Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, praktiketan aritutako urteak kotizatu ahalko dira erretirorako. Erabakiak unibertsitateko ikasle ohiei, Lanbide Heziketako ikasle ohiei, eta goi mailako irakaskuntza artistikokoei eta kiroletako profesionalei eragingo die.
Kotizatutako epea kontuan hartuko da erretiro pentsioak jasotzeko orduan, ezintasun iraunkorreko pentsioetan eta heriotzagatiko kalte ordainetan. Langabezia laguntza jasotzeko, ordea, ez.
Gehienez bost urte kotizatu ahal izango dira, eta praktiketan aritutako hilabete bakoitzeko gutxieneko kotizazioa ezarriko da —290 euro gehienez—. Gizarte Segurantzak zehaztuko du eskatzaile bakoitzak zenbat ordaindu behar duen. Ordainketa aldi bakarrean edo zatikatuan egin daiteke.
Urte hasieratik, soldatarik gabeko praktikak kontuan hartzen dira erretirorako. Araudi berriarekin, urtarrilaren 1a baino lehenagoko mota horretako praktikaldiak ere berreskuratu ahal izango dira. Soldatapeko praktikaldiei dagokienez, berriz, 2011ko azaroaren 1a baino lehenagokoak izan behar dute. Izan ere, egun horretan soldatapeko praktikaldiak kotizatzen hasi ziren, orduko gobernuak egindako lege bati esker. Data horien aurretik egindako praktikaldi guztiak kotizatu ahal izango dira, eta ez dago antzinatasun mugarik.
Enpresaren ziurtagiria
Praktiketako urteak berreskuratzeko, praktikaldi horiek egin direla egiaztatu behar da. Horretarako, praktikak egindako enpresak agiri bat egin beharko du, azalduz praktika ordainpekoak izan ziren ala ez, eta zenbat egun iraun zuen praktikaldiak.
Araudi berria Espainiako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabeteko lehen egunean sartuko da indarrean. Eta eskatzaileek bi urteko epea izango dute, 2026ra arte. Pentsioen erreforman adostu zuten araudi berria.