Arabako Errioxan hautsek harroturik jarraitzen dute ABRAk ABE (Euskadiko Upategien Elkartea) bihurtzeko hartutako erabakia dela eta; Kantauri mendilerroaren eta Ebro ibaiaren arteko upategi txikien elkarteko zuzendaritzak erabaki hori hobeto azaldu zien atzo ABEko kideei. Dena den,Ines Baigorri zuzendariak garbi esan dio BERRIAri apirilaren 15eko ezohiko batzarrak onartutako izen aldaketak aurrera jarraituko duela.
Hala, eskualdeko 109 upategi eta mahastizain biltzen dituen elkarte horrek galdu egin du Arabako Errioxaren erreferentzia, eta haren lekua «Euskadik» hartu du. Zertarako? «Desberdintze prozesuan beste urrats bat egiteko», Saul Gil Berzal ABEko presidentearen arabera. «Arabako Errioxan jarraitzen dugu, noski; bakarrik esparrua zabaldu dugu, merkatuetan hobeto lehiatzeko». Gil Berzalek egunkari honi esan zion izen aldaketak «harriturik» dauzkala sektorean eragin duen ekaitzak, eta «prentsak» nahasi dituela bazterrak «maila politikoan».
Izan ere, azken egunetan jakin da Arabako Foru Aldundia ez dagoela batere konforme ABRA ohiak hartutako erabakiarekin, eta diru laguntzak ere ezbaian leudeke izen aldaketa dela eta. Izena aldatzearen aurka azaldu dira, halaber, alderdi politikoak, EH Bildu salbu. Gaur bertan, gaiari buruz galdetuko diote Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.
Gauzak horrela daudela, Arabako prentsaren zati handi batek ezbaian jarri du ABRAk izena aldatzeko egindako prozesua, zilegitasunik eza argudiatuz. Apirilaren 15eko ezohiko batzarrean, hogei kidek bozkatu zuten, eta horietatik hamabik eman zioten oniritzia ABE bihurtzeari. Elkarteak, ordea, 109 kide ditu. Batzarraren deialdia «garaiz» egin zen, eta «betiko moduan», Ines Baigorri ABEko zuzendariak azaldu duenez. Batzarrera azaldu ez zenak bazuen haren berri. «Ez da derrigorrezkoa joatea», dio Baigorrik.
Zertarako ABE?
Baina zertarako mugitu du liztor habia ABEren zuzendaritzak? «Gure elkartea indartzeko. Harremanetan gaude txakolin sor-markekin, baita sagardoenekin ere. Haiek ABEn sartzea nahiko genuke, denon artean handiagoak izateko Euskal Autonomia Erkidegoan, sinergiak baliatuta. Erakundeen aurrean sendoagoak ginateke, eta, aldi berean, Errioxako sor-markaren barruan desberdinagoak, gehiago desberdintzeko helburu garbia ere hor baitago». Lobby indartsuagoa bihurtzeaz ari da Ines Baigorri. «Sendoagoak izan behar dugu, nahitaez». Baigorrik uste du ez dela egongo etorkizun handirik upategi txikientzat ez badute lortzen Errioxako merkatuan gehiago desberdintzea.
Izen aldaketak eragin duen ika-mika politikoaz galdetuta, Baigorrik dio ABEk ez dakiela zergatik sortu den, eta Arabako Diputazioak upategi txikien elkarteari diru laguntzak kentzeko asmoa badu «bere arazoa» izango dela. «Sektore baten barruko tresna bat besterik ez gara gu, erabat independenteak erabakiak hartzeko, eta hauxe hartu dugu orain».
Elkarte horren azken erabakia izan da izena aldatzea proiektua handituz joateko. Baina talde handi baten nahiak islatzen badu ABEko kide gehienak horren aurka daudela, erabaki horretan atzera egin dezake elkarteak, Ines Baigorrik onartu duenez. «Jende asko egon da gaurko [atzoko] batzarrean, eta azalpenak eman dizkiegu denei. Era guztietako iritziak egon dira. Dena den, upategi gehienak beste proposamen baten alde baleude, nahi horri bidea eman beharko genioke, estatutuei jarraikiz. Gerta daiteke edo ez. Denbora pasatzen utzi behar dugu nora goazen jakiteko».
ABEko upategi txikienek 30.000 botila ardo ekoizten dituzte urtero Errioxako sor-markaren barruan, eta handienek, 1,5 milioi. «Ez dugu ABEren izenarekin saltzen, Arabako Errioxarenarekin baizik», dio Baigorrik. «Zigilu horren barruan desberdintzeko da ABE, garena indartzeko eta kontsumitzaileentzat errazagoa izateko nor den nor desberdintzea».
Presioak presio, ABRAren izen eta proiektu aldaketa aurrera doa
Arabako Errioxako upategi txikien elkarteak ABE izendapena hartu du, Euskadiko Upategien Elkartea. ABEk txakolin ekoizleak erakarri nahi ditu, indartsuago izateko euskal erakundeen aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu