Prentsa, aberatsen 'negozio'

Paperezko egunkarien etorkizuna kolokan badago ere, AEBetan dirudunek mantxeta esanguratsuak erosi dituzte egun gutxian'The Washington Post'-en etorkizunak ikusmina eragin du, Bezosek erosi eta gero

jakes goikoetxea
2013ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Aberatsak egunkariak eta aldizkariak erosten. Ez kioskoan. Negozio mahaietan baizik. Ia mundu osoko prentsa negozioari nola eutsi saiatzen ari denean, AEBetan egun gutxian hainbat aberatsekmantxeta tradizionalak erosi dituzte. Negozioa egiteko edo esperimentatzeko? Ikusteko dago.

Jeff Bezos Amazon.com-eko zuzendari exekutiboak The Washington Post erosteak asko du sinbolikotik. .com erraldoi baten sortzaileak Ameriketako Estatu Batuetako eta munduko komunikazioaren erakunde bat erosi baitu, Richard Nixon AEBetako presidentea erorarazi zuen egunkaria, 135 urteko historia duena. 1994an gurasoen mailegu batekin negozio digital bat sortu eta arrakastatsu bihurtu duen ekintzaileak goitik behera datorren negozio bateko ikurra eskuratu du. Interneteko negozioa menderatzen duen aberats berriak, Interneten negozioa egin ezinik dabilen sektoreko sinbolo bat erosi du.

The Washington Post-ek zazpi urte daramatza dirua galtzen. 49,3 milioi dolar galdu ditu aurtengo lehen erdian (37 milioi euro), iaz baino hamasei gehiago. Bezosek Graham familiari erosi dio, egunkariaren azken 80 urteetako jabeari. Washingtongoarekin batera, beste egunkari batzuk ere eskuratu ditu; Graham familiak, berriz, Washington Post Companyren beste negozio batzuei eutsi die, hezkuntzakoei eta telebistei, esaterako.

Bezosek eta The Washington Post-ek bereganatu dute komunikabideen arreta, baina AEBetako paperezko komunikabideetan salerosketa handiak egin dira egun gutxian: The New York Times-ek Boston Globe saldu zion larunbatean John W. Henryri, Liverpool futbol taldearen eta Red Sox beisbol taldearen jabeari; Newsweek aldizkaria International Business Times (IBT) Media enpresak erosi du egunotan; iazko martxoan Chris Hughesek, Facebooken sortzaileetako batek, Washingtongo The New Republic astekaria erosi zuen; eta aipatzekoa da Warren Buffet inbertsiogileak ere prentsaren aldeko apustu nabarmena egin zuela iaz, haren inbertsio funtsa, Berkshire Hathaway, egunkariak eta aldizkariak erosten ari baita iaztik; 63 erosi ditu guztira. Buffettek prentsa lokalaren alde hitz egin du, komunitate indartsuak dauden lekuetako «erakunde garrantzitsuenak» direlako eta luze iraungo dutela uste duelako. AEBetako beste bi egunkari ezagun, Los Angeles Times eta Chicago Tribune, salgai daude; Sam Zell jabeak saldu egin nahi ditu.

Carlos Slim mexikarra, munduko pertsona aberatsena, The New York Times-en bigarren akzioduna da. 250 milioi dolarreko mailegua ere eman zion egunkariari (187 milioi euro). Ez merke, %14ko interesarekin.

Erosketa 'merkeak'

Merke erosi dituzte: Bezosek 250 milioi dolarren truke Washingtongoa; John W. Henryk 70 milioi dolar ordainduta Bostongoa (52 milioi euro). The New York Times-ek 1993an 1.100 milioi dolar ordaindu zuen Boston Globe-ren truke (826 milioi euro).

Boston Globe-k 141 urteko historia du. Newsweek-ek 80 urtekoa. The Washington Post-ek 2010ean saldu zuen Newsweek, dolar baten truke. Urtarrilean aldizkariak paperean argitaratzeari utzi zion, salmentak jaitsi zirelako (garai batean hiru milioi ale saltzera iritsi zen). Gaur egun, The Washington Post-ek 475.000 ale inguru saltzen ditu egunero, eta Boston Globe-k, 245.000.

Buffet The Washington Post-eko bigarren akzioduna da, administrazio kontseiluan lekua dauka, eta bazekien Graham familiak egunkaria saldu nahi zuela; baina ez du erosi. Buffetek berak Donald Graham egunkariko presidenteari esan zion Bezos dela AEBetako zuzendari exekutibo onena.

Buffett eta Bezos biak oso aberatsak izateaz gain, biek paperezko prentsaren heriotza iragarri dute. «Hogei urte barru ez da paperezko egunkaririk egongo», esan zuen Bezosek azaroan. Hala ere, biek inbertitu dute dirua prentsan.

Aberastasunaren %1

Bezosek negozioa egiteko erosi al du? 250 milioi dolar gastatu ditu, bere aberastasunaren %1 inguru. 25.000-28.000 milioi dolarreko aberastasuna du (19.000-21.000 milioi euro) eta munduko pertsona aberatsenen artean hemeretzigarrenlekuan dago, Forbes aldizkariaren arabera. Bezos ohituta dago Amazonen diru gehiago gastatzera: 2009an 775 milioi dolar gastatu zituen Kiva biltegietako robot ekoizlea erosteko.

Gehienek aitortu diote Bezosi luzera begira lan egiten duela, ez dela berehalako irabazien eta diru sarreren morroi, eta horrek mesede egingo diola The Washington Post-i. Hasteko, ez die azalpenik eman beharko akziodunei eta ez du akziodunen presiorik izango etengabe irabaziak exijitzeko.

Bezosek erosi du The Washington Post, ez Amazonek. Hala ere, pentsatzekoa da bi enpresen arteko elkarlana indartuko dutela, Amazonen eskarmentua eta Amazonen Kindle irakurgailu elektronikoaren arrakasta, egunkaria bultzatzeko. Gehienek ekuazio berean sartzen dituzte Interneteko denda, irakurgailua eta egunkaria. Bezos Silicon Valleyko arrakastaren ikurretako bat da, baina beste ekintzaile arrakastatsu batzuekin alderatuta, Bezosek produktu ukigarriak salduz lortu du arrakasta, liburuak batez ere.

Negozioa egitekoaz gain, aberatsek egunkariak erosteak baditu beste arrazoi batzuk ere. Boterea. Iritzi publikoa. The Washington Post erosteak indarra eta boterea emango dio Bezosi Washingtonen, herrialdeko hiriburuan.

Oraingoz, Bezosek egunkariko langileei aurreratu die datozen urteetan aldaketak egin beharko dituztela. Internet albisteen negozioaren elementu guztiak aldatzen ari dela eta, ondorioz, zerbait berria «asmatu» beharko dutela eta, horretarako, ezinbestean, «esperimentatu». Ez du zehaztu nola. Iazko azaroan esandakoaren arabera, Bezosentzat, prentsaren etorkizuna tabletei lotuta dago: «Jendeak ez du ordainduko albisteak webgunean irakurtzeagatik. Hori ez da aldatuko. Baina zenbait pertsona prest daude egunkarien harpidetzak ordaintzeko, baina tabletetan. Eta etorkizunean tableta bat egongo da etxe guztietan».

Bezosek, beste hainbatek behin eta berriro egiten duten ñabardura ere egin zuen. «Paperezko egunkariak desagertuko dira, baina kazetaritza, ez. Jendeak testu eta informazio onak irakurri nahi ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.