«Porrota litzateke gehiengoa intentsiboa balitz»

maddi ane txoperena iribarren
Ainhize-Monjolose
2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren elikadura burujabetza xede, Berhokoirigoinek ez du hain gaizki ikusten Ipar Euskal Herriko egoera. Hegoaldean bertzelakorik da, baina proiektu interesgarriak ere badaudela dio.

Ipar Euskal Herriko laborantzari buruz ikerketa bat egin duzue.

Gazi-gozo da errealitatea. Baditugu puntu azkarrak: baserri kopurua, gazteen instalazioa, lurraren okupazioa... Mendia da Iparraldeko laborantzaren bihotza. Badira iniziatiba anitz kalitatezko desmartxer buruz, eta itxaropena ematen dute, zeren eta laborantza dibertsifikatzen baitute. Baina baditugu ere puntu ezkorrak:zenbat lur galtzen den, kostaldean batez ere, baina barnealdean ere. Gune zailenak zikintzen dira, eta balio ekonomiko eta soziala galtzen dute. Mendiaren baliatzeak 500 lanpostu ekartzen ditu. Elementu berria da; badira zenbakiak erakusten dutenak horren inportantzia.

Zergatik da garrantzitsua?

Ikusi da etxalde ttipiek gehiago lanpostu badutela besteek baino. Eta horiek direla gehienik desagertzen direnak. Bada ideologikoki ikuspegi bat baserriak handiago eta efikazago direla ekonomikoki, eta hektareaka ez da hala. Beren diskurtsoa da laborantza efikaza, konpetitiboa; baina zer da eraginkortasuna? Ez dugu itsutu behar, eta behar dugu baliatu hori proposamenak egiteko.

Eta Hego Euskal Herrian, zer?

EHLG bezala baditugu harreman instituzionalak, eta gero laborariekilan bada Euskal Herriko mugimendu bat, bi zangoren gainean oinarritzen dena: elikadura burujabetza eta laborantza iraunkorra. Nik ditudan elementuen arabera, iruditzen zait Hegoaldea orokorki hartzen baldin bada laborantza bipolarizatzen ari dela osoki. Alde batetik, laborantza industrial eta intentsibo bat, eta, gero, beste laborantza bat gehiago elikadura burujabetzaren inguruan. Bipolarizazio hori azkarrago da han hemen baino. Eta hartako interesatzen ditugu Hegoaldekoak. Baina ez dugu errezeta magikorik.

Zein bilakaera ikusten duzu?

Hemen agian ez da horrela izanen. Guretako porrota litzateke Iparraldeko laborantzaren gehiengo nagusia bihar intentsifikatua balitz. Beti izanen dira biak, baina non izanen den pisu nagusia; hori da jokoan dena.

Posible da, beraz, elikadura burujabetzara iristea?

Uste dut posible dela, ez da dudarik. Eta Hegoaldean ere gauzak ez dira kondenatuak. Mugimendua antolatzen baldin bada, baditu perspektibak. Eredu iraunkorrak sortzen ahal du laborari izateko gogoa, horrek baitu dimentsio kualitatibo bat besteak ez duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.