Portugal: %10ean, eta irauten

Gobernuak NDFri mailegu berezi bat eskatu ezean, bankuek ez dute zor publiko gehiago erosiko

2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Jose Socrates lehen ministroaren dimisioak sortutako ezegonkortasun politikoa, rating agentziak ematen ari zaizkion egurra eta erreskatearen mamua; denak kontra ditu Portugalek. Zorra erostearen truke inbertsiogileek eskatzen dioten errentagarritasuna da horren erakusgarri: atzo ere marka berria egin zuen, bost urtean itzultzeko bonoengatik %10etik gorako interesa eskainita. Hamar urterako bonoak, erreferentziatzat hartzen direnak, hortik behera ibili ziren, ia %9an; adituek onargarritzat jotzen duten mailatik gora, hala ere. %7 gaindituz gero erreskatea ia saihestezina dela diote haietako askok. Portugalek ezezkoan tematuta jarraitzen du oraindik.

Azken bi hilabeteotan, izugarri handitu da Portugalen zorraren errentagarritasuna. Eta horretan, zerikusi zuzena izan dute rating agentziek. Otsailaren 15az geroztik, hiru rating etxe nagusiek —Standard&Poors, Moody's eta Fitch— behin eta berriz jaitsi diote kalifikazioa. Ibertsiogileei zorra itzultzeko duen gaitasunaren arabera ezartzen dute nota. Beraz, nota jaitsi ala handitu egiten dira herrialdearekiko zalantzak, eta horrek interes tasa handiagoak eskaintzera behartzen du. Horixe gertatu zitzaion atzo ere, Moody'sek koska bat jaitsi baitzion kalifikazioa, A3tik Baa1era.

Dena dela, Moody'sen irudiko, Portugalek oraindik badu gaitasuna inbertsiogileekin dituen konpromisoak betetzeko, haren zorra erostea arrisku moderatua duen inbertsiotzat jotzen baitu. S&Pek eta Fitchek, ostera, arrisku handiko inbertsiotzat dituzte, azken asteetan ia zabor bono izaera eman baitiete.

Diru merkatuen presioarekin nahikoa ez balu bezala, herrialdeko hiru finantza erakunde handienek —Banco Espirito Santo, Millennium bcp eta BPI— ultimatuma eman diote jarduneko gobernuari. Laguntza eskatzen ez badu, zor publiko gehiagorik ez dutela erosiko esan diote. Laguntza diotenean, ordea, ez dira erreskateaz ari, Nazioarteko Diru Funtsari epe motzerako mailegu berezi bat eskatzeaz baizik. Bigarren hiruhilekoan inbertsiogileekin dituen konpromisoak betetzen lagunduko lioke diru horrek. Uste dute, hori lortzera, merkatuen presioa baretuko litzatekeela, gutxienez gobernu berria osatu arte. Ekainaren 5erako deitu dituzte hauteskundeak.

Gainditu beharreko azterketa

Hil honetan eta hurrengoan azterketa garrantzitsua du Portugalek, 9.000 milioi euro itzuli behar baititu. Carlos Costa Pina Altxorreko Estatu idazkariaren arabera, ez dago kezkatzeko arrazoirik, momentuz ekainera arteko dirua ziurtatuta dutelako. Kosta egiten da Costa Pinaren hitzak itsu-itsuan sinestea, baina, egia izanda ere, horrek arazoa bi hilabetez baino ez luke arinduko. Handik aurrerakoa gobernu berriaren ardura izango da. Hark bilatu beharko diru iturri berriak, eta hark erabaki beharko du erreskatea eskatu ala ez. Beharrezko ikusten badu, «dudarik egin gabe» eskatuko duela aurreratu du Pedro Passo Coelho oposizioko alderdiko buruak. «Herrialdea alferrikako arriskuak edo urtetan buelta eman ezingo dien gastuak bere gain hartzera behartu aurretik eskatuko diet laguntza Europak batasunari eta Nazioarteko Diru Funtsari».

Hauteskundeak egin bitartean, Socratesen gobernuaren lana da «herrialdeak dituen konpromisoak betetzeko baldintzak jartzea». Zentzu horretan, gobernu sozialistak NDFri urgentziazko mailegu bat eskatzea erabakitzen badu, ekimena babestuko duela ziurtatu du Passos Coelhok.

Erreskatea eskatuko balu, EBk eta NDFk jarritako baldintzak onartu beharko lituzke Portugalek, Greziak eta Irlandak egin zuten modu berean. Baldintzak onartu eta agindutakoa egin, erreskatatutako herrialdeen bilakaera oso gertutik gertutik jarraitzen baitute bi erakundeetako ordezkariek. Egunotan Dublinen da EBk eta NDFk bidalitako ordezkaritza bat, Irlandako Gobernuak iragan azarotik hona egin dituen urratsak aztertzen eta balioesten. Ordezkaritza horren bisita maileguaren interesa jaisteko eskatzeko baliatuko du Eamon Gilmore Irlandako Atzerri Gaietarako ministroak. Irlandarri 85.000 milioi euro utzi zizkioten, %5,8ko interesarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.