Premiazko ez diren jardueretan, apirilaren 14an itzuliko dira lanera

Sanchezek erran du konfinamendua apirilak 26tik areago luzatuko dela. Alarma egoera berriak ez du etengo industria jarduera

Pedro Sanchez, koronabirusaren batzorde teknikoaren bileran. ESPAINIAKO GOBERNUA
Berria
2020ko apirilaren 4a
14:02
Entzun

Alarma egoera apirilaren 26 arte luzatzea eskatuko dio Ministroen Kontseiluak Espainiako Kongresuari. Pedro Sanchez Espainiako Presidenteak egin du iragarpena. Adierazi du gizarteak «birusari aurre egiteko behar duen denbora» dela.

Sanchezek argi erran du apirilaren 26tik aitzinera ere konfinamenduak indarrean jarraituko duela, baina nabarmendu du egoera ona bada pixkanaka leunduz joango dela. Sanchezek iragarri duenez, ez dute luzatuko industriaren geldialdia, eta, beraz, aste santuaren ondotik industria berriz ere ohiko jarduerara itzultzen ahalko da. Premiazkotzat jotzen ez zuten jarduera ekonomiko oro geldiarazteko dekretu bat onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta, Sanchezen esanetan, dekretu horrek datorren asteazkenera arteko indarra izango du. Aste Santuko egunak izango dira ondoren, eta Hego Euskal Herrian jai denez astelehenean, asteartean itzuli ahalko dira lanera industrian eta eraikuntzan; hilaren 14an, beraz.

«Behin Aste Santua igarota, alarma egoerak jarraituko du salbuespenezko neurririk gabe», azaldu du Sanchezek. Haatik, erantsi du itzulera hori «kontrolatu» egingo dutela.

Gizartearen bakartzeak bere fruituak eman dituela nabarmendu du Sanchezek, eta koronabirusaren krisia hasi zenetik lehen aurrerapausoak eman direla. Hala ere, arreta ez galtzera deitu du: «Erlaxatzeak hasieraren aurreko egoera okertu dezake». Gizarte osoari eskerrak eman dizkio, eta jendearen jarrera ona txalotu du. 

 Etorkizunari begira jarrita, gizartea egunerokora «pixkanaka» itzuliko dela iragarri du Sanchezek. Nabarmendu du aditu talde bat lanean ari dela egoera hori prestatzeko, eta plan bat idazten ari direla. 

Esker oneko mezuak izan ditu Sanchezek autonomo eta enpresarientzat. Orain artean koronabirusaren ondorioak leuntzeko politikak egiten ari direla erran du. Alta, azpimarratu du krisi hau bigarren fasean sartzean martxan paratuko dituztela ekonomia berriz bere onera itzultzeko politikak. «Krisi honek ez du inor atzean utziko», adierazi du, irmo.

Koronabirusak sortuko duen gizarte krisiari aurre egiteko, alderdi politiko eta agente sozialen inplikazioa eskatu du Sanchezek. Moncloako itunei egin die erreferentzia, eta horiek berriz egiteko lan eginen duela nabarmendu du. Prentsa aitzinera atera aurretik, alderdi nagusietako buruak deitu ditu Sanchezek. Pablo Casado alderdi popularreko buruak babesa adierazi dio Twitter bidez. Alta, kritika ere luzatu dio Sanchezi: «Leialtasunak eta batasunak eraginkortasuna eta gardentasuna eskatzen dute». 

Begirada Europan

Europara luzatu du begirada Sanchezek. Koronabirusaren krisia Europa guztiari erasaten ari zaiola nabarmendu du, eta denek batera egin behar diotela aurre. Europar estiloko Marshall Plan bat behar dela nabarmendu du Sanchezek: «Bada garaia Europako instituzioek bertako herritarrak babes ditzaten». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.