Pradalesek batasuna eskatu du, «zoritxarreko garaiei erantzun kolektiboa emateko»

Merkataritza gerrari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak 2.000 milioi eurotik gora aktibatuko ditu lehen neurri sortan.

Imanol Pradales, Mikel Jauregi, Noel D'Anjou, Mikel Torres eta Amaia Barredo sailburuekin gaur, Industria Defenditzeko Taldearen bilkuraren aurreti. JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA
Imanol Pradales Mikel Jauregi, Noel D'Anjou, Mikel Torres eta Amaia Barredo sailburuekin, gaur, Industria Defendatzeko Taldearen bilkuraren aurretik. JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA
Irune Lasa.
2025eko apirilaren 9a
18:35
Entzun 00:00:0000:00:00

«Pertsonak, enplegua eta gure enpresak babestuko ditugu, ez zaituztegu bakarrik utziko. Ahal dugun guztia egingo dugu». AEBek piztutako merkataritza gerraren ondorioei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak 2.150 milioi euro baino gehiago aktibatuko ditu lehen neurri sortan, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur Miñaon azaldu duenez, Industria Defendatzeko Taldearen hirugarren bilkuran.

Lehendakariaren arabera, Estatu Batuetako Gobernuaren muga zerga politika berriak «zuzenean eragingo die kontserben, ardoaren, eta esnekien sektoreei». Jaurlaritzak aktibatuko duen diru horretatik 105 milioi euro inguru enplegua babesteko izango dira: kontratazioa sustatzeko, langabezia prestazioak osatzeko aldi baterako erregulazioan dauden langileentzako, eta langileak berriz kualifikatzeko muga zergek kaltetutako sektoreetan. Milioi eta erdi ezohiko laguntzak emateko erabiliko dira, muga zerga berrien ondorioz zuzeneko galera ekonomiak izan dituzten lan sozietate eta kooperatibentzat. 

Kopuru handiena, 2.000 milioi euro baino gehiago, enpresentzat izango da, «batez ere enpresa ertain eta txikientzat», eta aipagarria da 450 milioi euroko aparteko plan bat aktibatuko dutela Elkargirekin eta euskal finantza erakundeekin lankidetzan, zuzeneko abalak eta finantzatzea eskaintzeko. Euskal Finantza Aliantza bultzatzeko, berriz, 1.000 milioi euro jarriko dituzte; eta handitu egingo dute industriari laguntzeko kopurua, 533 milioi euro jarriko baitituzte. Nekazaritza, abeltzaintza eta mahastizaintza eta ardogintza sektoreei 5,5 milioi euro jarrita lagunduko diete, eta 25 milioi euro Nekafin programak hartuko ditu, Finantzen Euskal Institutuarekin lankidetzan. 

Pradalesen ustez, Washingtonek ez badu bidezko akordio bat onartzen, Europak irmotasunez erantzun behar du, eta bere defentsa komertzialaren babesa aktibatu

Aurretik egin izan duen bezala, enpresei merkatu berriak bilatzen ere lagunduko die Jaurlaritzak. Orotara 32 milioi euro izango dira. Pradalesek, bere hitzaldian, «Asian, Afrikan eta Mercosurren merkatu berriak zabaltzeko eta aliantza estrategikoa sendotzeko beharra» azpimarratu du.

AEBekin merkataritza gerra izateko arriskuaz, lehendakariak uste du Europak bide diplomatikoa agortu behar duela, «baina herrialde gisa prest gaude datorrenari aurre egiteko».

Horregatik, Pradalesen ustez, Washingtonek ez badu bidezko akordio bat onartzen, Europak irmotasunez erantzun behar du, eta bere defentsa komertzialaren babesa aktibatu. «EAE prest dago, ikasi dugulako kanpotik etorritako kolpeei nola aurre egin: pandemiak, Ukrainako Gerrak eta 2008ko krisi ekonomiko finantzarioak azkar eta eraginkortasunez erreakzionatzen erakutsi digute».

«Zoritxarreko garaiei erantzun kolektiboa emateko», batasunerako deia ere egin du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. «Kaltetuak ez zarete bakarrik egongo. Babes hori modu bateratuan emango dugu: Jaurlaritzak, euskal enpresek, indar politiko ezberdinek, eragile sozialek eta herrialdeko erakundeek. Herri gisa erantzun behar dugu, denok batera. Azkartasuna eta bizkortasuna erantzunean, baina presarik gabe».

Nafarroako Gobernua ere neurriak prestatzen ari da, baina oraingoz ez du ezer iragarri. Espainiako Gobernuak merkataritza arloko sektore arteko bilerara deitu ditu erkidegoetako gobernuak biharko, eta, Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilariaren arabera, nahiago dute itxaron. «Nahiago dugu mahai gainean informazio guztia izan, eta, horren arabera, pentsatzen hasi zer neurri har ditzakegun hemen Nafarroan».

ELA ez da izan bileran

Industriaren defentsarako bilkuraz, ELA sindikatuak uste du bileraren helburua Jaurlaritzaren, Confebasken eta sindikatuen arteko adostasuna irudikatzea dela, «eta gutxienez ELAren aldetik ez dago adostasunik». ELAk ez du bileran parte hartu «helburu propagandistikoak» dituelako. «ELAk ez du adostasun faltsurik elikatuko».

Sindikatuak dio «oinarrizko desadostasun estrategikoak» dituztela ELAk eta Jaurlaritzak industria politikari dagokionez, eta gogoratu du 2.300 milioi euroko funts bat sortzeko proposamena helarazi diola Jaurlaritzari, «industria ereduaren trantsizioari ekiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.