Bihar, hau da, apirilaren 28a da berez Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna, baina sindikatuek atzoko eguna baliatu zuten mobilizazioetarako. CCOO Bilbon manifestatu zen; ELA, Bilbon eta Iruñean; eta LAB, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Laneko osasuna ezberdin ikusten dute, baina hiru eragileek nabarmendu dute faktore komun bat: prekaritatea.
Prekaritateaz gain, beste faktore batean jarri zuen arreta bakoitzak: LABek emakumeen egoera nabarmendu zuen; ELAk eskatu zuen minbizia sortzen duten produktuak enpresetatik ateratzea , eta CCOOk baldintza txarrekin lotu zituen lan heriotzak.
LAB ezkor agertu zen Hego Euskal Herriko zenbakiekin. Istripuen ondorioz hildako jende kopurua onartezina dela salatu zuen Ibon Zubielak, Lan Osasunerako arduradunak, eta lanaren eraginez gaixo daudenen kopuru handiena daukala erkidegoen artean.
Horrez gain, emakumeen egoera nabarmendu zuen Zubielak: «Sexuaren araberako lanaren banaketak segregazioa sortzen du. Emakumeak ezin dira baldintza beretan sartu lan merkatura, eta enplegu jakin batzuetara kondenatzen ditugu, zeinetan ez diren kontuak hartzen arriskuak».
Bilbon, Mutualiaren aurrean egin zituen mobilizazioak LABek, aseguru etxeen lana salatzeko. Salatu zuen maskulinoa den langilearen profila erabili ohi dela, inplizituki, arriskua baloratzeko edo ikertzeko garaian. «Beharrezkoa da aldaketa bat kontuan hartuko dituena espezifikotasun biologikoa eta sexuaren araberako lan banaketa».
ELAk manifestazioak egin zituen Iruñean eta Bilbon. Nabarmendu zuen ezen, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren arabera, lan istripuan hiltzen den langile bakoitzeko beste 35 hiltzen direla lanaren eraginez sortutako gaixotasunen ondorioz.
Lantegietatik minbizia sortzen duten produktuak kentzea jarri zuen helburu sindikatuak.2018an, Europako Batasunean akordioa egin zuten produktu gehiago debekatzeko lanlekuetan. Hala ere, neurria indarrean jartzeko, arloko ministroek eta Europako Parlamentuak berretsibehar dute. «Produktu horiek enpresa guztietatik desagertu behar dute», azaldu zuen Peio Igeregik, ELAko Lan Osasunerako arduradunak. «Kontua ez da produktu horiekin lan egiteagatik gero zer plus edo ordainsari jaso behar duten langileek». Era berean, prekaritatearekin lotu zuen Igeregik produktu horiekin lan egin beharra. «Ezin dugu ahaztu langile horiek askotan ez dutela jasotzen behar duten trebakuntza».
CCOO ere Bilbon mobilizatu zen. Kritiko agertu zen Loli Garcia, Euskadiko CCOOko idazkari nagusia, lan istripuen igoera hazkunde ekonomikoarekin eta lanpostu gehiago sortzearekin lotu baitu: «Kausa nagusiak hauek dira: prekaritatea, negoziazio kolektiboaren galera eta zenbait eragileren gaitasun falta langileen eskubideak defendatzeko».
Lan mota berriak jo zituen begiz Garciak, istripuen erantzule zuzen moduan ikusten dituelako. Hainbat hutsune aurkitu zizkien merkatuan sortzen dabiltzan lan berriei, besteak beste, kanpoan uzten dituztelako langileak prestatzea eta lan istripuak saihesteko hartu beharreko neurriak.
Jaurlaritza, konprometituta
Segurtasunik gabe kalitatezko enplegurik ez dagoela adierazizuen atzo Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburuak. Haren ustez, «lan arloaren funtsezko ardatza da laneko segurtasunaren eta osasunaren prebentzioa».
Jaurlaritzak oinarri horiekin konprometituta segitzen duela argitu zuen, horretarako Osalan eta 2015-2020 eperako estrategia bidaide hartuta. «Euskal gizarteak duen kulturan txertatu nahi ditugu segurtasuna eta osasuna».
San Josek esan zuen etorkizunean gardentasun politikan segituko dutela, baita prebentzio ordezkariak prestatzen eta istripu edo gaixotasun profesional guztiak ikertzen ere Osalanen edo Lan Ikuskaritzaren bitartez, aurrerapausoak emateko. «Lan eta Justizia Sailarentzat eta Jaurlaritza osoarentzat, urteko egun guztiak dira apirilaren 28a».
Prekaritatea jomugan, laneko osasunaren egunaren atarian
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguneko mobilizazioak egin dituzte ELA, LAB eta CCOO sindikatuek. Jaurlaritzak martxan dauden tresnen eraginkortasuna goraipatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu