Pradalesek dei egin die enpresaburuei gutxieneko soldata propioaz negoziatzera

Iragarri du Jaurlaritza txosten bat prestatzen ari dela gaiari buruz. Lehendakariak uste du «ziurgabetasun egoera honetan» beharrezkoa dela «gai konplexuei heltzea».

Imanol Pradales, hitzaldia eman aurretik, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Pradales, hitzaldia eman aurretik, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
gotzon hermosilla
2025eko otsailaren 26a
14:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek uste du «ziurgabetasun egoera honetan» beharrezkoa dela «gai konplexuei» heltzea, eta dei egin die eragile sozioekonomikoei «gai konplexu» horien inguruko negoziazioari ekiteko. Gai horien artean, gutxieneko soldata propioa aipatu du: haren ustez, beharrezkoa da horretaz ere sindikatuak eta patronala «mahai baten inguruan esertzea, hitz egitea, negoziatzea eta, posible bada, akordio bat bilatzea».

Deia egunkariak antolatutako topaketa batean egin ditu Pradalesek adierazpen horiek. Bere hitzaldian, patronalak eta sindikatuek jokatzen duten «rol garrantzitsua» aitortu du, eta dei egin die «arduraz» jokatzeko: «Beharrezkoa da mahai baten inguruan esertzea, gai konplexuei heltzea, korapìlatsuak izanik ere, eta elkarrekin urratsak egitea, guztion hobe beharrez».

Haren esanetan, badaude «lauzpabost gai», eragile sozioekonomikoen ahalegin hori eskatzen dutenak, eta haien artean beren-beregi aipatu du gutxieneko soldata propioaren auzia. Izan ere, sindikatu nagusiek proposamen bat egin dute horren inguruan, eta dei egin diete patronalaren erakundeei negoziazio mahaira bil daitezela horretaz eztabaidatzeko, baina patronalak orain arte muzin egin dio negoziatzeari. Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere «ekidistantzia alboratzeko» deia egin diete sindikatuek, eta eskatu «presioa» egin diezaiotela patronalari lanbide arteko akordio bat lortzeko bidean.

Pradalesek uste du «denek» egin behar dutela urratsa bide horretan: «Denok busti behar dugu: inork baino lehen, Jaurlaritzak, eredu izanik; baina eragile sozioekonomikoek ere bai». Iragarri duenez, Jaurlaritza prest dago bere hondar alea jartzeko, eta txosten bat lantzen ari da, negoziazio prozesu horri «egiaztatutako informazioa baliatuz» ekin ahal izateko.

Bestelako gaiak

Gutxieneko soldata ez ezik, beste gai batzuk ere aipatu ditu Pradalesek, negoziazio mahai baten inguruan ebatzi beharrekoak: produktibitatea areagotzea, absentismoa, lan osasuna eta gazteen soldata eta lan baldintzak. Horiek guztiek «eragile sozioekonomikoen arteko etengabeko negoziazio eta elkarrizketa esparruan» egon beharko lukete, lehendakariaren ustetan.

«Negoziatzera eseri nahi ez dutenei, esertzeko» eskatu die Pradalesek, eta «gai jakin batzuen inguruan hitz egin nahi ez dutenei, horiei heltzeko». Baina deialdi orokorrago bat ere egin du lehendakariak: haren iritziz, beharrezkoa da prozesu horretan eragile guztiak «malguak» izatea eta zenbait kontutan «amore» ematea: «Herrialdearen lehiakortasuna dago jokoan, eta, langintza horretan, eragile sozioekonomikoak bidelagun izatea behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.