Porrot egin dute EBren 2021-2027 aurrekontua adosteko negoziazioek

Urrun segitzen dute bi aldeek: aberatsek diru gutxiago jarri nahi dute, eta pobreek, gehiago jaso. Ez dute egunik zehaztu beste bilera bat egiteko

Merkel, Michel, Macron eta EBko beste buruzagi batzuk, atzo, Bruselan. YVES HERMAN / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Huts egin du Europako Batasunaren datozen zazpi urteetarako aurrekontua adosteko lehen saioak.«Hau demokrazia bat da» hitzekin justifikatu du porrota Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. «Herrialde bakoitzak bere ikuspuntua du, bere lehentasunak [...]. Batzuetan, gauzek denbora bat behar dute ontzeko, eta oraingoa da kasu horietako bat; ez gara iritsi, baina bide onean goaz». Bide hori egin nahian jarraituko du hurrengo asteetan Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, aurrez aurreko elkarrizketetan. Oraingoz, ordea, ez dute egunik zehaztu EBko 27 gobernuburuen beste saio baterako.

Porrota esperotakoa zen, ohikoan bi goi bilera behar izan dituztelako EBko buruek aurrekontuei buruz akordio bat lortzeko. Proportzioan ez da hain handia batasunaren aurrekontua —bilioi bat eurotik gora 2014-2020an—, baina hura adosteak buruko min handiak ematen ditu, estatu kide bakoitzak bere parlamentuei eta iritzi publikoari saldu behar dielako ahalik eta etekin handiena atera diola negoziazioari. 2021-2027 kontuetakoa ez da salbuespena izaten ari, eta badu zailtasun gehigarri bat: Erresuma Batua EBtik atera da, eta hark hurrengo zazpi urteetan jarri beharreko dirua —75.000 milioi euro, gutxi gorabehera— faltako da kontuak egiteko.

Bi talde handi

Diru horretaz ahaztea proposatu zuten jaso baino sos gehiago jartzen duten herrialde aberatsek—Danimarkak, Herbehereek, Austriak eta Suediak—. Zehazki, nahi zuten ENG errenta nazional gordinaren %1 jartzea. EBren kutxaren onuradun nagusiek—Kohesioaren Lagunak deitutakoak, EB hegoaldeko, erdialdeko eta ekialdeko hamazazpi estatu kide—, berriz, nahi zuten ENGaren %1,3 jartzea —Europako Parlamentuak eskatutakoa—, edo, gutxienez, %1,1 —Batzordeak proposatutakoa—.

Erdibideko proposamen batekin iritsi zen bilerara Michel: nazio errenta gordinaren %1,074 jartzea eskaini zuen. Aurrekontu horrekin, nabarmen murriztuko lirateke batasunak zenbait politikatara zuzendutako diruak, batez ere kohesio funtsenak eta NPB nekazaritza politika bateratuarenak (-%14).

Europako Kontseiluko presidentearen zenbakiei ezezko borobila eman zieten herrialde aberatsek. Hori ikusita, segurtasunean eta defentsan gutxiago gastatzea eta aberatsenen ekarpena murriztea proposatu zuten Michelek eta Von der Leyenek, arratsalde hasieran landutako testu baten bidez. Mugimendu horrek huts egin zuen. Aberatsenek ez zuten onartu, eta Kohesioaren Lagunen haserrea eragin zuen. Emmanuel Macron Frantziako presidentea ere ez zen gustura azaldu, asko murrizten zuelako berak babestu nahi duen atala, nekazariena.

Gutxi iraun zuen proposamen horrek mahai gainean. Bilera hasi eta ordu erdira amaitutzat eman zuen Michelek, ikusita ez zegoela inolako aukerarik ados jartzeko. Etsipena ezkutatzen saiatu zen: «Bilera oso baliagarria izan da. Ondorioak atera ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.