Portuko akordioa, gertuago

Bilboko portuko zamaketariek eta Bilbo Estiba zamaketa enpresak berreskuratu egin dute galdua zuten harremana, Lan Ministerioarekin eginiko bileran. Eskakizunak idatziz aurkeztu behar dituzte

Itsasontzietara kargatu beharreko edukiontziak pilatuta, Bilboko portuko lautadan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Bilboko portuko bakea gertuago dagoela dirudi. Zamaketarien lan gatazka konponduko denik esateko goizegi da, baina konpontzeko bidean egon daiteke. Espainiako Lan Ministerioaren bitartekaritza erabakigarria izaten ari da, eta zamaketarien langile batzordeak eta Bilbo Estiba zamaketa enpresak batzen dituen elkarteak galduta zirudien harremana berreskuratu zuten atzo Madrilen. Giro adeitsuan eginiko bilera bat izan zen, eta bi aldeek euren eskaerak eta proposamenak elkarri idatziz bidaltzeko konpromisoa hartu zuten. Hilaren 30ean bilduko dira berriz, Bilbon.

Portuko gatazkan gorriz markaturiko eguna zen atzokoa. Lan Ministerioak ezarritako bide orriko lehen mugarri handia. Zamaketariek, enpresek eta Veronica Martinez Espainiako Lan zuzendari nagusiak bilera egin zuten ministerioan. Aurretik langileak eta enpresak bi aldiz bilduak ziren Bilbon, baina bitartekaria egoteak jarrerak gerturatzea erraztu zuen. Era berean, nabarmentzekoa da azken egunetan tentsioa asko baretu dela. Zamaketariak lanera itzuli dira 57 eguneko grebaren ondoren, eta Bilbo Estibak ez du gauzatu egin nahi zuen aldi baterako lan erregulazioa.

Zamaketariak gustura gelditu ziren Martinezen lanarekin. Zortzi orduko bilera izan zen, eta negoziazioa erraztu zutela iritzi diote. Sindikatuen eskaerak, gainera, asko sinpletu dira grebak iraun duen tartean. Badakite portuko lan asko liberalizatu egin direla, eta, testuinguru horretan, kontratu mugagabea duten 315 zamaketarien lanpostua ziurtatu dadila eskatzen dute; eta poltsa historikoko behin-behineko 103 langileak apurka finko bilakatzen joan daitezela hamabi urte daramatzate egun bateko kontratuak pilatzen. Atzoko bileran egutegiaren eta lan banaketaren inguruko xehetasun teknikoetan sakondu zuten, eta orain zamaketariei dagokie lana antolatzeko eskaintza bat bidaltzea enpresari.

Enpresak ere baditu etxeko lanak. Zamaketariek bere gain hartu ditzaketen ardurak zeintzuk diren zehaztu behar dute. Gatazka puntuetako bat dira portuko lurreko lanak, itsasontziekin harreman zuzena ez dutenak, alegia: kamioiak kargatu, haiek gidatu... Liberalizazioaren ondorioz, lan horiek ezin dira zamaketarien lan itunaren bidez arautu. Horrek, baina, ez du esan nahi egin ez ditzaketenik, edota akordio bidez zehaztu ezin daitezkeenik. Lan horiek zamaketarien jardunaren %30 inguru dira, eta haiek egiteko eskubiderik gabe zaila da zamaketari guztien lanpostua bermatu ahal izatea.

Asko dago oraindik zehazteke, baina hurrengo bilerak noiz izango diren erabakita dago. Hilaren 30ean Bilbon elkartuko dira, eta urtarrilaren 13an, berriz ere Madrilen. Enpresen zein zamaketarien idatzizko eskaintzak izango dira bilera horien oinarria, eta hortik irten beharko litzateke konponbide posiblea.

Bilera horietan akordiorik ez balego, orduan bai katramilatuko litzateke portuko egoera. Bilbo Estibak eta Portuko Agintaritzak behin baino gehiagotan esan dute begi onez ikusiko luketela arbitrajearen aukera. Lan Ministerioak, ordea, ez du gustuko bete beharreko laudoaren formula, greba eskubidea urratzen duelako. Zamaketariak ere ez dira fio laudoarekin, eta, beharko balitz, berriz ere grebekin hasteko prest leudeke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.