Pradales AEBetan da, Trumpen politikek EAEn zer ondorio izan ditzaketen neurtzeko

Jaurlaritzako lehendakariak Ameriketako Estatu Batuetara egiten duen lehen bidaia ofiziala da. Zenbait bilkura eta topaketa izanen ditu egunotan politika eta ekonomia munduko pertsonekin.

Imanol Pradales, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Pradales, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko martxoaren 10a
13:59
Entzun 00:00:0000:00:00

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Ameriketako Estatu Batuetan da egunotan. Ozeano atlantikoaren beste aldera egiten duen lehen bidaia ofizialean «sare politiko eta ekonomiko berriak josi» nahi dituela erran du Jaurlaritzak. Donald Trump AEBetako presidentearen politikek Euskal Autonomia Erkidegoan zer ondorio izan ditzaketen ere neurtu nahi du. Besteak beste, IBM enpresa bisitatuko du, eta Solomon Guggenheim fundazioaren arduradun nagusiekin elkartuko da. 

Astelehen arratsalde honetan iritsiko da Washingtonera, eta, han, harrera egingo dio euskal komunitateari. Bihar, AEBetako hiriburuan dauden euskal enpresekin bilera egingo du. Horrez gain, beste bi bilkura ere eginen ditu, John Garamendi Alderdi Demokratako biltzarkidearekin eta James E. Risch Alderdi Errepublikanoko senatariarekin. Euskal jatorrikoa da Garamendi, eta AEBetan «euskal lobbya» babesten duen «gizon garrantzitsutzat» dauka Jaurlaritzak. «Euskadiren eta Estatu Batuen arteko hartu-emanak erraztu ditu, hemengo eta hango administrazio eta enpresen arteko zubiak eraikiz», adierazi dute ohar batean, Barack Obama eta Bill Clinton AEBetako presidente ohien laguna dela azpimarratuta. Rischek, berriz, Boisen finkatuta dagoen euskal komunitatea zuzenean ezagutzen duela azpimarratu dute. «Etxe Zurira itzuli denetik Donald Trumpek abian jarri duen politika berriari buruz dauzkaten inpresioak eta Euskadiko ekonomian eta enpresetan izan ditzakeen eraginak partekatuko dituzte Imanol Pradalesekin», Jaurlaritzaren hitzetan. 

Arratsaldean, Kapitolioko Bakearen Parkean 2016an landatutako Gernikako Arbolaren kimua bisitatuko du lehendakariak, eta, ondoren, hainbat irakasle eta ikaslerekin elkartuko da George Washington Unibertsitatean, School of Media & Public Affairs topaketan.

New Yorkera ahaldun nagusiekin

Asteazkenean, New Yorkera joko du Pradalesek, eta han Solomon R. Guggenheim fundazioko arduradun nagusiekin bilduko da. Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia izanen ditu berekin. New Yorkeko euskal komunitatearekin elkartuko da ondoren.

Ostegunean bukatuko du bidaia. Egun horretan, IBM enpresa bisitatuko dute Jaurlaritzako ordezkariek; Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere parte hartuko du bisitan. Informatikarekin lotutako erremintak, programak eta zerbitzuak ekoiztu eta merkaturatzen dituen enpresa multinazionala da International Business Machines. Jaurlaritzaren arabera, euskal erakundeen «aliatuetako» bat da IBM, BasQ estrategia abiarazteko orduan. «Ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak zuzentzen du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin batera, eta Euskadi munduko hub kuantiko nagusien artean kokatzea du xede», adierazi dute. «Urte askotan lan handia egin da ikerketa kuantikoan, mailarik altuenean, horregatik dago Euskadi hain ondo kokatuta arlo honetan». IBM enpresak Europako nodo kuantikoa EAEn izatearen aldeko apustua egin izana goraipatu dute.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.