Lan osasuna

Laneko osasunean prebentzioa jorratzea premiazkoa da, sindikatuen arabera

LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, Hiru eta CGT sindikatuek salatu dute langileek osasuna jokoan ipintzen dutela, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Iruñean laneko mugikortasun istripuen inguruan egin dute protesta. LAB
Iruñean laneko mugikortasun istripuen inguruan egin dute protesta. LAB
pettan uralde
2024ko apirilaren 25a
14:30
Entzun

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, Hiru eta CGT sindikatuek mobilizazioak egin dituzte gaur hegoaldeko hiriburuetan eta irmoki salatu dute langileek beren osasuna jokoan ipintzen dutela. Nabarmendu dute munduan milaka langile hiltzen direla egunero, istripuz eta laneko gaitzen eraginez, eta Euskal Herria ez dela salbuespena.

Azken urteetan patroi bera errepikatu dela nabarmendu dute: «Heriotza kopuruan ere ez dago etenik, eta 70 hildakoen muga gertu dugu urteak joan eta urteak etorri». Aurten ere datu «beldurgarriak» gailentzen ari direla azpimarratu dute: Euskal Herri osoa aintzat hartuta, 2024an dagoeneko 21 lagun hil dira lan istripuetan.

(ID_17140468761525) Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna
Donostian sektore feminizatuek eta zaintza lanetan diharduten langileek bereziki pairatzen dituzten arrisku psikosozialen inguruan egin dute protesta, gaur. LAB

Datu horiek sistemaren beraren «iruzurra» agerian uzten dutela adierazi dute. Laneko gaitzak ez direla aitortzen salatu dute, eta, sistematikoki, langileak Osasunbidera eta Osakidetzara bideratzen direla, eta ez mutualitateetara. «Horrela, mutualitateen bidez aitortuak izan ez daitezen lortzen dute. Horra hor beren amarrua. Adibide gisara, urtero, batez beste, ez da dozena bat laneko minbizi aitortzen».

Prebentzio sistemak «porrot» egin duela azpimarratu dute, «patronalak araudia bete gabe 30 urte daramatzalako», eta prebentzio araudia gutxien betetzen den araudia dela salatu dute. Haien ustez, horren adibide da Hego Euskal Herrian 62 inspektore baino ez egotea, 50 Araban Bizkaian eta Gipuzkoan eta hamabi Nafarroan.

21

Zenbat lagun hil diren lan istripuetan. Euskal Herri osoa aintzat hartuta, 2024an dagoeneko 21 lagun hil dira soilik lan istripuetan.

Igandeko Eusko Legebiltzarreko bozak ere izan dituzte gogoan. Iñigo Urkulluk 2012ko abenduan Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu zuenetik istripuz 444 langile hil direla nabarmendu dute sindikatuek. Legegintzaldi berriari begira, eremu horretan ere, aldaketa «beharrezkoa» dela esan dute. «Ikuskari kopurua handitu behar da, eta ikuskaritzak areagotu. Legea betetzen ez duten enpresei isunak ezarri behar zaizkie. Arriskuak areagotzen dituen lan baldintzen prekaritateari aurre egin behar zaio. Prebentzio legea betetzen ez duen patronalari erantzukizuna exijitu behar zaio».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.