Helene Ryckmans. Valoniako parlamentaria

«Posible da oraindik ere Valoniako Parlamentuak CETA ituna ez berrestea»

Ecolo alderdi berdeko parlamentariak Kanadaren eta EBren arteko akordioaren aurka egin du lan. Europako justiziari legezkoa den edo ez galdetu nahi diote, behin betiko bozkatzeko prozedurari ekin aurretik.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gonbidatuta, Eusko Legebiltzarrean egon da asteon Helene Ryckmans (Mbanza-Ngungu, Kongoko Errepublika Demokratikoa, 1959). Ecolo alderdi berdeko Valoniako parlamentaria da.

Joan den urtean CETA itunaren sinadura blokeatzeagatik bihurtu zen ezagun Valoniako Parlamentua. Aspalditik zetorren lana, ezta?

2014. urtean hasi ginen Kanadaren eta EBren arteko akordioa aztertzen. Dosier bat egiteko batzordea egin zen. Hogei saio eta 43 hizlari pasatu ziren. GKEak, sindikatuak, nekazariak, edo legelariak. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta handiagoa izan da itunaren aurkako jarrera.

Balio izan zuen lanak ondorioetan bat egiteko?

Alderdi batzuk —PS sozialista, Ecolo, eta Langileen Alderdia— hasieratik kontra geunden. Sozialisten gobernu bazkideak, CDHko kristau humanistek, jarrera aldatu zuen lanak aurrera egin ahala, eta babestu egin zuen CETAren kontrako iritzia. Geuk proposatu genuen ebazpen bat itunaren aurka. Lau alderdiek elkarrekin egindako lanari esker, 2016ko apirilean ebazpen irmo bat hartu zuen parlamentuak, CETAri ezetz esateko.

Valoniaren ezezkoa ezagututa ere, Europako Batzordeak aurrera egin nahi izan zuen, eta sinadurari eguna ere jarri zion. Nola interpretatzen duzu gertatutakoa?

Parlamentu guztiek guk adina lan egin beharko zuketen ituna ondo ulertzeko, eta, hala, oposizio handiagoa egongo zatekeen. Erabakitzeko prozesua Europako Batasunean oso itxia da; ez da oso demokratikoa. Zalantzak agertu izan zituzten Alemaniak edo Austriak. Gainera, gurean gizarte zibila oso antolatuta dago, eta asko mobilizatu zen kalean, parlamentuari agintzeko aurka bozka zezan.

Presioak jaso zenituzten kanpotik, ezezkoa zela eta?

Parlamentariok ez zuzenean, baina Valoniako Gobernuak bai. Hala onartu du Paul Magnette ministro-presidente sozialistak, batez ere Belgika barrutik. Ezezko horri esker lortu zen zuzenean Kanadarekin negoziatzea, eta itunari adierazpen batzuk gehitu zitzaizkion, hainbat atal zehazteko.

CETAri gehitu zitzaizkien adierazpen horiei nolako balioa ematen diezu?

Akordioaren puntu batzuk argitzen dituzte. Negoziaziotik gobernua atera zen esanez irabazi egin zuela, baina ez dira hainbesterako ere. Itunean zegoen ezer ez zuten aldatu. Garrantzi handiagoa ematen diogu gobernuak Belgikako Gobernuarekin adostu zuenari. Hau da, Europako justiziari galdetuko zaiola ICS inbertitzaileen eta estatuen arteko gatazkak erabakitzeko auzitegi sistemaren legezkotasunari buruz.

Galdera aurrejudizial hori aurkeztuko zela zegoen hitzartuta, baina ez da oraindik egin. Zer gertatu da?

Nik neuk ere ez dut ulertzen zergatik atzeratu den. Magnettek berak zioen ezinbestekoa zela, baina egin gabe segitzen du.

CETAri adierazpenak gehituta ere, zure alderdiak, Ecolok, itunaren aurka segitzen du.

Bai, noski, baina sozialistek ere jarraitzen dute kontra, hasiera batean. Magnette bera Kanadan egon berri da, eta joan den ostiralean esan zuen oraindik posible dela Valoniak ituna ez sinatzea.

Valoniak baimena eman zion Belgikari akordioa sinatzeko, baina ez du oraindik berretsi. Nola dago prozesua?

Akordioa, ICS eta puntu batzuk kenduta, behin-behinean sartu da indarrean, oso demokratikoa ez den zerbait. Valoniatik aparte, Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak ere galdera egin dio Europako Justizia Auzitegiari. Ziur aski, berretsi edo ez bozkatu aurretik, epaia atera arte itxarongo dugu, eta hori bizpahiru urte barru gerta daiteke.

Posible da oraindik Valoniak CETA ez berrestea?

Bai, oraindik posible da. 2016ko apirilean adostutako ebazpenak argi ezarri zuen hamalau puntu aldatu ezean, ez genuela ituna berretsiko. Soilik CETA berriro negoziatuko balitz alda liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.