

Akusazioko abokatuak dio epe hori ez dela bete, eten egingo lukeelako Eskuratu eta Ordaindu eratzeko ekintzek, eta likidazioak berak, «ez delako bukatu». Alde batera edo bestera erabaki beharko du epaileak, eta preskribatuta dagoela ebazten badu, ez da hasiko epaiketaren mamia aztertzen.

Atzo ez zen egon epaiketaren ahotsak amatatzeko kanpai hotsik, ezta haizagailuekin apaldu beharreko berorik ere. Bai, ordea, epaiketa bera ordubetez eten zuen erreibindikazio bat: Angela Rodriguez-Monsalve epailearena. Ordubetez geratu zuen saioa epaileek eta fiskalek deitutako protestarekin bat egiteko, eta egoera bitxia eragin zuen horrek: Galway's tabernan topo egin zuten Mondragoneko hainbat kidek eta defentsak osatutako taldetxo batek eta Eskuratu eta Ordainduko hainbat kidek; kazetari talde bat beste mahai batean zen, eta epailea barran, bakarrik, Coca-Cola bat hartzen.

Coca-Colaren ostekoa

Ordubeteko erreibindikazioaren ondoren abiatu zen atzera epaiketa, eta defentsako abokatu Estefaniak bere ondorioen hitzaldia egin zuen. Probaturik jo zuen Mondragonek ez zuela jaulki borondatezko ekarpenik, ez zituela bermatu, eta Fagor taldean baliatu dela soilik finantzaketa modu hori, ez beste kooperatibetan. Halaber, Mondragon ez dela kooperatiben auditore ere erakutsi da,haren ustez, ez duela inongo ardurarik horretan, eta, beraz, ez dela zertan erantzukizunak eskatu hari.

Gainera, akusazioari aurpegiratu zion zergatik deitu dituen lekuko gisa Mondragon eta Fagor Etxetresnen zuzendaritzako kideak, eta ez ustezko bazkide engainatuak; galdetu zion auzi jartzaileez gain —haiek ezin dira lekuko izan— ez ote duen bazkide ohi bat bera ere aurkitu engainuaren teoriaren alde aritzeko. Are, 947 auzi jartzaileetatik soilik 57k betetzen dute salaketak idatziz jasotako auzi jartzaileen profila (3,38 milioi euro), Estefaniaren ustez. 947tik 388k ekarpenak eskatu zituzten, baina ez zuten dirua jaso ez zelako likideziarik; berandu zen. «Dirua bueltan eskatu bazuten, nola engainatuko zituzten?»; horra defentsaren galdera.

Bukatu aurretik, ohartarazi zuen epaiketa bera estrategia zabalago baten parte dela; estrategia horrek Mondragoneko eta Fagorreko hainbat zuzendari negoziaziora bultzatzea bilatuko luke; «manifestazioak eta escracheak» sartu zituen hor. Ordurako, ikusleren batek aretotik kanporatuko zuen mehatxua entzun behar izan zuen epailearen ahotik. Animoak berotu ziren, baina errespetua gailendu zen, azkenean. Ebazpena geratzen da orain. Udarako espero dute aldeek; 2018. urtea amaitu aurretik, edozein kasutan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.