Poloniako PFR funtsak Talgo osorik erosi nahi du

Ez du prezioaren inguruko xehetasunik eskaini, baina esan du prest dagoela bere egoitza sozialari eta burtsako kotizazioei eusteko. Pesaren eta Talgoren arteko balizko sinergietan ere egin dute azpimarra, negoziazioa euren aldera ekartzeko.

Talgoren egoitza nagusiko fatxada, Madrilgo Las Rozas hirian, artxiboko irudi batean. J. P. GANDUL / EFE
Talgoren egoitza nagusiko fatxada, Madrilgo Las Rozas hirian, artxiboko irudi batean. J. P. GANDUL / EFE
Kerman Garralda
2025eko otsailaren 8a
17:15
Entzun

Talgo erosteko eskaintzak aurkezteko epemuga gerturatu ahala, interesatuak euren hautagaitzak aurkezten ari dira: ostegunean Sidenorrek mugitu zuen fitxa, atzo Indiako Jupiter Wagonsek eta gaur Poloniako PFR funtsak. Ohar bidez esan du Euskal Herrian sortutako enpresa osorik erosi nahi duela, akzio bakoitzeko zenbat ordaintzeko prest dagoen zehaztu ez duten arren.

Sidenorrek Trilantic inbertsio funtsak Talgon duen partea bakarrik erosi nahi du. Hau da, akzioen %29,8. Guztira 177 milioi euro inguruko eskaintza litzateke, akzio bakoitzeko 4,15 euro, eta beste 0,65 zentimo hainbat aldagairen arabera. Jupiter Wagonsek ez zuen zehaztu ez zein parterengatik egingo duen eskaintza ez eta zenbatekoa izango den.

Sidenorrek, ahalmen ekonomikoa baino gehiago, jatorria du bere alde. Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren aukera gustukoena da, konpainiaren sustraiei eusteko. Magyar Vagon konpainia hungariarrak eskaintza hobea egin zuen, bost euro akzio bakoitzeko eta %100agatik, baina Madrilek salerosketa geldiarazi zuen «segurtasun nazionaleko arrazoiengatik eta arrazoi estrategikoengatik». Horri aurre egiteko, PFR prest agertu da egoitza sozialari eta burtsako kotizazioari Espainian eusteko. «PFR jakitun da Talgorentzat eta Espainiarentzat nolako garrantzia duen bere jatorriak mantentzeak».

«Euskal erroak» ere aipatu dituzte. Horregatik, bertako inbertsiogileei eskua luzatu diete berriz. Urtarril bukaeran egin bezala, berriro adierazi dute prest daudela beste inbertsiogile txikiago batekin lankidetzan jarduteko, zuzenean inor aipatu gabe. Sidenor bera izan daiteke, edo CAF: Beasaingo (Gipuzkoa) tren ekoizleak Solaris autobus konpainia poloniarra erosi zuenean, PFR haren bazkide bilakatu zen inbertsiogile minoritario gisa. Halere, CAFek ez du imintziorik egin Talgo bereganatzeko.

Aste honetan, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean esan zuen ahaleginak egingo dituela Talgoren erabakigunea atzera Arabara ekartzeko. «Talgok arima arabarra du, jatorri arabarra. Nire ustez, funtsezkoa da lan egitea haren egoitza hona itzul dadin».

Egun, Talgok egoitza nagusia Madrilgo Las Rozas hirian dauka, eta lantegi bat eta mantentze lanetarako tailer batzuk ere baditu Espainian. Euskal Herrian Ribabellosako (Araba) lantegiri eusten dio, 700 langilerekin.

Handienak izan nahi dute

Pesa Bydgoszcza Poloniako tren ekoizlearen jabea da PFR funtsa, eta orain Euskal Herrian sortutako enpresa batu nahi du taldera. Pesaren eta Talgoren arteko baturak Europan «lider» izateko aukera emango liekeela azpimarratu dute, «Europako Batasuneko merkatu gehienetan esperientzia» duten bi konpainia direlako.

Hala, kalkulatu dute Talgok negozio ahalmena handitzeko aukera izango lukeela. Europa erdialdeko eta ekialdeko merkatuetan sartzeko abagunea ikusten dute. Produktuen «gama zabala» osatuko luketela ere nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.