Presio gehiegi eltzean

Fagor Etxetresnen porrotak hedabideen miran jarri ditu, azken hilabetean, euskal kooperatibismoaren funtsa eta, zehazki, Mondragon taldearena. Sekula konkurtsora joandako euskal enpresarik handiena da, ez alferrik.

xabier martin
2013ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Egunkari zein aldizkari orri (fisiko eta digital) eta irrati zein telebista ordu asko eragin ditu «urteko ekonomia albisterik txarrenak». Hala deskribatu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Fagorren gertatutakoa. Fagor Etxetresnak erori da. Likidaziorako bidean da, administratzaileek atalen batzuk salbagarriak direla jotzen ez badute behintzat. Euskal kooperatibismoaren ikurra makurtu da, eta harekin 5.642 langileren enplegua galdu, 1.860 Euskal Herrian. Zeharka eragindako langabeak askoz gehiago izango dira. Incasa, Sangroniz... domino efektuak ondorio larriak izango ditu. Adar txiki eta handi, adar ugari dituen zuhaitz garaia da Fagor, eta erortzean karraska hots mingarria atera du. Hona hemen hondamendiaren hiztegi txikia.

A.Administratzaileak

Mondragonek Fagor Etxetresnak berriro ez zuela erreskatatuko jakin bezain laster (urriaren 16an) zabaldu zen konkurtsora jotzeko aukera. Asteazken honetanberresi da: administratzaileek hartuko dute enpresaren kudeaketa. Seguru asko bi izango dira: CNMV merkatu arautzailearena bat eta hartzekodunen ordezkaria bestea. Pedro Malagon Donostiako Merkataritza arloko epaitegiko titularraren «laguntzaile teknikoak» izango dira, eta Fagorrek zuzenean likidaziora jo behar duen edo kitak negoziatu eta atalen batzuk bideragarri izateko aukera dagoen erabaki beharko dute, otsail-martxoetarako beranduenez. Erabaki hori likidazioa bada, urtebete inguruan egingo da.

B.Birkokatzeak

Fagorreko 1.860 langabe zuzenen artean 1.000-1.200 birkokatzeko konpromisoa du Mondragonek bere Enplegu Bulego Korporatiboaren bidez. Lan edo aurretiko erretiro eskaintza asko izango dira aurki, batik bat erretiroak, baina ikusi egin behar da 1.200 arteko helburua zein mailatan betetzen den. Beste kooperatibetako erretiroek utzitako hutsuneak baliatuko dituzte batetik, eta kooperatiba horietako behin-behineko langile batzuen lekua hartuko dute Fagorreko bazkideek, «trebakuntza egokia badute».

D.Debagoiena

Arrasateko San Andres eta Garagarza, Bergara eta Eskoriatzako plantak itxi dira egun batetik bestera Debagoienan, eta haientzat aritzen ziren beste hainbat enpresa txiki ere arriskuan dira. Kooperatibismoaren Meka da Arrasate, eta Mondragonen ikur nagusia Fagor. Hondamendia izugarria da, bai sinbolikoki, bai ondorio praktikoei begira. Arrasateko langabezia tasa %20ra igoko dela aurreikusi dute. Gertuko eskualde batzuetan ere triskantza handia egin du itxierak. Aramaion, hirukoiztu egin da langabezia.

E.Emaitzak

Fagorren eztandaren detonagailu izan dira 2008az geroztik enpresak izan dituen emaitzak, eta bereziki aurtengo lehen seihilekoak. 60,4 milioi euroko galera izan du ekainera arte, iazko epe bereko galera (20,3 milioi) halako hiru, eta negozio kopuruak %19 egin du behera, 609 milioi eurotik 491 milioira. 2012an, 89 milioiko galera izan zuen, eta %9 egin zuen atzera fakturazioak. Maiatzean, 70 milioi euroko mailegua jaso zuen Mondragonetik, eta 40 milioitik gorakoa Jaurlaritzatik. Joan den hilean beste 50 milioi prest zituen Mondragonek, baina atzera egin zuen emaitzak zuzentzeko eta 859 milioi euroko zorra txikitzen hasteko bideragarritasuna ez zegoela erabaki ondoren. Fagorren sententzia izan zen.

F.Finantzaketa

Fagor Etxetresnen Kontseilu Errektorea emaitzarik izan ez duten negoziazioetan izan da hilabetez bere bideragarritasun plana finantzatzeko. Finantzaketa lortzea zen Fagor ez ixteko ezinbesteko baldintza, enpresaren atal errentagarrienak salbatzeko ezinbesteko baldintza. Baina ez da iritsi. Zuzendaritzaren bideragarritasun plana ez dute erosi, ez Mondragonen, ez Eusko Jaurlaritzan, ez hainbat banku eta balizko bazkideren egoitzetan. Ez zen «behar bezain drastikoa», Lakuaren ustez, ez zuen behar bezalako zorroztasunik, eta ez du finantzaketa lortu, ez konkurtsoaren aurrean sartu aurretik, ez ondoren ere.

G.Gisasola

Txema Gisasola Mondragon taldearen presidentea da, eta Fagor Etxetresnen zuzendaria izan zen 2006ko otsailetik 2011ko azarora. Fagor utzi zuenerako enpresa gainbeheran zihoan, eta ez dira gutxi Fagorren egoeraren erantzuleetako bat dela dioten bazkideak. 2005eko apirilean Frantziako Brandt konpainia erosteko erabakiarekin lotzen dute, halaber. Fagorrek nekez irentsi ahal zuen proiektua zela erakutsi du denborak eta krisi gogorrak, baina Pablo Mongelos zen orduan Fagorren zuzendaria. Haatik, Estrategia Proiektuen Kudeatzaile izendatu zuten ordurako Gisasola. Fagorri azken erreskatea (aurretik 300 milioi euro eman dizkio taldeak) ez emateko Mondragonen erabakia beste kooperatibak arriskuan ez jartzeko irizpidea lehenetsita hartu dela arrazoitu du.

H.Hartzekodunak

Diru asko utzi du pagatzeke Fagorrek, eta hartzekodunak ere asko dira. Bankuak, Mondragon taldea eta erakunde publikoak dira hartzekodunak, Eusko Jaurlaritza adibidez, eta baita borondatezko ekarpenak eta maileguak eman dituzten Fagorreko bazkideak eta Fagorren menpeko ekarpenen erosleak ere. Konkurtsoak erantzun bat eman beharko liekete, baina ez die emango denei maila berean. Bazkideen borondatezko ekarpenak eta maileguak azkenak daude zerrendan, eta menpeko ekarpenen inbertitzaileak azken-aurrekoak. Fagor likidatuta ere nekez jasoko dute denek jaso behar duten dena.

I.Inbertsioa

Ez zen inbertsio bat izan, Inbertsioa baizik, letra larriz. Nazioartekotzeko eta fakturazioa igotzeko tresna gisa salmentak handitu nahi izan zituen Fagorrek, eta operazio deigarria egin zuen 2005ean Frantziako Brandt erosita, neurrian Fagor bezainbesteko enpresa. 162 milioi euro ordaindu zituen Frantziako lau lantegiren truke —Aizenay eta La Roche-sur-Yon (Vendee departamenduan) eta Vendome (Loir et Cher) eta Saint Jean de la Ruelle-Orleansen (Loiret)—. Ordutik Fagorrek ez duela burua altxatu diote batzuek, erosketa ezin irentsita baina alderantzizkoa uste dutenak ere badira, Fagor-Brandti esker denbora gehiago iraun duela Fagorrek.

J.Jose Luis Bilbao

Bigarren edo hirugarren mailako aktore behar zuena protagonista bihurtu zen Jaurlaritzan egindako bilera jendetsuaren ondotik.Bizkaiko ahaldun nagusiak hiru milioi euroko bermea eskaini zuen Edesa ez ixteko. Basauriko planta, ordea, bihar doa konkurtsora, besteak bezalaxe, kopuru hori ez delako bere kabuz nahikoa bideragarritasuna bermatzeko. Neurriaren inprobisazioa eta errentagarritasun politikoaren kutsua bistan utzi ditu, aurrena Bilbao bera Basaurira joan izanak cavarekin topa egitera, eta gero, Fagorreko zuzendaritzak «gezurra» esan duela esateak, ikusita bermearen kontuak ez zuela aurrera egingo. Hitzezko akordio hark ordu gutxi iraun zuen, baina konkurtsora joateko prozesu guztia atzeratzeko gai izan zen, eta Fagorren irudi kaltetuari are kalte handiagoa egiteko.

K.Konkurtsoa

Urriaren 16an jakin zen Mondragonek ez zuela Fagor berriro erreskatatuko (maiatzean 70 milioi euro eman zituen), eta ordutik konkurtso hitza zabaldu zen. To big to fail zela uste zuten askok, handiegia erortzen uzteko, baina nahikoa izan da hilabete Fagor oinarri ekonomiko ahuleko erraldoia dela ikusteko. Borondatezko hartzekodunen lehiaketa aurkeztu dute Fagor Etxestresnen kooperatiba nagusiarentzat; aurreko astean Frantzian aurkeztu zuten Fagor Brandtentzat, baita Polonian ere. Edesa, Grumal eta Project bihartik aurrera eramango dituzte epaitegira. Orain administratzaileek eta epaileek dute kontrola. Zorrak estaltzea da konkurtsoaren helburua, baina gerta daiteke administratzaileek erabakitzea xede hori betetzeko modurik hoberena enpresaren zenbait atalekin jarraitzea dela. Balizko erosleen eskaintzen eta hartzekodunekin egin daitezkeen akordioen (kiten) araberakoak izango dira Fagorren benetako aukerak, zati batzuetan bederen, aurrera egiteko.

L.Lagun Aro

Fagor erori izanak ardura handia ekarri dio Mondragoneko Lagun Aro aseguratzaileari. Hark pagatu behar du lana galdu duten bazkideen langabezia saria EPSVaren bidez. Soldataren %80 jasoko dute, bi urtez gehienez; langileak behin-behinean beste kooperatibetan birkokatuz gero, etenak izango dituzte Lagun Aroren ordainketek epe horietan. Aurretiko erretiroen osagarriak ere aseguratzaileak pagatzen ditu. Erretiroaren zati bat Gizarte Seguran- tzak pagatzen du, eta osagarri bat Lagun Arok. Osagarriren funtzionamenduan aldaketa batzuk egon daitezke luze gabe, erretiro asko egotea aurreikusi baita. Lagun Aro EPSVa Mondragoneko bazkideek elikatzen dute kuota baten bidez, eta Fagorren langabe kopuru handiak kuota horiek handitzea ekarriko dute. Ampo eta Irizar kooperatibetako bazkideek ere Lagun Aroko poltsan daude, jadanik Mondragonekoak ez diren arren, eta haiei ere tokatuko zaie kuota gehiago pagatzea.

M.Mondragon

Munduko kooperatiba talde handiena da Mondragon, Eroski, Laboral Kutxa, Ulma, Orona eta beste hainbat enpresari esker. 80.000 enplegu baino gehiago ematen ditu mundu osoan, eta EAEko BPGaren %3,2 inguru ordezkatzen du. Irizar eta Ampo ere, euskal industria enpresa indartsuenetakoak gaur egun, Mondragon taldean izan ziren orain urte gutxira arte. Jose Maria Arizmendiarrietak duela 60 urte Arrasaten abiarazitako kooperatiba taldea aztergai da mundu osoan, alternatiba bat eskaintzen duelako ohiko sistema kapitalista peto-petoaren aurrean.

N.Negoziazioa

Fagor Etxetresnen zuzendaritza negoziaziotan aritu da bideragarritasun plana gauzatzeko behar zuen finantzaketaren bila, baina ez du lortu. Negoziazio nagusia (Txinako Haierrekin ere elkarrizketak izan diren arren) Mondragonekin eta Eusko Jaurlaritzarekin izan dira. Lakuak lagundu nahi zuen, baina Mondragonek ere laguntzea nahi zuen. 170 milioi behar zituen Fagorrek aurrera egiteko, baina ez ditu konbentzitu, ez Mondragon, ez Jaurlaritza, eta ondorioz, bankuekin egon zitekeen negoziazioa ere ez da egin.

O.Ordaindu

Fagor Etxetresnen hainbat bazkidek Ordaindu elkartea abiarazi dute, enpresari emandako borondatezko ekarpenak eta maileguak itzul ditzaten. Borondatezko ekarpenetan 45 milioi euro daudela diote, eta 43 milioi kapital sozialari egindako maileguetan. Mondragoni «bere ardurak bere gain hartzeko» eskatu diote. Diru hori berreskuratzea ia ezinezkoa izango dute konkurtsoaren legeari begira.

P.Protestak

Fagor Etxetresnen porrotak protesta ugari eragin ditu, lehenak Arrasaten bertan; manifestazio horietan ez da argi egon —hasiera batean behintzat— mezua norentzat den. Fagorreko langile gehienak enpresako bazkideak dira, jabeak hein batean edo bestean, eta protesta ugari eta jendetsuetan, enplegua defendatzea izan da xedea, mezua norentzat den argi adierazi gabe. Denborarekin batera Fagorreko eta Mondragoneko zuzendaritza egin dituzte manifestariek arazoaren erantzule, eta, azkenean, haiek jarri dituzte miran, batik bat Edesako langileek Basaurin, eta Ordaindu elkartekoek. Edesako plantan itxita daude oraindik langileak, eta hala jarraitzeko asmotan.

R.Refineria Sangroniz

Sondikako Refinerias Sangronizek aluminiozko lingote bihurtzen du txatarra, eta Mungiako Incasari saltzen dizkio. Incasak garbigailuen piezak egiten ditu aluminio horrekin, eta Fagorri saltzen dizkio. Incasa konkurtsoaren aurreko fasean da Fagorrek utzi dion 1,2 milioi euroko zuloak eraginda, eta Incasak, era berean, Sangronizen jardueraren etena eragin du, hari zulo handia eginda. Hori da Fagorren porrotaren domino efektua. Fagorrena «krisi sistemikoa» izango da, Urkullu lehendakariak esan duenez.

S.Sergio Treviño

Paga buru edo errudun? Fagor Etxetresnen zuzendariak hilabete batzuk besterik ez ditu egin karguan, baina egoera oso zaila aurkitu arren, ez du gaitasunik erakutsi Fagorren norabidea zuzentzen hasteko. Alderantziz, erabateko gainbehera iritsi da bere zuzendaritzapean. Konkurtsora sartu aurreko negoziazioetan ere baldar aritu da Treviño, bereziki Edesaren auziarekin.

T.Tapia

Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak ere izan du zeregin bat Fagorren krisian. Konkurtsora jo aurretik (aurreko fasean) presio handia egin zion Mondragoni, erabaki bat hartzeko Fagorren inguruan. Lakuaren laguntza Mondragonen laguntzaren menpe jarri zuen. Behin Mondragonek erabakia jakinarazi eta gero, «errespetua» eskatu, eta «inori kontuak eskatu beharra» baztertu zuen. Aurretik, ordea, kooperatiben «gobernantza sistemazaharkituaz» aritu zen, eta Treviñoren taldearen bideragarritasun plana ez zuen ikusi «behar beste drastikoa».

U.Ulgor

Fagorren jatorria. 1956an sortu zuten Ulgor, sortzaileen inizialak hartuta —Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose Maria Ormaetxea eta Javier Ortubai—. Arrasateko lanbide eskolako ikasle ohiak ziren bostak, eta Gasteizko Otalora tailerra erosi zuten, jada bazuelako etxetresnak egiteko baimena. Jose Maria Arizmendiarrieta zen eskolako zuzendari, eta haren laguntzaz, enpresa kooperatiba bilakatu zuten 1959an. Gasteizko tailerra Arrasatera eraman zuten, eta hortik aurrera hartu zuen Fagor izena.

X.Xabier Bengoetxea

Fagor Etxetresnen presidentea ez da ezkutatu, eta «errua gurea da» esan zuen kazeta honetan, unerik zailenean. Realeko jokalari ohiak hilabete batzuk ez ditu egin Fagor Etxetresnen presidentetzan, baina ez ditu berehala ahaztuko.

Z.Zorra

Fagor Etxetresnen emaitzak eraman du enpresa konkurtsora, eta emaitzak aztertzen hasita, zorra izan da arazo larriena. 860 milioiko zorra dauka, eta 980 taldearen barruko zorra ere zenbatuz gero. Kopuru gaindiezina izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.